Borrero txiki bat izenburuko nobela bat idatzi du duela gutxi Xabier Mendigurenek. Liburu sakona da benetan, eta Euskal Herrian egiazko bakea lortzeko behar diren ezinbesteko baldintza batzuk aipatzen ditu, gauden testuinguru berri honetan askotan ahazten zaizkigunak. Horregatik, liburuaren irakurketak sortu dizkidan zenbait gogoeta egin nahi ditut, bakearen bidean aurrera egin ezinik gabiltzan honetan puntu batzuk argitzeko lagungarri izango ditugulakoan.
Lehenik eta behin, Ivan protagonistak —Intxaurrondoko guardia zibil baten semeak— duen bilakaera agertzen zaigu liburuan. Hasieran, etxean bizi duen giroarengatik, Euskal Herrian gertatzen dena on eta gaiztoen arteko istorio bat besterik ez dela sinesten du, eta, jakina, harentzat guardia zibilak dira onak, ETAkoak gaiztoak eta, gaiztoen kontra egiteko, onek egiten dutena guztiz zilegi dela iruditzen zaio. Geroago, ordea, errealitatea umea zenean uste zuena baino konplexuagoa dela ikusten du, eta ez da ondorio horretara diskurtso ideologiko batengatik iristen, arrazoi etikoek bultzatuta baizik. Haren hitz batzuk transkribatuko ditut: «Orain zure aitaren lanaz pentsatu eta hotzikara etortzen zitzaizun, ulertzen hasia zinelako zer zen gaiztoei egiten zietena atxilotuta zituzten bitartean. Ez zeneukan zalantzarik gaiztoak zirela, terroristak, jendea hiltzen zutenak, eta haien aldekoen azalpenak eta iritziak irakurtzen zenituen arren, aitzakiak iruditzen zitzaizkizun, dogmatiko arriskutsu batzuen sofisma pila; alabaina, gaizto haien parean zeudenak onak ote ziren ez zeunden horren seguru…».
Apur-apurka Ivanek bere bilakaerarekin jarraitzen du, argi eta garbi ikusten ditu aitak eta gainontzeko guardia zibilek atxilotuei egiten dizkieten torturak, eta, une batean, aitarekin betirako hautsi ondoren, Intxaurrondotik eta Donostiatik alde egiten du.
Ivanek aurreko bizitzarekin izan zuen haustura horretan bada, nire ustez, kontuan hartu beharreko funtsezko kontzeptu bat: etika. Ez zen inolaz ere ETAren eta ezker abertzalearen aldekoa, baina une batean pertsona horiek torturatzen zituztela, funtsezko giza eskubideak urratzen zizkietela argi eta garbi ikusi zuen, eta, ideologia guztien gainetik, ezin zuela hori inolaz ere onartu erabaki zuen. Etikaren kontzeptu horretan datza, nire ustez, Ivanek izandako bilakaeraren ardatza, eta hori da euskal gizartean oraindik ere kontuan hartzen ez duguna. Adibide batzuk jarriko ditut: Iratxe Sorzabali, Amaia Urizarri, Sandra Barrenetxeari… poliziek egin zizkieten izugarrikerien kontra egoteko, ez da inolaz ere abertzalea izan behar.
Pertsona bat abertzalea edo konstituzionalista izan daiteke, Espainiaren batasunean edo Euskal Herri libre batean sinets dezake… baina badira funtsezko printzipio batzuk denok kontuan hartu eta errespetatu behar ditugunak, eta torturaren kontra egotea da, zalantza izpirik gabe, denok errespetatu beharreko printzipio nagusietako bat, inolako salbuespenik onartzen ez duena. Gauza bera esango dut indarkeria beste aldekoen kontra erabili den kasuetan ere: ez da konstituzionalista izan behar, ezta Espainiaren batasunean sinistu behar ere, ETAk eta ezker abertzalearen sektore gogorrak PSOEko eta PPko zinegotzien kontra erabili zuten indarkeriaren kontra egoteko.
Torturen kasuan, esan dudan legez, funtsezko etika bat besterik ez da behar giza eskubideen urraketa larri horiek arbuiatzeko, eta askotan, ideologiarengatik, euskal gizarteko sektore batek ez du horrela jokatu. Gauden ziklo honetan, beraz, denok autokritika sakon bat egin behar dugu, askotan ez baitugu etikaren arabera jokatu gure proiektuak aurrera eramateko orduan.
Bigarrenik, Borrero txiki bat liburuaren azken atalean Ivanen eta garai batean torturatua izan zen Gorkaren arteko elkarrizketan agertzen den beste kontzeptu bat aztertuko dut: asimetriarena. Gorkaren hitz batzuk aldatuko ditut hona: «Gerra zuek irabazi duzue… Nik, behintzat, eta nire lagunek, galdu egin dugu… Politikoki gure lagunak oraindik ere bizirik dabiltza, baina gerra militarra galdu egin genuen, eta Estatuak irabazi. Horrek ahalmena ematen dio nahi dituen legeak ezartzeko berak nahi bezala, eta halako legitimitate bat ere, munduaren aurrean adierazteko eurak izan direla historia honetako onak, eta gu berriz gaiztoak». Gorkaren hitz horiek oso inportanteak dira euskal gizarteko sektore batek sentitzen duena ulertzeko. Hedabideek ETAren armagabetzeari buruz saldu digutenaren kontra, errealitatea oso bestelakoa da: gerra militarra galdu zuen ETAk, eta 2017ko apirilaren 8an poliziei entregatu zizkien armak. Horrek galtzailea izatearen sentimendua eragin du ezker abertzaleko sektore batean.
Mendigurenek ezin ederkiago azaltzen du hori BERRIAn 2025eko maiatzaren 27an emandako elkarrizketan, eta hari emango diot hitza: «Bai. Momentu honetan, politikoki bizi garen bezala bizi garelako eta egin diren hautuen ondorioz, gauza batzuk ezin dira esan. Ohartzen naiz horretaz, eta onartzen dut. Baina literaturan bai, esan daitezke, eta esan egin nahi nuen: baketze eta adiskidetze garai honek oinarri ustel samarra duela adierazi nahi nuen. Ezin da bestela izan, gauzak gertatu diren bezala gertatu direlako». Hitz ederrak, benetan; eta Euskal Herrian baketze prozesuan gertatu dena ezin hobeto azaltzen dute.
Arazo bat bakarrik ikusten diot Mendigurenen planteamenduari, literaturan gauzak esan daitezkeela adierazten duenean. Egia da: literaturak bere funtzioa bete dezake baketze bidean, baina arrazoi desberdinengatik, euskal literatura ez da jende gehiegirengana iristen gaur eta, horregatik, haren eragiteko indarra nahiko mugatua da. Horiek horrela, beldurra galdu behar dugu eta literaturan bakarrik esan daitekeen hori euskal gizartearen eremu guztietan ere esaten hasi behar dugu, baketzearen arazoaz zintzoki hitz egin dadin eta, Mendigurenen nobelako Gorka bezala, galtzailearen arantza kendu ezinik dabiltzan guztiek, euskal gatazkan bi aldeetan gehien sufritu dutenek, beren sentimenduei buruz lasai hitz egin dezaten. Horrela bakarrik lortuko dugu egiazko bakea herri honetan.