Steilas

Euskararen aurkako oldarraldiaren aurrean erantzun bateratua eta irmoa eman behar dugu

Haizea Arbide Aza eta Itxaso Piquer Insausti
2026ko maiatzaren 7a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Azken hilabeteotan areagotu egin dira euskararen aurkako erasoak, bereziki eremu judizialean. Epaitegietatik iritsitako hainbat sententziak zalantzan jarri dituzte tokiko erakundeek hizkuntza normalizazioaren alde egindako urratsak, euskararen ezagutza edo erabilera eskatzea diskriminatzailea balitz gisan.

Eraso hauek ez dira kasualitate hutsa, ez dira gertakari isolatuak, estrategia baten parte dira, gaztelaniaren nagusitasuna bermatzeko helburua duena, gure lurraldeko hizkuntza propioaren kaltetan. Euskararen normalizazio prozesuak oztopo sistematikoak aurkitzen ditu oraindik, eta behin eta berriz egiten du topo oztopo estrukturalekin; horrek agerian uzten du berdintasun linguistikoa ez dela oraindik errealitate bat. Gainera, hizkuntza eskubideak bigarren mailan uzten direnean edo zuzenean urratzen direnean, ez zaio soilik hizkuntza bati kalte egiten, herritarren oinarrizko eskubideak urratzen dira, gizartearen justizia eta kohesioa ahulduz.

Hezkuntza arloan, Steilasek egunero ikusten du zein garrantzitsua den euskararen presentzia gizartean bermatzea. Ez da nahikoa euskararen normalizazioa legeetan soilik aipatzea, praktikan ere bermatu behar da, baliabideak jarriz eta borondate politikoa erakutsiz. Horregatik, ezinbestekoa da administrazioari gaiarekiko duen erantzukizuna exijitzea, bai legeak bermeekin garatzerakoan, bai euskararen erabilera sustatzeko neurri eraginkorrak abiarazterakoan.

Bizitzen ari garen eraso antolatu honek erantzun kolektibo bateratu eta indartsu bat eskatzen du. Horregatik, uste dugu maiatzaren 9ko manifestazioa aukera paregabea izan daitekeela euskararen aldeko komunitateak bat egin eta hemen gaudela argi adierazteko

Era berean, sindikatu eta alderdi politikoen inplikazioa ezinbestekoa da. Euskarafobiak ez du lekurik gure gizartean, eta horri aurre egiteko aliantzak behar ditugu. Ezin dugu onartu hizkuntza bat bestearen gainetik sistematikoki jartzea, are gutxiago hizkuntza gutxitu baten kasuan.

Azkenik, erantzun sozialaren garrantzia nabarmendu nahi dugu. Tokian tokiko mobilizazioek balio handia dute, baina bizitzen ari garen eraso antolatu honek erantzun kolektibo bateratu eta indartsu bat eskatzen du. Horregatik, uste dugu maiatzaren 9ko manifestazioa aukera paregabea izan daitekeela euskararen aldeko komunitateak bat egin eta hemen gaudela argi adierazteko.

Beraz, Steilasek dei egiten die hezkuntza komunitateari eta herritar guztiei mobilizazioan parte hartu dezaten. Euskararen defentsa guztion ardura delako, eta etorkizuna eraikitzen ari garelako. Maiatzaren 9an kaleak bete ditzagun euskaraz!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA