Heziketa fisikoko irakaslea eta militante transfeminista

Futbol modernoa

Maider Illarregi Fernandez
2026ko uztailaren 17a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Platinik Mbappéri futbola eta politika ez nahasteko eskatu zion Frantziako hauteskundeen testuinguruan Bardellaren alde ez bozkatzeko adierazpenak egin zituenean. Infantinok Trumpi momentuan asmatutako bakearen saria eman zion iaz. FIFAk ICEko hegazkinak erabili ditu zenbait selekzio AEBetan zehar mugitzeko. Nazioarteko Munduko Kopa bat Kyoto, Paris, Kigali, Glasgow, Dubai eta ingurumenaren aldeko beste edozein protokoloren kontrakoa dela dudarik ez daukat.

Hori gutxi ez balitz bezala, hainbat herrialdetako selekzioetan sexu erasoengatik edo eraso matxistengatik epaileen aurrean amaitu duten jokalariak ez dira ez bat, ez bi, ez bost. Lancasterko unibertsitateak ikertutakoaren arabera, emakumeen kontrako biolentziak %26 egiten du gora erasotzailearen taldeak irabazten edo berdintzen duenean; ordea, %38 handitzen da haren taldeak galtzen duenean. Fijatu al zarete zenbat emakume eta zenbat gizon ikusten diren harmailetan?

Txikitako Wallyren bila liburuetan bezala, gaur-gaurkoz ez dut luma heterosexualik ez duen inor topatu oraindik ikusleen artean, ezta jokalarien artean ere. Rajoyk esan du Frantziako selekzioko jokalariak ez direla frantsesak, haien gurasoen jatorriagatik eta batez ere azal kolorearengatik. Espainiako gizon zuri asko beldurrez daude, Lamine Yamalek finalean gola sartuko balu ospatu edo ez. Laporteren inguruan, aldiz, ez dut gauza handirik entzun.

Donostia Kirolak pantaila erraldoia jarriko du Anoetan finala ikusteko eta Euskal Selekzioaren aldeko aldarriak gorantz doaz. Dena aldi berean ari da gertatzen, pilatu zaizkit deserosotasunak.

Lancasterko unibertsitateak ikertutakoaren arabera, emakumeen kontrako biolentziak %26 egiten du gora erasotzailearen taldeak irabazten edo berdintzen duenean; ordea, %38 handitzen da haren taldeak galtzen duenean

Futbola XIX. mendearen amaieran sortu zen, Londresen. Britaniar Inperioak, futbola Europan zehar hedatzeaz gain, kolonialismo garaian ustiatutako lurraldeetara ere zabaldu zuen. Gaur egun, bere horretan jarraituko duen kirol bat da, arauak diskretuki aldatu arren, barne logikak berbera jarraitzen du izaten. Norbert Elias soziologoak aspaldi idatzi zuen kirola gizon zuri arrazionalak sortzeko erabilia izan zela, metropolitik eta herrialde garatuenetik zetorren joko hura erreminta moral eta pedagogiko bezala erabilia izan zela modu erraz eta xamurrean.

Modernitateak eta industrializazioak epe luzerako aldaketak ekarri zituen pertsonengan. Prozesu zibilizatorio horrek gorputz sozial, puntual, koordinatu, subordinatu eta ez-biolentoak izateko eraldatu zituen, betiere Estatuaren mesedetan. Futbola arakatzen badugu, industrializazio garaiko ezaugarri berak beteko dituela ikusiko dugu gaur egun ere: lanaren banaketa, estrategia kolektiboa, biolentzia neurtua eta denboraren kontrola, jokoa erlojuak gobernatzen baitu, gure bizitza bezainbeste. Hasieratik erabaki kontzientea eta politikoa izan zen nork izango zuen jokatzeko eskubidea, nor izango zen ikuslea eta nor izango zen kanporatua.

Gipuzkoan bigarren hezkuntzako irakasle aritu naiz aurten ere. Gorputz Heziketa ikasgaia eman dut. Kirol Zientziak ikasi nituen. Unibertsitate garaian denentzako ezaguna den zerbait irakatsi ziguten: lorpen itzelak pilatzen dituzten kirolari horiek miretsi egiten ditugula, baita erreferente bilakatu ere. Azaldu ez zigutena da erreferentzialtasuna kontzeptu konplexua dela, argitara ekartzen baitu ikusi nahi dugun hori eta itzalean ezkutatuko du interesatzen ez zaiguna. Historian zehar izan dira futbolari errespetatuak, foku azpian pentsatzen eta sentitzen zutena helarazten zutenak.

Goitik beherako erreferentzia hauekin adi ibili beharko dugu zer den argipean jartzen duguna, beti ez baita uste dugun hori eta eklipseetan ikusten dugun modura, gure gazteak itzaletan dauden susmoa geroz eta handiagoa da

Batzuek pilatutako aberastasuna herriari itzuli zieten, beste batzuk eskuin politikekiko eta faxismoarekiko kritikoak izan ziren, badira gerren kontra mintzatu izan direnak eta estaturik gabeko nazioen alde busti direnak ere. Haien izen-abizenak dakizkit oso gutxi direlako, baina existitzen dira.

Ikasturte honetan bizi izan dudan patioa, tamalez, bestelakoa izan da. Hakimi izena bizkarrean harro zeraman ikaslea ezagutu dut; ehun eurotik gorako zapatilak eta kamisetak patio garaiko mundiala jokatzeko janzten zituena ere bai; neskak eta ez-mutilak bazterretan oinez bueltaka lagundu ditut 30 minutu luzez; eta koletilla arrazista eta LGBTIQ+fobikoak entzun ditut irailetik ekainera pike txikienaren aurrean. Goitik beherako erreferentzia hauekin adi ibili beharko dugu zer den argipean jartzen duguna, beti ez baita uste dugun hori eta eklipseetan ikusten dugun modura, gure gazteak itzaletan dauden susmoa geroz eta handiagoa da. Bitartean, finalaz gozatu dezazuela!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA