Aunitzek irakurri genuen 60-70eko hamarkadetan Marta Harneckerren Materialismo historikoaren oinarrizko kontzeptuak izeneko liburua. Bertan, idazle marxista txiletarrak azaltzen zuen ezen, ohartu gabe ere, batzuetan, aldaketa sozial kuantitatiboen pilaketak jauzi kualitatiboa ere sortzen duela, aldez aurretiko egoera erruz aldatuta. Adibidez, ur ontzi bat berotzen badugu, momentu bat iritsiko da (99 gradu) zeinetan, tenperatura gradu bat gehiago igoz gero, ura irakiten hasiko baita. Horrela, likido zena, egoera aldatu, eta lurrun bihurtzen da.
Horrelako zerbait ari da Europan gertatzen azken tenore honetan. Hango gizarteek bare irudi zuten, baina haien tenperaturak arrunt beroak izaki, bat-batean irakiten hasi dira. Estatu frantziarrean, Italian, Estatu espainiarrean, Portugalen, Albanian, Serbian, Belgikan... ehunka mila pertsona ari dira karrikara ateratzen mota aunitzetako eskaerak galdeginez.
Frantzian irailaren 17an atera ziren txinpartak, Paris ondoko Creteilgo Saint-Exuperi lizeoan. Bertan irakasle talde bat greban hasi zen bete gabeko lanpostu batzuengatik. Hurrengo egunean, ikasleek irakasleak babestu eta institutua blokeatu zuten. Eta hurrengo egunetan sugarrak lurralde osoan hedatu ziren, irakaskuntza publikoaren andeatzea, bizitzaren kostu altuak, soldata ez-askiak... salatzeko. Azaroaren 5ean egin zuten greba.
Estatu espainiarrean emakume zahar baten etxegabetzearekin hasi zen dena, irailaren 23an, Madrilen. Hortik mobilizazio andana hedatu ziren, etxebizitzaren inguruan bizi den egoera larriarekin loturik, azaroaren 11ko greba orokorra barne. Italian bezala, non azaroaren 20an eginen baita. Nik dakidala, Europan sekula ez dute bat egin hiru deialdik hiru lurraldetan hil berean. Horiei gehitu behar zaizkio mobilizazio ugari bertze zenbait lurraldetan: Albania, Serbia, Portugal, Belgika... Eskakizunak oso antzekoak dira: protesta egiten da bizimoduaren eta etxebizitzaren kostu handiagatik, soldata baxuengatik, hezkuntzaren andeatzeagatik, ustelkeriagatik, gastu militarragatik...
Ematen ahal dugun botorik onena da heldu diren asteetan hasitako mobilizazioekin jarraitzea, eta hauteskundeen emaitza edozein izanda ere, aldarrikapenetan eta karrikan tinko segitzea
Europar Batasunean AROPE adierazle ofizialaren arabera, 93 milioi pertsona, populazioaren %21, bizi dira pobrezia edo gizarte-bazterkeriaren arriskuan. Horietarik erdiek enplegua badute, baina prekarioa, partziala edo gaizki ordaindua da. Estatu espainiarrean kopurua %25,9koa da, 12,5 milioi pertsona. Hainbat koloretako gobernuek gauzatutako politika neoliberalek ekarri dute egoera hori. Gobernuek diote, orokorrean dena ongi doala BPG ari baita hazten eta munduko auskalo zenbat rankingetan lehenengo postuetan gaudelako. Baina itxaron zerrendek, hezkuntza ratioek, erosketa saskiak, prekarizazioak, etxebizitzetako prezioek eta alokairuek kontrakoa adierazten digute. Ez da aditu izan behar gauzak horrela direla jakiteko.
2025eko ekainean, NATOko lurraldeek erabaki zuten aurrekontu militarrak igotzea hurrengo urteetan, BPGaren %5 egin arte. Kopuru horrek EBren Hezkuntza aurrekontua gainditzen du (%4,7). SIPRI Bakerako Ikerketen Nazioarteko Institutuaren arabera, 2016-2025 bitartean, EBren gastu militarra %41 emendatu da. Estatu espainiarra ez da atzean gelditu. Kontrakoa. Erakunde horren arabera, bakarrik 2025ean gastu militar espainiarra %50 hazi da.
Bitartean, 2026ko lehen seihilekoan, Ibex-35eko oligarkia-putre espainiarrek %15 emendatu dituzte haien etekinak (36.473 milioi), hots, estatuko eta autonomietako hezkuntza aurrekontu guztien erdia. Erran gabe doa banka (Santander, BBVA...) saldoaren buru dela, Zapatero eta Rajoyren gobernuengandik aurreko krisialdi finantzarioan dozenaka mila milioi euro oparitan hartu baitzituzten.
Horregatik zantarra da, azken asteotan izandako mobilizazioak islatzeko orduan, komunikabide eta sareek transmititutako mezu nagusia izatea erakusleiho hautsiak eta edukiontziak sutan. Ezer gutxi erraten digute gazteek bizi duten etorkizun ezaren inguruan, edo jasaten duten indarkeria laboral eta sozialari buruz, dituzten eskubideak aintzat harturik ez izateak sortzen dizkieten frustrazio eta amorrazioaz, haien kriminalizazio gero eta handiagoaz, ezta pobrezia edo bazterketa sozialaren arriskuan bizi diren 12,5 milioi pertsona horien eguneroko errealitateaz ere. Irudi horiek gustu txarrekoak dira nonbait.
Hauteskundeak hor ditugu. Aukera aunitzen aldetik «otsoa heldu dela!» ohartarazi eta aurre egiteko modurik onena botoa haiei ematea dela erraten digute. Alabaina, aspaldian animalia horren ausikiak hartzen ari direnak andana dira: gure kale eta auzoetan, osasun zentroetako itxaron-zerrendetan, supermerkatuetako apalategietan, etxe agentzietako eskaintzetan, aldi baterako laneko enpresetan... Eta bitartean, beren burua aurrerakoitzat hartzen duten gobernuak haserreak baretzera mugatzen dira, banka, energia eta teknologia multinazionalen arpilatzeari eta hierarkia militarraren eta multzo militar-industrialaren eskakizunei men eginez.
Ez dut nik ukatuko hurrengo hauteskundeetan garrantzizko gauza aunitz jokatuko ditugula maila sozial zein politikoan. Botoa modu aktiboan erabili beharreko arma bihurtu behar dugu (Brasil!). Baina ez gaitzaten nahasi. Ekialdeko erranairu batek dio jakintsuak ilargia seinalatzen duenean, tentela behatzari begira gelditzen dela. Begira dezagun, bada, hautetsontzietatik (behatza) gaindi, zeren eta ematen ahal dugun botorik onena baita heldu diren asteetan hasitako mobilizazioekin jarraitzea, eta hauteskundeen emaitza edozein izanda ere, aldarrikapenetan eta karrikan tinko segitzea. Gauzak luzerako doaz.