Pertsona bat nekatuta eta zapuztuta hurbildu da Arartekoarenera, familia-medikuak ez baitu euskaraz artatzen, aukeratutako hizkuntzan, C1 (EGA) hizkuntza-eskakizuna egiaztatuta izan arren. Osakidetzak ofizialki erantzun du profesionalak euskara herdoildua duela erabilera faltagatik eta ez dela gai hizkuntza horretan arreta emateko. 20.000 biztanleko herri euskaldun bateko beste guraso batzuek konta didate euren seme-alabak gaztelaniaz baino ez dituztela artatzen C1 profila duten herriko bi pediatrek, eta gurasoek itzultzaile lanak egiten dituztela 4 urteko haurrak gaztelaniaz hitz egiten hasi arte. Beste esparru batzuetan, polizia edo justizia kasurako, euskaldun batzuek adierazi didate ez dutela pentsatu ere egiten arreta euskaraz eskatzea, badakitelako zailtasunak baino ez dizkietela ekarriko.
Hizkuntza aukeratzeak berebiziko garrantzia dauka. Norberaren izaeraren parte da. Arartekoaren ustez, gurea bezalako komunitate elebidun batean zerbitzu publikoek eman beharreko gutxieneko kalitate-baldintza izan beharko luke hizkuntza erabilerak.
2024an argitaratutako VII. inkesta soziolinguistikoko datuek Euskadin euskararen erabilera normalizatzeko politikek gizartean sortzen duten babesa islatzen dute, baita enplegu publikora sartzean euskararen ezagutza egiaztatzeko beharrari buruzko adostasuna ere (lau hiritarretik hiruk babesten dute).
Zalantzarik gabe, gure gizartean aurrerapausoak eman dira euskararen ezagutzari dagokionez, eta euskara areagotu da hiri-eremuetan eta eremu formaletan. Hala ere, oraindik alde handia dago hizkuntzaren ezagutzaren eta eguneroko erabileraren artean, bereziki zerbitzu publikoetan, horixe baita Ararteko gisa egiten dudan lanari dagokion eremua. Besteak beste, Arartekoari dagokio euskal herritarrek EAEko administrazio eta zerbitzu publikoekiko harremanetan dituzten hizkuntza-eskubideak defendatzea. Eskubide horiek hizkuntza-ofizialtasun bikoitzaren araubidearen ondorio dira.
Lege-araubide hori 1978tik aurrera ezarri zen Konstituzioan eta Gernikako Estatutuan. Euskararen erabilera normalizatzeko legea 1982an onartu zen, gure historiako babes sozial eta parlamentario handienaren bitartez. 5.2 artikuluak honako eskubide hau ezartzen du: «Administrazioarekin edota Autonomia Erkidegoko edozein erakunde edo entitaterekin harremanak euskaraz zein gaztelaniaz izateko eskubidea, ahoz nahiz idatziz».
Eskubide horrek kexa gehienen tramitazioa egituratu du. Kexa gehienak Arartekoarengana jotzen duten pertsonenak izan dira, zerbitzu publikoetan arreta euskaraz jasotzeko eskubidea bermatzen ez zaielako; hori horrela, askotan, hizkuntza aukeratzeagatik diskriminatuak izan dira.
Lege horren helburua euskara normalizatzea da, juridikoki hizkuntza gutxitutzat jotzen baita gaztelaniaren aurrean; hala zehazten du, halaber, gure ordenamendu juridikoan 2001az geroztik indarrean dagoen Eskualdeetako edo Hizkuntza gutxituen Europako Itunak 7.2 artikuluan: eskualdeetako edo hizkuntza gutxituen aldeko neurri bereziak hartzea, hizkuntza horietako hiztunen eta gainerako herritarren arteko berdintasuna sustatzeko, ez da diskriminazio-ekintzatzat hartuko hizkuntza zabalduenetako hiztunekiko.
Horrek esan nahi du nazioarteko arauak berak legitimatzen dituela euskararen normalizaziorako politika publikoak, hasiera-hasieratik euskararen eta gaztelaniaren erabileraren artean izan den desberdintasuna zuzentzera bideratuak.
Urte hauetan guztietan, kexak izapidetzean, Arartekoak kontuan hartu du euskararen normalizazioak hizkuntza gutxitu gisa dituen progresibotasuna eta lege-moldagarritasuna, eta kasu bakoitzean hizkuntza-normalizazioko planen garapen-maila aztertu du, euskaraz eta gaztelaniaz artatua izateko eskubidea gauzatzeko eskakizun-maila zehaztu ahal izateko, hori baita hizkuntza-normalizazioko prozesuen azken helburua.
Horrek esan nahi du, hizkuntza-normalkuntza progresiboko lau hamarkada baino gehiagoko prozesuen ondoren, derrigorrezko hizkuntza-eskakizuna duen lanpostu publiko bati dagokion prozesua amaitu den kasuetan, euskal herri-administrazioek bermatu egin behar dutela herritarrek arreta euskaraz jasotzeko duten eskubidea, bestela sistema horrek ez bailuke jatorrizko zentzurik izango. Horrela, hizkuntza-eskakizun bat egiaztatzearen helburua lanpostu hori euskaraz betetzeko gaitasuna bermatzea da, lanpostu horretan lanean aritzeko beste baldintza batzuekin batera; izan ere, egiaztatzeko betebehar hori bat dator herritarrek zerbitzu hori euskaraz jasotzeko duten eskubidearekin.
Euskara hizkuntza gutxitu gisa normalizatzeko politiketan berrogei urte baino gehiago eman ondoren, Arartekoak uste du iritsi dela garaia gure erkidegoko edozein herritarri zerbitzu publikoetan bi hizkuntza ofizialetako edozeinetan normaltasunez eta erosotasunez arreta emateko eskatzeko, hizkuntza aukeratzeagatik inolako diskriminazio edo karga gehigarririk jasan gabe. Gaur egun, eskakizun hori eskakizun atzeraezina eta saihetsezina bihurtu da, eraginkortasun- eta hurbiltasun-printzipioak errespetatzen dituen kalitatezko euskal administrazio baterako eskubidea behar bezala betetzeko.