Ez dago medikurik

2026ko urriaren 16a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Irudikatu bigarren hezkuntzako irakaslea zarela eta zure plaza lau herritan banatzen dela: astelehenean Eibarrera, asteartean Elgoibarrera, asteazkenean Ermura, ostegunean Bergarara eta ostiralean berriro Eibarrera. Lau institutu, lau mintegi, ezagutzen ez dituzun ikasle eta lankideen artean. Pentsaezina, ez baita horrelakorik gertatzen. Ba, atera kontuak, hau Osakidetzan ohikoa da, eta badira horrelako egiturazko plazak lehen mailako medikuentzat: Zornotza, Abadiño, Durango eta Markina-Xemein, dena batera, erretiratu arte. Ez dago medikurik.

Irudikatu mediku egoiliarra zarela eta astero 50 edo 60 ordu pasa behar dituzula lanean, bitartean 24 orduko guardiak eginez, edo 30 ordu jarraian lan egiten. Irudikatu abuztuan 30 egunez lan egingo duzula, zure lanaldi laburrena 12 ordukoa delarik. Horrelakoa da medikuen lana hemen, eta ez dago medikurik.

Irudikatu ertzaina, udaltzaina edo suhiltzailea zarela; Eusko Jaurlaritzak eskainiko dizu autoa edo ibilgailua, edo udalak, edo aldundiak. Ez, ordea, lehen mailako mediku edo erizaina bazara. Kasu horretan zure autoarekin egin beharko duzu lan. Ez gaizki ulertu: behin zure lantokira heldu eta gero, etxez etxeko arreta zure autoarekin eman beharko duzu. Osakidetzak eros zitzakeen lehen mailako arretarako auto elektrikoak, arreta hori bermatzeko, baina horrek gastu itzela ekarriko luke eta ez zaie, beraz, komeni ez zuzendaritzari ezta sindikatuei ere; hobe langileen kontura izatea. Ez dago medikurik.

Irudikatu lanbide garapena; administrazio publikoan hainbeste urte lanean eman eta gero, gutxieneko baldintzak bete ondoren, emango zaizun maila, lehen mailatik laugarrenera. Langile batzuentzat lan egindako denbora da nahikoa. Berdin da ikastarorik egin duten ala ez; berdin da euskara ez badute ikasi; eskatu eta emango zaie. Sindikatuen lanari esker. Medikuei ez, ordea; egoiliar bezala emandako urteak zenbatu gabe, hainbat eskakizun bete beharko dituzte. Niri gertaturikoa adibidez: hainbat urtez lanean, hiru hizkuntza, unibertsitateko graduondokotan irakasle, prestakuntza mordoa, argitalpenak, nazioarteko elkarlana... eta bigarren maila eskuratu, antzinatasun berdina daukan eta beste ezer ez daukan lankide batek hirugarrena jasotzen duen bitartean. Ez dago medikurik.

Irudikatu, hemendik aurrera, ez dela irakasleen ordezkorik bidaliko eskola edo institutuetara. Bat ere ez, betiko. Edo bat erretiratzen bada, bere plaza bete gabe geratuko dela bere lana besteen artean banatzera behartuz

Lehen mailako arretaren krisialdiaz, gainbeheraz edo eraisketaz zerbait entzungo duzu, eufemismoa nolabait, medikurik ez dagoela adierazteko. Andoainen bost edo sei medikuk hamaika medikuren lana egin beharko dute; Arrasaten ere antzera. Irudikatu, hemendik aurrera, ez dela irakasleen ordezkorik bidaliko eskola edo institutuetara. Bat ere ez, betiko. Edo bat erretiratzen bada, bere plaza bete gabe geratuko dela, bere lana besteen artean banatzera behartuz. Ba hori gertatzen ari da Osakidetzan. Egunero. Eta ez dago medikurik.

Hau ez da lehen mailako arretara mugatzen. Beharbada itxaron zerrendan egongo zara: sei hilabete edo urtebete itxaroten, traumatologoarengana edo erreumatologoarengana joateko. Ospitalean ere ez baitago medikurik. Hau ez da medikuntzan bakarrik gertatzen. UEMAk argitaraturiko txosten batean irakurri dugunez, ostalaritzan zaila da langile euskaldunak topatzea. Eufemismoa egia ez aitortzearren: lan baldintza kaskarrak dauzkatela, alegia. Eraikuntzan ere zaila omen, edo garraioan. Izan ere, etorkinek egiten baitituzte bertakoek nahi ez dituzten lanak: garbiketa, ostalaritza, basogintza, zaintza, prostituzioa…eta laster medikuntza. Ez baitago medikurik, eta kanpotik ekarri behar.

Kostu gutxiko edo low cost sasi osasun arreta da gaur egun indarrean dagoena, medikurik gabekoa. Ez dago medikurik, are gutxiago mediku euskaldunik. Kalitatezko eta euskarazko osasun arreta oso garestia baita, eta ez du inork ordaindu nahi. Ezta zuek ere.

Laster greba deialdia dago Osakidetzan. Excusatio non petita agerian, langile guztien alde omen, garbitzaileak, jantokiko langileak, anbulantzietakoak, segurtasun arlokoak eta azpikontratatutako horiek guztiak izan ezik. Ezta medikuak ere, askorentzat gu ez omen baikara langileak. Auskalo zer lortuko duten sindikatu abertzaleek, euskararen aurka gogor ari diren sindikatuekin hala nola sindikatu korporatibistekin batera. Osasun sistemaren egoera ez da hobetuko. Berdin jarraituko dugu medikuok, baita pazienteek ere. Baita azpikontratatuko langileek ere. Nik ez dut grebarik egingo, bai ordea hemendik nire maldiziorik borobilenarekin hornituko, sipula-sipulorum.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA