Xabier Makazaga.

Galindoren oinordekoak

2013ko irailaren 20a
00:00
Entzun
SUP polizia-sindikatuaren arabera, Guardia Zibilaren teniente koronela den Manuel Sanchez Corbi «Rodriguez Galindo jeneralaren oinordekoa da, uste baitu Gorputz militar hori espainiar Aberriaren esentzia dela eta erakunde guztien gainetik dagoela». Bada, teniente koronel hori 1992an Kepa Urra torturatzeagatik kondenatu zuten, eta ez dirudi bera denik Galindoren oinordeko gisa izendatzea merezi duen bakarra tortura kasu hartan nahasita izandakoen artean.

Kasu hartan, Bizkaiko Auzitegiak itxurazko kondena ezarri zien behingoz torturatzaileetako batzuei, lau urtetik gorako espetxe zigor bana hiru guardia zibilentzat, baina, fiskalak hala eskatuta, Auzitegi Gorenak jada bete beharrik izango ez zuten urtebetera jaitsi zuen zigorra.

Ziur zerikusi handia izan zuela Gorenaren erabaki hartan torturatzaileetako bi Estatuaren zerbitzari oso garrantzitsuak izateak: aipaturiko Sanchez Corbi, Frantziarekiko koordinazio arduraduna ETAren kontrako borrokan, eta José María de las Cuevas Carretero, Guardia Zibilaren Zerbitzu Berezietako Unitatekoa.

El País egunkarien arabera, kondenatu zituzten urte berean, 1997an, hainbat domina jarri zizkieten biei: lehenari, zilarreko gurutzeaz gain, zuri bat eta bi gorri (azken biak bizi guztirako ordaina dakartenak) eta bigarrenari bi gurutze zuri. Urte berean, orduan presidente zen Aznarrek Moncloan hartu zituen biak, eta, geroago, Gobernuak indultatu egin zien jasoa zuten sei urteko inhabilitazioa, zeinaren ondorioz Guardia Zibiletik bota beharko zituzten.

Hori dela eta, NBEren Torturaren Kontrako Komiteak, CATek, salatu zuen «indultuaren eragin praktikoa torturari zigorgabetasuna ematea eta hura errepika zedin bultzatzea» zela, eta premiatu egin zituen espainiar agintariak, 90 eguneko epean, Komitea informa zezaten hartutako neurriei buruz, «torturatzaileek egiazki zigor egokiak jaso zitzaten», batetik, eta Kepa Urrak «erreparazio osoa», bestetik.

NBEren erakundeek torturari buruz harturiko beste erabakien kasuan bezala, Mari Atxabal eta Orkatz Gallastegiren kasuei buruzkoak azkenak, espainiar agintariek ez zioten jaramonik egin eskaerari eta ez zuten batere neurririk hartu. Eta are okerragoa dena, hogei urte geroago Urrak espetxean jarraitzen duen bitartean, torturatzaileek maila eta postuz igotzen jarraitu dute.

Sanchez Corbi tenientea zen Kepa Urra torturatu zuenean. Torturengatik prozesatua zegoen bitartean, kapitain egin zuten, eta behin indultua jaso ondoren, berehala komandante. Laster koronela izango da, jeneral izendatu aurretiko gradua, eta ikusi dugu jadaSUPek berari buruz dioena.

Bere garaian, Fuerza Nuevako militante ultraeskuindarra izan zen De las Cuevas Carreterori dagokionez, Urra torturatu zuenean, sarjentua zen; kondenatu ondoren, alfereza izateko ikastaroa egin zuen, modu ilegalean, eta gero teniente izendatu zuten lehenik eta ondoren kapitain.

Europako Kontseiluko Torturaren Prebentziorako Komitekoek (CPT) 2001ean Espainiara bisita egin zutenean, bera aukeratu zuten, Polizia Judizialaren ordezkari gisa, haiek hartzeko. Horrek erakutsi zuen bere pisu eta eragina. Espainiar agintariek torturaren kontra diharduten nazioarteko erakunde guztiak zein errespetu gutxirekin tratatzen dituzten ere erakutsi zuen, beste behin ere: indultaturiko torturatzaile bat aukeratu zuten CPTkoak hartzeko, eta ez diote kasu zipitzik egiten haien gomendioei.

Oso interesgarria da ikustea, halaber, zein izan den Kepa Urra torturatzeaz akusaturiko beste hiru guardia zibilen ibilbidea. Hasteko, kasuko instruktorea izan zen Arturo Prieto Bozec-ena, zeina Urrarekin batera atxiloturiko beste lagun batzuk torturatzeagatik kondenatu zuten beste bi epaiketetan. Auzitegi Gorenak, beste askotan bezala, baliogabetu egin zituen bi sententziak eta gaur egun teniente koronela eta Murtziako Komandantziako buru da.

Beste bi guardia zibilek, berriz, «bisita» egin zioten ospitalean Kepa Urrari. Erizain batek hark laguntza eske bota zituen oihuak entzun eta ahotik odola zeriola aurkitu zuen, baina epaileek bien errugabetasun-presuntzioa mantentzea erabaki zuten, eta gaur egun garrantzi estrategikoa duten postuetan daude biak.

Alejandro Hernandez Mosquera teniente koronela, Parisko enbaxadan egon zena, Gobernu Lehendakaritzako Segurtasun Departamentuaren buru izendatu zuten urte hasieran. Halaber, Diego Perez de los Cobos teniente koronelak, berriz, Alfredo Perez Rubalcabaren aholkulari pertsonala izan zen, Estatu Segurtasuneko Idazkaritzan Koordinazio Kabinetearen zuzendari gisa, eta Jorge Fernandez Diaz gaur egun haren ordezkoa dena aholkatzen jarraitzen du.

Hainbat komunikabideren arabera, azken hau «oso pertsona garrantzitsua» da euskal preso politikoei dagokionez erabakiak hartzeko orduan. Gogoratu zein izan zen sakabanaketa hasi zenean lan hori betetzen zuena: Tomas Linaza etakidearen izen bereko aita torturatzeagatik kondenaturiko Rafael Masa teniente koronela. Gerra zikinean eta, bereziki, Santi Brouarden hilketan nahasturik egon ondoren, azkenik narkotrafikoagatik kartzelaratu zuten guardia zibil berbera, bai.

Nabarmentzekoa da halaber Perez de los Cobosen anaia, Francisco, Konstituzio Auzitegiko presidentea dela eta zer esan handia eman duela azkenaldian. Izan ere, jakin baita, PPko militantea izanik, ezkutatu egin zuela militantzia hori.

Hara torturatzaileek espainiar Estatuan gozatzen duten zigorgabetasunaren beste ageriko proba bat: Kepa Urrak jasandako torturetan zerikusi zuzena izan zuten bost guardia zibilek goi-karguak dituzte gaur egun, eta, itxura guztien arabera, urte gutxiren buruan gehienak jeneral izendatuko dituzte Galindorekin egin zuten bezala.

Ez da batere harritzekoa, gaitz ikaragarri horri aurre eginez lanean dabiltzan nazioarteko erakunde entzutetsu guztiek aho batez eskatzen dituzten zigor egokien ordez, espainiar torturatzaileek ohiki jasotzen dituztenak indultuak, dominak eta goi-kargudun garrantzitsuak baitira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.