Historialaria

Gazako sarraskia eta Holokaustoa

Etxahun Galparsoro
2024ko otsailaren 6a
05:00
Entzun

Lerro hauek idazterako unean 26.700 dira ofizialki Israelek Gazako erasoaldian hil dituen palestinarrak. Medikuak, haurrak, langile arruntak, emakumeak, milizianoak, kazetariak, adinekoak... biktimak denetarikoak dira, ezaugarri komun eta jakinik gabeko pertsonak. Inor ez dago salbu Gazako itxituran, edonor hil dezakete. Ziurgabetasun horrek bilakatzen du horren bihozgabe, horren anker, zuzenean ikusten ari garen sarraskia. Eta baliteke biktimen ausazkotasun hori izatea azkenaldian Holokaustoaz hainbeste gogoratzearen erantzule. Orduan ere soslai jakinik gabeko juduak hil zituzten, salbamena bermatuko lieketen ezaugarri (adina, zibil izaera) edo zirrikituei tarterik utzi gabe. Baina hortxe amaitzen dira bi sarraskien arteko parekotasunak eta hori ere aipatu beharrekoa da.

Izan ere, azkenaldian aspaldiko argudio bat zaharberritu dugu: naziek juduei egin zietena egiten dietela gaur israeldarrek palestinarrei. Hedabide zein sare sozialetan bolo-bolo dabiltza «holokausto», «sionismo», «Hitler», «nazismo» edota «judu» kontzeptuak, «israeldar» eta «palestinar» izenondoekin batera, esaldi berean lagun. Baina palestinarren defentsak ez du Holokaustoaren beharrik. Are gehiago, bere aipamena sarri aurreiritzietatik abiatuta egin ohi denean. Gainera, gehiegikeria semantikoek errealitatearen desitxuratzea dakarte, eta zorroztasun faltak, Gazako sarraskia salatzeko dauden argudio sendoak ahuldu baino ez ditu egiten.

Gazan gaur gizateriaren aurkako krimenak egiten ari da Israelgo Gobernua. Eta, nolabait, genozidio zantzuak ere atzeman daitezke agintarien adierazpenetan: badirudi sarraski masiboaren bitartez Israelek gazatarrak inguruko herrialdeetara ihes egitea izan duela helburu eta, lortuz gero, palestinar herriaren desagerpena (Zisjordaniaren erabateko desagerpenaren zain). Baina Gazako hilketak, oso larriak izanik ere, ezin daitezke Holokaustoarekin parekatu. Zergatik? Holokaustoan naziek ustez judua zen oro sistematikoki suntsipenera (gas ganberen bidez, tiroz, gosez) eraman zutelako, ustezko komunitate baten kide izate hutsagatik eta bestelako helbururik gabe tartean. Egundaino horrelakorik ez da gertatu Palestinan, ezta beste genozidio batzuetan ere. Horregatik esaten da parerik ez duen gertaera dela Holokaustoa.

Bestalde, Holokaustoa juduek jasan zuten krimena izan zen (baita ijitoek ere, neurri apalagoan), ez zen israeldarren aurka burutu. Salbuespenak salbuespen, europarrek europarrei eragindako hilketa izan zen. Horregatik, zentzugabea da Holokaustoa soilik Israelen historiaren baitako gertaera gisa identifikatzeko dugun joera, europarron (eta gizakion) baitakoa ere badenean. Holokaustoa «haien» kontua baino ez dela irudikatu ohi dugu, «guztiona» izan beharrean. Hori gutxi ez eta ahaztu egiten zaigu Ana Frankek ez zuela palestinar eta israeldarren arteko gatazkaren berririk izan, eta ez duela bere iritzia plazaratzeko ahalmenik. Hau da, ez dago jarraitutasunik Holokaustoaren biktimen eta egungo gertaeren artean.

Sionismoak nazismoarekin izan zuen elkarlana ere aipatu izan da, Israelek bere sorrera (eta, nolabait, egungo jarduna) nazismoari zor diola iradokitzeko. Izan ere, 1933an Haavarango itunaren bitartez sionismoak nazismoaren errepresioa baliatu zuen bere helburuak lortzeko: Alemaniatik kanporatu zituzten juduak Israelera bideratu zituen sionismoak, erbesteratuek kolonizazioan lagundu eta Estatu propioaren eraikuntzan parte har zezaten. Baina orekarik gabeko lankidetza izan zen hau, elkarkidetzarik gabekoa. Izan ere, nazismoak juduak kanporatu egin zituen. Eta kanporatzea negozio bilakatu zuen (Alemaniatik atera ahala izateko, juduek ondasun eta aurrezkiak eman behar izan zizkieten lehenik, eta alemaniar produktuak erosi ondoren). Beraz, zigor bikoitza ezarri zieten juduei. Gainera, Hitler eta nazismoak ez zuten inoiz juduen aldeko proiektu politikorik sustatu. Hau da, nazismoak ez zuen Estatu judu baten sorrera hauspotu.

Holokaustoaren gaiarekin Israelgo Gobernuak darabilen biktimismo merkea ere bada nahikoa arrazoi Bigarren Mundu Gerraren eztabaida marko horretatik ihes egin nahi izateko. Kontuan izan behar baita Holokaustotik bizirik irtendakoek Israelen jasan zuten mespretxu ideologiko historikoa, gainerako herrialdeetan gertatu zenaren antzekoa, bestalde. Borrokarik egin gabe, otzan-otzan hiltegira joan izanaren estigma jasan behar izan zuten biktimek XXI. mendera arte.

Azkenik, gure artean lozorroan dagoen antisemitismo historikoa nabarmen azaleratzen da Israel-Palestinaren arteko gatazka lehertzen den aldiro. Jabetzen ez bagara ere, Israelgo Gobernuaren aurka oldartu beharrean ohikoak izaten dira juduen aurkako iritzi orokortuak, gure aurrekoen bizipenetatik ezer ikasi ez bagenu bezala.

Laburbilduz, Palestinako sarraskia makurra, bidegabea eta zentzugabea da. 26.700 heriotza indiskriminatu eragin ditu erasoaldiak eta gizateriaren aurkako krimen honek gure gaitzespen irmoa merezi du, bere horretan. Bestelako argudio eztabaidagarrien beharrik gabe.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.