EAJko batzarkidea Gipuzkoako Batzar Nagusietan

Gau beltza, gure oroimenen argi

Saioa Bandres Moneo
2026ko urriaren 27a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Jose Migel Barandiaran jaunaren ikerketetatik abiatutako hausnarketa da hau, hala zioen: «Iragana ezagutzen duen herriak badaki bere etorkizuna eraikitzen».

Urriaren azken gauak badu zerbait berezia. Udazkenak bere bidea egin du, egunak laburtu dira eta iluntasunak gero eta leku handiagoa hartzen du. Gaur egun, kanpotik etorritako kalabaza argiztatuak eta mozorroak nagusitzen dira bazter askotan. Baina gure herriak mendeetan zehar heriotzarekin, naturarekin eta arbasoen oroimenarekin izan du harremana.

Gau Beltza edo Arimen Gaua ez da azken urteotan hutsetik sortutako ospakizuna. Gaur egungo jaiak baditu elementu berriak, baina Euskal Herriko hainbat tokitan dokumentatutako ohitura zaharrak ere berreskuratzen ditu. Eta iragan hori ezagutzeko, ezinbestekoa da Jose Migel Barandiaranek egindako lana.

Barandiaranek bere bizitzaren zati handi bat eskaini zion euskal herriaren sinesmenak, ohiturak eta ahozko ondarea jasotzeari. Bere ikerketek erakusten digute heriotza ez zela beti amaiera erabateko gisa ulertzen. Hildakoek familiaren eta etxearen oroimenean bizirik jarraitzen zuten, eta zenbait sinesmenen arabera, haien arimak bizidunen mundura itzul zitezkeen.

Bizkaiko eta Gipuzkoako hainbat herritan jasotako sinesmen baten arabera, purgatorioko arimak munduan zehar ibiltzen ziren azaroaren 1eko eguerditik azaroaren 2ko eguerdira arte. Egun horiek, beraz, esanahi berezia zuten bizidunen eta hildakoen arteko harremanean.

Barandiaranek ondare hori galtzetik salbatzeko egindako lanak gaur egun ere badu zentzua. Izan ere, haren ikerketek erakutsi ziguten herri baten memoria eguneroko bizimoduko xehetasunetan ere gordetzen dela

1923an argitaratutako Creencias y ritos funerarios en Ziga (Baztán) lanean, Barandiaranek transkribatutako lekukotasun batek ohitura berezi bat azaltzen du. Azaroaren 2an, eguna argitu aurretik, Zigako emakumeek prozesioa egiten zuten, isilik, kandelak piztuta, eta hildakoen aldeko otoitz batekin amaitzen zuten.

Irudia ederra bezain adierazgarria da: emakumeak iluntasunean, eskuetan argia dutela, joandakoen oroimena bizirik mantentzen.

Barandiaranek jasotako beste kontakizun batzuetan ere ageri dira gaueko argiak eta etxera itzultzen omen ziren hildakoen arimak. Istorio horiek belaunaldiz belaunaldi transmititzen ziren, familiaren ondarearen parte bihurtzeraino.

Horrek guztiak erakusten digu gure arbasoek ez zutela iluntasuna argirik ezaren ondorio huts gisa ulertzen. Gauak bere misterioak zituen. Eta misterio horiek kontakizun, sinesmen eta errituen bidez azaltzen saiatzen ziren.

Gaur egun Gau Beltza berreskuratzeko egiten diren ahaleginek badute, beraz, oinarri historiko eta etnografiko bat. Hala ere, ezin dugu esan egungo ospakizuna lehengo moduan egiten denik. Kalabazak hustea, aurpegiak estaltzea eta ingurukoak izutzeko jolasak beste kultura batzuetatik gehitutako osagaiak dira.

Ohiturak ez baitira museo batean gordetako objektu geldiak. Belaunaldiz belaunaldi aldatzen dira, eta herri bakoitzak bere erara egokitzen ditu, baina bada aldaketa horietan oinarria galtzeko arriskua ere.

Agian, Gau Beltzaren berreskurapenak aukera bat eskaintzen digu iraganarekin dugun loturaz hausnartzeko. Gure aitona-amonek kontatzen zituzten istorioak entzuteko, herrietako ohiturak ezagutzeko eta gazteenei gure kultur ondarea transmititzeko.

Ez da Halloweenen aurkako aldarrikapen bat izan behar. Gurea ezagutzeko eta bizirik mantentzeko borondatea baizik.

Azken batean, herri baten nortasuna ez da soilik bere historian idatzita dagoena. Etxeetan kontatu diren istorioetan, belaunaldiz belaunaldi transmititutako sinesmenetan eta denboraren joanean iraun duten ohituretan ere aurkitzen da.

Barandiaranek ondare hori galtzetik salbatzeko egindako lanak gaur egun ere badu zentzua. Izan ere, haren ikerketek erakutsi ziguten herri baten memoria eguneroko bizimoduko xehetasunetan ere gordetzen dela.

Gau Beltzak gogorarazten digu iluntasunak ere baduela memoria, eta memoria hori ezagutzea dela gure ondarea bizirik mantentzeko lehen urratsa.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA