Ez da hainbesteko ezustea izan, Pedro Sanchezek hauteskundeak aurreratu ditu. Bere ibilbide politiko osoan egin ohi duen moduan, epika baten baitan kokatu du bere hil ala biziko erabakia. Oraingo honetan Maricarmen efektua eta etxebizitzaren inguruko gatazka erabili ditu bere ezinbestekotasuna aldarrikatzeko.
Bitartean, Katalunia eta Euskal Herriko talde abertzaleak, Estatu espainiarraren gorabeherekiko lotura estua dutelarik, hasi dira hauteskunde dantzan. Testuinguru horretan, dantza horretan maisu den Gabriel Rufianek PSOEri malminorismoan murgiltzea leporatu dio (zilegi bekit gaitzerdikeria itzulpena egitea).
'Gaitzerdikeria'
Gutxieneko gaitza hautatzea taktika bat da. Korronte politiko batek bere programa indarrean jarri ezin duenean, eta aukera guztiak txarrak direnean, gaitzik arinena aukeratzen du. Bizitzarako ona izan daiteke hautu hau; politikarako, berriz, erabat kaltegarria izaten da. Kaltegarria batik bat sistema aldaketa aldarrikatzen duten talde politikoentzat, euren alternatiba ametsen eremura bidaltzen baitute.
Gaitzerdikeria hilgarria da militantzia politikoa ukan duen talde batentzat. Gogoan dut duela 15 bat urte Ezker Abertzalean kokatzen zen alderdi politiko baten hauteskunde kanpainan erabili zuen leloa: Entzun nahi zaitugu. Afitxa horrek sortzen zuen gu-zu dialektikak politikari profesionalen eta boto emaileen arteko arrakala ontzat ematen zuela iruditu zitzaidan. Herritarrak eskaleak dira, politikoak tartekariak eta tartekari horiek dute erabakimena. Tartekariek informazioa dute, beste politikari profesionalekin mintzatzen dira, negoziatzen dute; diskrezio hitza, kritika ororekiko txertoa.
Moncloarako hauteskundeak aurreratzeko erabakia hartzeko solasaldi diskretuak egongo ziren: kalkuluak, ziri-sartzeak, konplizitateak, antzezpenak. Haatik, niri behintzat, jokabide honek gehiago kezkatzen nau Euskal Herriaren eremuan espainiar Estatuan baino.
Vox-PP otsoaren beldurra astintzea primeran datorkio PSOEri, baina bestelako ondorioak ditu Katalunian eta Euskal Herriko independentismoan. UPNren aurka, ia inolako baldintzarik gabe, EH Bilduk Txibiteren gobernua babestu du; gutxi eskatuta, ERC PSCrekin gobernuan. Jokabide hori behin betikotzen ari da eta Hego Euskal Herrian ondorio latzak ekarriko ditu.
Jose Maria Aznar eta Felipe Gonzalez Feijoo bezain ultraeskuindarrak izan ziren; nazioarteko testuingurua ez da bera, ordea. Hori dela eta, azaroaren 29a iristean kezkatuta ez egotea ez litzateke ulergarria izango
Arestian aipatutako diskrezioa dela eta, ez dakigu zertaz ari diren PSE, EAJ eta EH Bildu; ez dakigu ezta ea PSN ari ote den ere; edota EH Bai jakinaren gainean dagoen. Vox-PP balizko gobernuari harresia jartzeko lanean ari dira ala posibilismoa azken muturreraino eramaten ari dira? Edozein kasutan, ezker independentistaren talde handienak akordio horren aldeko apustu irmoa egiteak erabateko aldaketa estrategiko eta historikoa dakar, hurrengo hiru hamarkadak baldintza ditzakeena.
Kogobernantzaren arriskuak
EH Bilduren lelo berria kogobernantza da. Bere ibilbide-orriaren helmugetako bat ahalik eta gobernu gehienetara iristea. Bistan da, diru publikoa kudeatzen duten erakundeak egungo sistema sozioekonomikoaren sustatzaileen esku uztea kaltegarria da. Gobernu horietara iristeko ahalegina egitea zilegi eta beharrezkoa da. Halere, erabat desberdina dira EAJ-UPN-PSOEren hegemonia apurtzeko jardun politikoa egitea ala egungo sistema ontzat ematea eta gobernuetan batera aritzea. Ondorioak zeharo ezberdinak dira arlo guztietan. Zer egingo dute? PSEk eta EAJk urte luzez egiten duten bezala, Taifa Erresuma bana sortu opil banaketa balitz bezala? Ala agian bat-batean ohartu dira hiru taldeen egitasmo sozioekonomiko, kultural eta politikoa bateragarriak direla?
Balizko gobernu horiek osatu ahal izateko, balizko akordio neoautonomikoa giltza bada, luzerako ala betiko atea itxiko genioke haustura prozesu bati. Bai arlo sozioekonomikoan, bai nazio arloan.
Gaitzerdikeria ametsen hiltzailea da; ameskeria, lortu ezin diren helburuak mahaigaineratzea. Baina bi gaitz horietatik at mugitzea badago. Ez al zen eraginkorragoa izango EH Bilduren sorrerarekin batera piztu zen grinari eustea, EAJ, UPN eta PSOEri alternatibak eraikiz? Ez zen hobe izango ezkerreko beste talde batzuk subiranismora erakartzea, PSOErekin batera eremu hori birrintzeko ahaleginetan ibiltzea baino?
Utzikeria
Beste keria guztiak bezala, utzikeria ere oso txarra da. Estatu espainiarrean zein frantsesean eskuin muturrekoek irabaz dezakete. Ez da mehatxu hutsala, gerta daiteke. Jose Maria Aznar eta Felipe Gonzalez Feijoo bezain ultraeskuindarrak izan ziren; nazioarteko testuingurua ez da bera, ordea. Hori dela eta, azaroaren 29a iristean kezkatuta ez egotea ez litzateke ulergarria izango.
Ezkerreko independentismoan aktiboak izan garenok beste aukera bat izango dugu faxismoari ezetz esateko: bozkatu ala ez bozkatu. Hala ere, ez bozkatzea erabakitzen duena utzikerian eroriko litzateke, urtearen gainontzeko egunetan ezkerreko ekintzaile gisa aritzen ez bada; utzikeria ere EH Bilduri botoa ematea dagoeneko ezkerreko eragile independentista bezala aritzen ez dela ohartu gabe. Ohartu, jabetu, ahaldundu eta ekin. Hori da bidea.
Iragan den mendean estrategia politiko-militarraren alde egin zutenek porrot egin dute, estrategia horretatik landa aritu garenok ere bai. Belaunaldi berriei entzuteko garaia da, gure motxila astuna armairuan gorde, lekukoa pasa, eta euren esanetara jarri. Guk ez genituen gure ametsak egia bihurtu; ez diezaiegun pasa gure zama, herri honek oraindik hegan egiteko beharrezkoa diren hegoak lor baititzake.