Idazlea

Ez ditugu haurrak babesten

Idoia Rodriguez Mondragon
2026ko irailaren 26a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Beharbada Lyhanaren bizi bukaeraren berri ukan duzue. Jerome Barrelak, istoriorik gabeko aita sinple batek, 11 urteko haurra bortxatu eta erail zuen maiatzean frantses lurraldean. Fite agertu da akusatuak bederatzi salaketa ukan zituela bortxaketa eta agresio sexualentzat, justiziak ezer egin gabe. Gertakari honek eskandalu bat sortu du frantses lurraldean. Alta, laster ahantzia izanen da eta egoera hori berriz gertatuko da arazoa ez baldin bada errotik hartua. Baina zer egin behar dugu pedokriminalen parean? Kastrazio kimikoa? Heriotza zigorra berriro planteatu?

Errepresioa gogoetaren zentroan kokatzen baldin bada, gaitz horiek baimentzen dituen sistema ez da galdekatzen. Alta, biktimek hitz egiteaz gain, elkarteek edo langile sozialek egoera okertzen dela aspalditik argiki adierazten dute, baina estatuak ez du ahalbiderik proposatzen. Mespretxua urrunago doa: frantses estatuko buruzagien artean erasotzaileak izendatuak izateaz gain, eskoletako jazartze sexual eta bortxaketa gertakarien parean, ministroek begiak hesten dituzte (François Bayrouk bezala 2025ean, Paueko Betharram eskolarekin).

Frantses lurraldean, haur batek hamarren gain intzestua jasaten du. Hots, problema ez da nagusiki ezezagunen eskuetatik etortzen, etxeko ingurumenean kokatzen da. Haien gaizki-egileak, aitak, anaiak, osabak, aitonak edota emazte batzuk izan daitezke. Gure inkontziente kolektiboan, onargarriagoa zaigu irudikatzea gure etsaia kanpoan kokatzen dela, ezezaguna eta atzerritarra dela, baina ez dela gure bizilaguna edo ezagutzen dugun pertsona bat. Erosoagoa da. Sinesmen horiek beldur bat elikatzen dute: kanpotarrarena. Honek, askatasunaren kontrako legeak inposatzeko aukera emateaz gain, gure bikote eta familian gertatzen dena ez kritikatzera ahalbidetzen du. Baina munstrorik ez da. Umeen kontrako erasoak haurrak soportatzen ez dituen ingurumen batek ahalbidetzen ditu.

Frantses lurraldean, haur batek hamarren gain intzestua jasaten du. Hots, problema ez da nagusiki ezezagunen eskuetatik etortzen, etxeko ingurumenean kokatzen da. Haien gaizki-egileak, aitak, anaiak, osabak, aitonak edota emazte batzuk izan daitezke

Gure jendartea helduen gainean zentratzen da. Egunerokotasunean, txikiek ez dute haien hitza ematekorik, gure politika ez da haien arabera antolatua. Kritikatzen ditugu, ez ditugu soportatzen eta arazo bat bezala agertzen dira. Haiek dituzte gaitz gehienak jasaten, alta haiek dira haien burua babesteko ahulenak. Adingabekoak ez ditugu fidagarriak atzematen, baina aspergarriak eta manipulatzaileak bai. Ez ote duzue inoiz entzun norbait erraten ez dituela umeak maite? Diskriminazioa da. Baztertzea, trufatzea, umiliatzea, bortizkeria da eta bortizkeria ez da intzestuan edo bortxaketan mugatzen. Gure sistemak txikiekiko erasoak arrunt eta onargarritzat hartzen ditu.

Gainera, haurren hitza ez da entzuna. Haietariko %2k baizik haien erasotzailea kondenatua ikusten dute (Ikus Ovair the rainbow-ren bideoak). Testuinguru honetan, Barrelaren kasua ez da justiziaren anomalia bat izan. Norma baizik ez da. Pertsona horiek inpunitatean bizi dira. Zergatik? Ahalbide gutxiegi izateaz gain, profesionalak ez dira aski formatuak. Errepresioa geroz eta zorrotzagoa baldin bada, prebentzioa ez da gogoetatua.

Orduan, zergatik zigorraren inguruko ideologia eta heriotza kondena problematikoak ote dira? Estimatzen ahalko genuke justiziaren erantzuna krimenaren neurrikoa izan behar dela. Horrez gain, segurtatzen ahalko genuke erasotzaileak ez duela berriz nehor minduko eta besteek ez dutela arrisku hori hartuko. Baina arrazoinamendu honek muga asko ditu. Adibidez, kriminalek ez dute norbait atakatzen benefizio-arriskuei pentsatuz, baina irudikatuz ez direla inoiz harrapatuak izanen (kondena kopurua ikusiz, egia da). Gainera, etika pentsatzekoa da. Norbait hiltzea eta bortxatzea onartezina baldin bada, bere mailara jausten baldin bagara, zer erraten ahalko genuke gure erantzunaren zuzentasunari buruz? Ohar berdina egin daiteke kastrazio kimikoarentzat: arazo fisikoa konpontzen baldin badu, ez du egoera psikologikoa aldatuko. Beste manera batez pertsonak menperatzeko, tolesteko, mintzeko aukerak atzemanen ditu.

Ikusi dugun bezala, haurren menpekotasuna gure sisteman orokortzen da eta familia eredu askotan, haien gainean erregularki oihu egitea, umiliatzea, jotzea, arrunta bezala agertzen da. Bortizkeria hori normalizatuz, umeek eredu horiek barnatzen, normalizatzen, barkatzen edo birsortzen ahal dituzte helduak bilakatu aitzin. Abusuen biktimak lagundu, babestu eta sinetsi behar ditugu. Profesionalak, burasoak, herritarrak, adingabekoak, onespenaren inguruan formatu behar gara. Prebentzioak errepresioak baino gehiago funtzionatzen du.

Bukatzeko, presondegiak ez du arazoa konpontzen, pertsona horiek psikologikoki lagundu behar dira: pedokriminal askok ez dituzte txikiak hautatzen erakartzen dituztelako, baina heldu batzuk baino ahulagoak direlako eta errazkiago manipulatzen ahal direlako. Psikopata, munstroa, ez da nagusitzen den profila haien artean. Arta, komunikazioa eta prebentzioa eztabaidaren zentroan eman behar ditugu haurrak babesteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA