Emakumeei egindako tortura ikaragarriak feminismoaren ikuspegitik aztertzeari buruzko Sorginak, putak, terroristak. Indarkeria matxistaren ertzak: tortura politikoa izenburuko liburua idatzi du Olatz Dañobeitiak. Gai horri buruzko erreportaje sakon eta zirraragarriak agertu ziren BERRIAn eta Argia-n eta, ildo horretan, hausnarketa batzuk egin nahi ditut, horrenbeste sufritu duten emakume torturatuei laguntzeko eta haien sufrimendua betiere kontuan hartuko dugula esateko, horrelako egoerak inoiz berriro gerta ez daitezen.
Hausnarketei hasiera emateko, emakumeek pairatutako torturak feminismoaren ikuspegitik aztertzeko Olatz Dañobeitiak eta beste batzuek egindako azterlanak oso ondo iruditzen zaizkidala esan nahi dut. Feminismoaz gauza handirik ez dakidan arren, emakumeen eskubideen alde eta berdintasunean oinarritutako gizarte zuzenago bat lortzeko mugimendu feministak egindako lanak errespetu handiena merezi dit. Gainera, kasu honetan ikuspegi feminista bat izatea torturatutako emakumeei sufritu duten guztia arintzeko eta haien mina sendatzen saiatzeko lagungarri izan bazaie —BERRIAn eta Argia-n emakume horiek adierazitakoaren arabera, gertatutako bizipen gogorrak feminismoaren betaurrekoetatik aztertzeak asko lagundu die—, asko pozten naiz. Zinez opa diet emakume torturatu horiei etorkizunean zauriak sendatzea eta ahalik eta ondoen bizitzea.
Emakume horiei torturak eragindako guztia eta dauden faktore desberdinak aztertzeko orduan, ordea, ez dut uste feminismoaren analisiak gai mingarri honen ertz guztiak lantzeko tresna guztiak eskainiko dizkigunik. Zergatik esaten dut hori? Oso gertakari zabala eta dimentsio anitzekoa delako tortura. Horregatik, torturaren gaiaren beste alderdi batzuk ere aztertuko ditut, funtsezkotzat jotzen baititut torturak horrenbeste iraun izanaren zergatiak eta amesgaizto horrek gizartean izan duen inpunitatea azaltzeko orduan.
Torturatuei sinestearen edo ez sinestearen gaia aztertzen hasiko naiz. Nik sinesten dizut leloa erabili dugu behin baino gehiago torturatuak izan direnei sinesten diegula adierazteko orduan. Bada, hori da behin betiko argi utzi behar dugun kontua. Ezin dugu eztabaida antzu horiekin jarraitu. Politika eta ideologia guztiak gorabehera, gure herriaren errealitatea ezagutzen duen edonork ondo daki tortura sistematikoa izan dela herri honetan. Francoren diktaduratik duela gutxi arte, tortura izugarriak pairarazi dizkiete atxilotuei poliziek, eta ikusi nahi duenarentzat begi bistakoak dira frogak. Errealitatea ezkutatu nahi izateak ez du balio eta gaiztakeria hutsa da.
Ideologia eta filosofia guztien gainetik hitz egiten dut: guztiz jasanezina zait torturaren gai izugarrian gizartean nagusi izan den ez ikusiarena egiteko jarrera. Moral bikoitz horri esker iraun ahal izan du hainbat hamarkadatan torturak gure gizartean
Kontuz! Inork interpretazio txarrik ez egiteko, honekin ez dut inolaz ere esan nahi torturatuen ideologiarekin eta ezker abertzalearen pentsaerarekin bat natorrenik. Ideologia eta filosofia guztien gainetik hitz egiten dut, eta benetan diot: guztiz jasanezina zait torturaren gai izugarrian gizartean nagusi izan den ez ikusiarena egiteko jarrera. Hipokrisia hutsa besterik ez da eta, pertsona askoren moral bikoitz horri esker iraun ahal izan du hainbat hamarkadatan torturak gure gizartean. Horiek horrela, mea culpa abestu behar dugu guztiok, neu barne, oso sentsibilitate gutxi izan baitugu torturaren gaian.
Torturari lotutako beste gai bat aztertu nahi dut: pertsonengan utzi duen arrasto sakona. Horrela hitz egiten du Olatz Dañobeitiak BERRIAn: «Torturaren beldur izatearen ondorioz, militatzeari utzi diote askok, gaixotu egin dira beste asko, eta zeukaten ehundura soziala desegin da. Hori gertatuz geroztik, isiltasun asko daude: elkarrizketa asko daude oraindik zintzilik, eta bakarrizketa zail asko ere bai». Ez dut uste ezer erantsi behar dudanik. Hitzak argi-argiak dira eta torturatutako emakumeen testigantzek beren kabuz hitz egiten dute.
Bukatzeko, torturatuak izan diren emakume horien oinazeari aurre egiteko, funtsezkoa ez da, nire ustez, jarrera feminista bat defenditzea, emakumeek pairatutako torturen kasuan ere beharrezkoa den arren, baizik eta egiazko jarrera humanista baten arabera jokatzea. Alderdikeria eta ideologia politiko guztien gainetik, torturatutako emakumeei egin zizkieten basakerien kontra argi eta garbi mintzatu diren humanistak izan dira, betiere, Euskal Herrian. Garai batean Setien gotzainak, askotan bakardade osoz, torturen eta giza eskubide guztien urraketen kontra aurrera eraman zuen borroka guztiz eredugarria izan zen, eta gure herriaren historian betirako grabatuta geratuko da.
Setienek bezala jokatu zuten beste batzuk ere badaude: elizaren sektore aurrerakoiak, Elkarri mugimendua, kontzientzia eragozleak eta intsumisoak… Guztiok humanismoan oinarritutako jarrera bat defenditzea da, beraz, gertatu ziren torturak benetan gaitzesteko eta izugarrikeria horiek pairatu zituzten pertsonei, emakumeei kasu honetan, laguntzeko bide bakarra. Eta jakina, torturaz gain, alde guztietan gertatu ziren giza eskubideen urraketa guztiak ere salatu eta aitortu behar dira.