Ikertzailea eta dibulgatzailea

Galtzetaburu, gure historiako mugarri galdu bat

Iñaki Lopez de Luzuriaga
2026ko irailaren 24a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Udak han eta hemen ibiltzeko parada ematen digu, Euskal Herriko eta kanpoko parajeetan gure historia galduaren perlak aurkitzekoa. UEUren ikastaro batek gure historiografia izan du hizpide. Ikastaroaren izena honakoa zen: Euskal Herria, ezagutza, historiografia. Han ikusi duguna da narrazioaren eta inbisibilizazioaren faktoreak historia guztiak zeharkatzen dituela, nola ikerkuntzan hala zabalkundean, baita ondarearen erregistroan bertan ere. Izan daiteke datu historiko bat falta delako, izan daiteke semantikaren arazoa, esateko modua. Galtzetaburuko gurutzea ataka horretan sar daiteke.

Erromatarren garaiko Iter XXXIV galtzada ezagunean kokatzen da gure historiako ardatz nagusi bat. Galtzetaburu izeneko bidegurutzea da, Errobi eta Biduze ibai arroen arteko mugan. Gamartetik erne begiratuz gero, Gaztelharri muinoa eta bertako aztarnak ikus litezke. XII. mendeko Rocabruna gazteluaren kokalekua ei da. 1512ko urrian, Fernando errege gaztelar-aragoiarraren tropa inbaditzaileak Galtzetaburura heldu ziren Nafarroa okupatzeko kanpainan, izua zabaldu zuten, eta Monjolose eta Ainhize kiskali zituzten.

Ez ziren garai errazak, Euskal Herria bidegurutze historiko erabakigarrian zen. Espainiar proiektuaren indarrak 1527 arte tematu ziren militarki Nafarroa Beherea azpiratzen. Henrike II.a nafar erregearen alaba eta erregina, Joana III.a Labritekoa, Nafarroa-Biarno etxe binazionala eraikitzen saiatu zen, erresuma bikoitzaren estatu egiturak finkatuz. Ez zituen, ordea, baxenabartarrak erabat konbentzitu. Kolokan ezarriko ote zuen foru sistema bera? Arriskuan ote zen erritu katolikoa? Bada, 1567-1570ean, gerrak astindu zuen Ipar Euskal Herria, erlijio gerren testuinguru zabalagoan.

Antza, nazio gutxituek ez dugu tokirik marko ofizialean, periferian edo ezkutuan egotea ez bada

Gerra horrek suntsipen lorratza utzi zuen Zuberoaren eta Nafarroa Beherearen zati handi batean. Nafarren urduritasuna ikusita, Joana erreginak Henrike (III.a Nafarroakoa izango zena, IV.a Frantziakoa) semea igorri zuen mandatuan Gamartera, Galtzetaburura, nafarren gogo asaldatuak lasaitzera. Izan ere, garai horretan, Galtzetaburu zen Nafarroa Behereko batzar nagusien bilgunea. Agerraldi horixe izan zen Henrike gaztetxoaren lehendabiziko eginkizun politikoa, 15 urte zituela, lehen aldiz arma jantzia soinean zeramala, Bordenaveren kontakizunaren arabera. Erregegai biarnesa ez zitzaien euskaraz mintzatu nafar ordezkariei, ez baitzuen ezagutzen gure mintzaira, eta «haien nazioko» laguntzaile baten interpretazio lana baliatu zuen horretarako.

Harrizko gurutzea 1714koa da, eta lehenagoko beste bat ordezkatu bide zuen. Mérimée (POP, Patrimoine Ouvert Publique) ondare frantsesaren datu basera jo dugu zerbait jakiteko. PA00084389ko erreferentziarekin topatu dugu, monumentu historiko frantses bihurtuta (alta, ez da gurutzea deskribatzen duen agiri bakarra). Galtzetaburuko gurutzean Vexilla Regis ereserkiaren lehendabiziko bertsetak irakur daitezke («Aitzina doaz Erregeren estandarteak» eta abar). Alta, Erregeren eta santutasunaren gorazarre horretaz beheiti, bada beste zerbait apal, lurtar eta interesgarriagorik. Tamalez, ez dut kausitu noizkoa den.

Oinarriko harmailetan, belar artean erdi ezkutaturik, inskripzio hau irakurtzen da zizelkaturik: «Chuberotik Lapurdi / hemen bide erdi». Idazkuna harreman komertzialen lekuko ederra da, ekialde-mendebalde, euskal lurraldean egiten zena, eta dudarik gabe euskal eremu geografikoaren kontzientziaren seinale. POPen erregistroak, haatik, ez dio deus ere idazkun horri buruz, ez omen du merezi, trakeskeria hutsa da, antza, eta ez ei dugu eskubiderik jakiteko hor dagoela. Gure historia bezala? Antza, nazio gutxituek ez dugu tokirik marko ofizialean, periferian edo ezkutuan egotea ez bada. «Gerezi bilketa» bat gehiago, edo cherry-pick, ingelesez hautaketa iruzurtiari deitzen dioten bezala.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA