Bizilagunekin plataformako kidea

Ez onartu hiriaren salerosketa, ez irentsi itxurakeriaren amua

2025eko uztailaren 31
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Azken urteotan Donostian gero eta ozenago entzuten ari gara bizilagunen ahotsa: turistifikazioa gure hiria itotzen ari da. Joan den ekainaren 15ean, ehunka donostiar atera ginen berriro kalera gure bizi baldintzak eta bizimoduak defendatzera. Jendartearen eta auzoen beharrak mahaigainean jartzeko nahiaren beste adierazpen bat izan zen.

Donostia bisitariekin negozio egiten duen makineriaren menpe dago. Sustapen turistikoak eta etxebizitzak euren bizileku funtziotik urruntzen dituzten espekulazioak edo ostatu erabilerek garestia zena ordaindu ezinezko bihurtu dute; etxebizitza larrialdi soziala eragin dute eta donostiar ugariren bizi proiektuak gogor kolpatu dituzte. Ehunka gaztek eta bizilagunek Donostia utzi behar izan dute, eta horrek gure auzoetako ehun sozialean min handia egiten du. Turistifikazioaren ondorioak ez dagozkie ondorio ekonomikoei soilik: hiriko kaleak, gure harremanak, mugikortasuna eta kultura ere merkatuaren zerbitzura jartzen ditu, komunitatearen kohesioa eta dinamismoa elikatu beharrean.

Honen aurrean, erakunde publikoen erantzun bakarra hitz ederrez eta neurri sinboliko murritzez osatutakoa da. Orain turismo eredu «integratzailea, jasangarriagoa, onuragarriagoa, gobernantza kolaboratiboan oinarritua, adimentsua eta iraunkorra» omen dakarkigute. Gainezka egiten dute hitz iradokitzaile zehaztasun gabeek turismoari buruzko dokumentu ofizialetan. Baina auzia zera da: prest al daude turistifikazioarekin aberasten ari direnen negozioari mugak jartzeko, donostiarron hobe beharrez? Prest al daude desazkunde turistikoaren bidea hartu eta turismo jarduerak Donostiako hiri ereduan duen gehiegizko pisua murrizteko neurriak ezartzeko?

Ez doa norabide horretan etxebizitza turistikoen kopurua bere horretan mantentzea; Loiu eta Hondarribiko hegaldien ugaritzea; turismoa sustatzeko azoka, kanpainak eta ordaindutako prentsa erreportajeak finantzatzea; komunitatearen premien gainetik turismoaren azpiegiturei lehentasuna ematea; Bruce Springsteenen kontzertuetarako dirutza publikoa inbertitzea; eta 2030eko Munduko Futbol Txapelketa hirira ekartzea, adibidez.

Besteak beste, azken asteetan tasa edo zerga turistikoaren gaineko propaganda ekintza koordinatua pairatu dugu. Eztabaida urteetan luzatu da, ezarpenaren kontra dagoen industria turistikoaren mesedetan. Dena den, kontua da zerga turistikoak ez duela turismoaren hazkundea zalantzan jartzen. Ziurtzat jotzen da turismoak gure eredu ekonomikoan duen pisuak hazten jarraituko duela, eta horrek eragiten dituen kalteei erantzuteko beharra betikotu egingo dela. Egoera eramangarriago egin nahi digute, edo protestarako arrazoiak konpentsatu, nolabait. Tranpa bat da. Turistifikazioaren kalteak egiturazkoak dira, eta, beraz, egiturazko aldaketaren bidez soilik eman diezaiekegu amaiera. Desazkunde turistikoaren norabidea hartu bitartean, ez da gertatuko gehiengoaren beharren araberako hiri eredurako aldaketa.

Hiri ereduaren aldaketak eskatzen du ohartzea komunitate harremanak eta dinamismo soziala direla Donostiaren eta donostiarron ondare eta ondasun handiena. Horrek esan nahi du auzoetako bizilagunak eta oinarri sozialeko taldeak, lehenik, errespetuz tratatzea. Jendartearen aldeko edonolako jardueratan dabilenari hitza ematea, babesa eskaintzea eta baliabideak bermatzea. Desazkunde turistikoak hiria donostiarron zerbitzura jar dezake berriro, bizilagunon arteko loturak sendotuz eta itxurakeria komertzialetatik harago, bere benetako nortasuna indartuz. Hiriko eta auzoetako bizitza erraztu eta bultzatu behar dugu, behetik gora. Kaleak eta plazak kontsumorako soilik ez, ibiltzeko, jolasteko, atseden hartzeko eta elkar ezagutzeko gune bihurtzea da helburua. Eta hau ez da sinbolikoa soilik; egiturazko aldaketa bat da, eta behar-beharrezkoa.

Donostiako borroka hau ez da bakarra: Europa Hegoaldeko hiri askotan ere badabil antzeko erreakzioa eta norabide aldaketarako grina. Aspaldi turismoa pagotxatzat jotzen zen hainbat lekutan mugara iritsi gara. Eta galdera garbia da: zer nahi dugu gure hirientzat? Inbertsiogileen irabazietarako eta kontsumo masiborako moldatutako resorta izan nahi dugu? Ala zaintzan, ekonomia orekatuan, kulturan eta komunitate loturetan oinarritutako ekosistema soziala? Gure aldetik, erantzuna ere garbia da: desazkunde turistikoa orain! Eutsi diezaiogun aldarrikapenari; antolatu gaitezen bizilagunekin; eraiki ditzagun alternatibak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.