Duela egun batzuk, Ricardo Darin Tabakalerako terrazan elkarrizketatzen ari nintzela, aktore argentinarrak bere erantzunetako bat eten zuen. Urumearen bokalera eta atzean igartzen zen itsasoaren urdinera begira geratu zen, eta esan zuen: «Zoragarria da». Nik baietz erantzun nion. Eta gaineratu nuen askotan Donostian jaio eta bizi garenoi ohituraren indarrak ahantzarazten digula zein zorionekoak garen. Hiri honek une ilun asko igaro dituela ere pentsatu nuen, norbaitek bere edertasunaz hitz egiten digunean gogoratu beharko genituzkeenak.
Kazetaritzarekin antzeko zerbait gertatzen zait. Goizero herri honetan argitaratzen diren egunkariak irakurtzen ditut eta euskarazko eta gaztelaniazko irratiak entzuten ditut, gertu eta urrun gertatzen dena kontatzen didatenak. Eta irakurri eta entzun egiten ditut benetan ondare ederra denari garrantzi handirik eman gabe. Egunkariak erredakzioaren mahai gainean egongo direla ziurtzat jotzen dut. Eta ahazten dut Euskal Herrian urteetan kazetaritza lanbide arriskutsua izan zela, egunkariak ixten ikusi genituela eta guk egin beharreko hainbat galdera (ausardia faltagatik) egin gabe utzi genituela.
Aldi berean ikusten dut nola —irratian edo telebistan— kazetari eta analista euskaldunok libreki (norberak noraino aukeratuz) pentsatzen duguna esaten dugun, munduko beste leku batzuetako lankideak horregatik hiltzen dituzten bitartean. Eta prentsa-askatasunaren ikurra izan den herrialdean autoritarismoa kazetariei beren lana egitea eragozten saiatzen eta garai batean «laugarren boterea» bezala ezagutu genuena iraintzen duenean, gogoan ditut Bertold Brechten bertsoak. «Orain nire bila datoz, baina beranduegi da».
Emaitza —salbuespenak salbuespen— sakoneko galderei erantzuteko gai ez den kazetaritza eta azaleko ikuspegi kritiko batekin konformatzen den audientzia izan ohi dira. Kazetaritza ona egiteko tresnarik onenekin, berehalakeria eta klickbeit delakoaren tranpan erori gara
Paradoxikoki, Euskal Herrian dena errazagoa den honetan, denak gutxiago balio duela iruditzen zait. Gure kazetaritzak erreferentzialtasuna galdu du. Baita euskaraz egiten dugunak ere. Urteak dira publikoarekin sinatu genuen kontratu soziala hankaz gora jarri zela. Lehenengo komunikazio kabineteak etorri ziren eta ondoren sare sozialak. Nik uste dut hain nekatuta geundela, amore eman genuela bien aurrean. Informazioen egiazkotasuna, zorroztasuna eta zintzotasuna debaluatuz joan dira, eta gaur egungo kronikan auzo-lotsa eragiten duten gaiak eta planteamenduak biltzen dira. Gure enpresek gai konplexuei buruzko eduki sinpleak eskatzen dizkigute. Itsaspeko gasbide batek eztanda egiten du Atlantikoan, eta ordu erdi geroago ziurtasunak eta azalpenak argitaratzen dira. PISA txostenak hezkuntza-sistema eskasa aurkezten digu, eta hurrengo egunean hogei errezeta ditugu hori nola konpondu jakiteko. Emaitza —salbuespenak salbuespen— sakoneko galderei erantzuteko gai ez den kazetaritza eta azaleko ikuspegi kritiko batekin konformatzen den audientzia izan ohi dira. Kazetaritza ona egiteko tresnarik onenekin, berehalakeria eta klickbeit delakoaren tranpan erori gara.
Gai potoloen kazetaritzaz hitz egiten ari naizela irudi lezake, baina zirimiri hori gertukoenaren, gure eguneroko inguruaren kontakizunean ere sartu da. Askotan ez ditugu errealitateak kontatzen, eraiki egiten ditugu. Errazagoa, erosoagoa eta merkeagoa da. Demokrazia, euskara, identitatea, memoria, gizarte inklusio eta integrazioa, kultura, ingurumena, feminismoa... Gure funtsezko gaiak zentzu kritikotik eta zorroztasunetik jorratu behar dira. Bakartiaren jokoan, tranparik ez. Eta erreferenteak falta direla uste dut. Neure buruari galdetzen diot zein komunikabide eta zein kazetari diren gure lekukoa hartuko dutenek bilatzen dituztenak.
Ez dut uste herrialde txiki batetik kazetaritza ona egitea eta herrialde handi batetik egitea oso desberdinak direnik. Baina euskaraz egitea eta hizkuntza hori errealitate administratibo eta testuinguru sozial oso desberdinetatik partekatzen duen publiko batentzat egitea... hori bai erronka eta lan aparta! Never surrender. BERRIAk gonbidatu gaitu hausnartzera ea gure lana oraindik ere baliagarria den herritar askeagoak egiteko, eta, nire ustez, horrek erakusten du egunkari honek duen kazetaritza eredua.