Frantziako bozetako lehen itzulia

2012ko apirilaren 26a
00:00
Entzun
Hainbat egiaztapen: Hollandek irabazi du, eta toki hobean geratu da bigarren itzulira begira; Sarkozyk galdu du, eta toki ahulagoan dago bigarren itzuliari begira; Marine Le Penek emaitza oso onak lortu ditu, %18 inguru, haren aitak 2002. urtean bigarren itzulira iragan zenean lortutako ehunekoa baino handiagoa; Melenchonek, Ezkerreko Frontekoak, %12 baino apur bat gutxiago, espero baino eta azkeneko inkestek egotzi baino gutxiago; gainerako hautagaiek —Bayrou, Eva Joly, Dupont-Aignant, Poutou, Arthaud eta Cheminade—, berriz, esperotako ehunekoak lortu zituzten, inkestek agerian utzi bezala.

Askatasuna eta demokrazia estimatzen dugunontzat arazo bat da Marine Le Penek hain emaitza ona lortu izana. Europako eskuin muturreko alderdirik garrantzitsuena bihurtu baitu FN, erreferente politiko bat espektro politiko horretakoentzat. Eta erakusten du bere aitak baino emaitza hobeak lor ditzakeela Marine Le Penek. 2007. urtean gertatutakoaz bestera, erakutsi du gai izan dela presio sarkozystari aurre egiteko. Presidentetzarako aurreko hauteskundeetan, botoen ehuneko handi bat jan zion Sarkozyk FNri, immigraziaoren eta nazio identitatearen alorrean sartuta. Oraingo hauteskundeetan, ahalegindu egin da, baina FNren balizko boto-emaileek Marine Le Peni eman diote botoa; boto fideltasunaren adierazgarri da hori, eta aintzat hartzeko modukoa. Lortutako botoen ehunekoa eta irudian egindako aldaketek aditzera ematen dutenez, puska baterako badago oraindik FN; haren aldeko botoa hutsaldu egin da, eta jende askok ez du inolako eragozpenik hari botoa emateko. Emaitza oso onak lortu ditu gazteen eta gizon eta andre langileen artean. Laurent Bouvet zientzia politiketako irakaslearen ustez, oraindik ere azterketa zehatzagoak egin beharko dira, baina Marine Le Penek langileen botoen %29 lortu ditu; Hollandek, %27; Sarkozyk, %17; eta Melenchonek, %11. Enplegatuen artean, Hollandek botoen %28 lortuko lituzke; Sarkozyk, %22; Marine Le Penek, %21; eta Melenchonek, %12 —hala zekarren Liberation egunkariak, 2012ko apirilaren 23an egin zioten elkarrizketan—. Etorkizunera begira, kontuan izatekoa da Marine Le Pen dela lau alderdi handien presidentetzarako hautagaietatik gazteena, eta horrek jarraitutasuna ematen dio politikan, eta etorkizun handia iragartzen hurrengo legintzaldirako hauteskundeetan eta 2017ko presidentetzarako hauteskundeetan.

Europako eskuin muturra edo, behintzat, haren zati handi bat, modernizatzen ari da. Batzuek, beste batzuek baino gehiago, nolabaiteko loturak dituzte iragan faxistarekin edo joera ezinago kontserbadoreekin, baina ahalegin handia ere egiten ari dira garai berrietara egokitzearren; hori agerikoa da hizpide dituzten gaietan eta horiek jorratzeko darabiltzaten moduetan. Beste idazkiren batean esana dut eskuin muturreko hori etxeko lanak egiten ibilia dela edo ari zela, eta ezkerrak ez dituela egin, zeina faxismoaren kontrako joeran ez atzera ez aurrera gelditua baita, eta ez dator bat gaur egungo garaiarekin. Halako antifaxismoak, gainera, kontzientzia ona sorrarazten dio, baina ez dio balio gaur egun aurre egin beharreko gaiei erantzuteko.

Eskuin muturrekoaren eta populismo nazionalista xenofoboaren kontra borrokatu nahi badugu, ezkerrak ere etxeko lanak egin beharko ditu, eta aintzakotzat hartu beharko ditu alderdi horiek zer esaten duten, nola esaten duten eta zeren ordezkari diren. Eta onartu egin beharko ditu bere ainguratokiak, erreferentzia historikoak, eta Europako eskuin muturrekoak zer itxuraldaketa egiten dituen hizkuntzan: nazional populismoa, Alemaniako iraultza kontserbadorea, faxismo mugimendua, tradizionalismo evolianoa, iparraldekotasuna nazionalismo iraultzailea, identitate joerak, judaismoaren kontrakoa, islamofobia, immmigrazioaren kontrako nazionalismoa, hobespen nazionala, arrazakeria diferentziala, arrazakeria urbanoaren irudi modrnoa, eta abar, eta bar. Eta kontuan izan beharko da, aldi berean, eskuin muturrak «alde gris» ugari duela eskuin tradizional demokratikoarekin batean, eta joera nazionalistekin, ezkerrarekin, eta mugimendu ekologistarekin. Aintzakotzat hartu beharko da haren aldaketa «soziala», eta zer-nola ikasi duten hainbat gairi buruz hitz egiten herritar xumeek ulertzeko moduan.

Orain, bigarren itzuliaren zain egon behar; bigarrengo horren emaitzek, argi eta garbi, Frantziaz baino askoz harago joko dute, eta eragin zuzena izango dute Europako Batasun osoan.

(Erredakzioan itzulia)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.