Gabon jai mikatzak

Gervasio Sanchez
2015eko abenduaren 24a
00:00
Entzun
Aurtengo Gabonak mikatzak izango dira. Antonio Pampliega, Angel Sastre eta Jose Manuel Lopez kazetariak eta lagun handiek Sirian bahituta jarraitzen dute —uztailean bahitu zituzten—. Duela bi urteko Gabonen errepikapena dirudi aurtengoak. Javier Espinosa, Ricardo Garcia Vilanova eta Marc Marginedas kazetariek bahituta iragan zituzten 2013ko Gabonak Siriako infernuan.

FAPE Espainiako Kazetarien Elkarteak senideei kuraiari eusteko mezua igorri die, eta keinu horrek benetan poztu nau. Ongi dakit bahituta dauden lankide eta lagunen senideek esker onez jasoko dituztela halako mezuak.

Badakit Antonio, Angel eta Jose Manuelen familiak, duela bi urte Javier, Ricardo eta Marcen senideek egin

zuten bezala, egoeraren aurrean «adorea eta kemena» ari direla erakusten.

Jakitun naiz, halaber, Cristina Sanchez familien bozeramailea ere itxaronaldia ahalik eta leunena izan dadin ahaleginak egiten ari dela. Askatuko dituzten egunarekin egiten du amets Cristinak, ongi dakit. Guztiok egiten dugu amets egun horrekin, ea azkar iristen den!

Antoniok, Angelek eta Jose Manuelek bazekizkiten Sirian berriemaile aritzearen arriskuak zeintzuk ziren; Javier, Ricardo eta Marcek duela bi urte zekiten bezalaxe. Ondotxo zekiten, ordea, berriemailerik gabeko gerra askoz ere bortitzagoa dela zibilentzat. Gatazka armatuetako egia borobila dute zibilek, eztabaidatu ezin dena. Horregatik merezi du arriskuak guztiak bere gain harturik gerren berri emateak.

Gatazkak dauden tokietan edo botere politiko zein ekonomikoetako txerritegietan ez balego kazetaririk, herritarrak oraindik eta nahastuago leudeke.

Isilean bada ere, gure kideak gogoratzera gonbidatu nahi zaituztet. Topa egin dezagun Gabonetan haien ausardia eta duintasunaren alde. Mugarik Gabeko Kazetarien datuen arabera, 54 lagun daude bahituta gaur egun. Gogora gaitezen guztiez.

(Erredakzioan itzulia)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.