Euskal Herriko Gazte Feministak

Feminismoa lubaki

Laura Iparragirre Uria eta Maddi Sanz Baigorri
2025eko ekainaren 5a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Pobreziak, krudeltasuna eta odolusteak dira nagusi. Pribatizazio neoliberalak, emakumeen lan-karga bikoitzak, atzerritartasun lege arrazista oinarri duten migrazio politika hiltzaileak, etxegabetzeak. Palestinaren aurkako genozidioa. Erregimen politiko heterosexuala. Turisten hiriak, inflazioa eta etxe hutsak. Baliabide naturalen esplotazio neurrigabea eta krisi klimatikoa. Ezegonkortasun prekarioa. Feminizidioak, misoginia eta transfobia. Okupazioaren, gazte independentismoaren eta lurraren defentsaren kriminalizazioak.

Beldurrak gidaturiko subjektu otzanak nahi dituzte, beldurrez gaindi, beldurrez geldi. Beldurraren kulturaren zabalpena baita immobilismorako tresna nagusia. Horretarako, balizko gerraren mamua atera dute eta eskuin muturra erasoaldian da. Mendebaldeko gobernuak gastu militarra ari dira biderkatzen eta ideologia faxistak sostengatzen duen genozidioa ari da gauzatzen Israel.

Pobreziak, krudeltasuna eta odolusteak dira nagusi. Baina ez klase menderatzaileek nahi beste. Ez nahi luketen diskrezioz. Antolatuta dauden mugimenduak baitituzte aurrean. Guk, borrokarako grina, analisi zorrotzetarako gaitasuna eta desobedientzia heredatu ditugu euskal feminismoaren genealogiatik.

Ilusioa eta amorrua, biak praktikatu izan ditugu euskal feminismoaren historian zehar. Eta hala ikasi dugu gureak ez diren gerrei intsumisioz erantzuten. Eta gure aurkako gerrak izendatu eta ikusgarri egiten. Lubaki feministak sortu, defendatu eta zabaltzen. Lur anitzetara moldatzen.

Eta hala goaz irabazten gure gorputzen, herrien eta bizitzen gaineko burujabetza, kontakizuna eta denbora. Epikara eta politikara sarbidea, konspiratzeko nahiz autodefentsarako gaitasuna eta espazio publikoa. Subjektu propioaren eraikuntza, iraultza feministak jarrai dezan.

Lubaki feministetan defendatzen gara feminismoaren aurkako eraso, misoginia moderno eta inkisizio berrituen aurrean. Seinalatze hotz, lege errepresibo eta bortizkeriaren aurrean. Patriarkatuaren izaera sistematikoaren nahiz feminismoaren despolitizazio saiakerei aurre egiteko. Garaipen eta etorkizun feministak blokeatu nahi dituztenei erantzuteko.

Feminismoa lubaki dugunok hitzordu berri bat daukagu urriaren 31tik azaroaren 2ra bitarte Zaldibarren. Euskal Herriko Gazte Feministok Baterajotze berri batera goaz. Garaipenak eskuratzen jarraitzeko unea da, kaleak hartu eta feminismoan antolatzen jarraitzekoa. Konspirazio, borroka eta iraultza feministan jarraitzeko topagunea bilakatuko dugu Zaldibar.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.