Eusko Legebiltzarraren XIII. legegintzaldiak lehen urtea bete du. Dena bare. Dena lasai. Lasaiegi, nire aburuz. Horrek, ordea, ez du esan nahi euskal gizarteak arazorik ez duenik. Ez horixe. Etxebizitza erosi edo alokatzea gero eta garestiagoa da, Osakidetzak betiko gabezien eta eztasun berrien biktima izaten jarraitzen du, tokiko merkataritza ezin gaindituzko tunel ilunean dago, udal administrazioetan ustelkeria eta entxufismoa normalizatu dira... Tira, egoera ez da samurra. Nahiz eta gure lehendakari / marketin zuzendariak kontrakoa sinetsarazi nahi digun etengabe.
Oroitzen naiz 2024ko apirileko hauteskunde-kanpainan zehar zer-nolako promes eta aldarriak jaulki zituzten EAJ-PSE bitariko gobernuko ordezkari anitzek: «Zin degizuegu, hurrengo legealdian, X-ren eta Y-ren arazoak guztiz konponduko ditugula eraginkortasunez». «Egon ziur gardenki eta herritarrei so gobernatuko dugula administrazio publikoa». «Pertsonak lehentasun gisa». Eta hautesleak limurtu eta tronpatzeko ez dakit zenbat mezu goxo gehiago.
Zer ikusi ahal izan dugu, promes haiek jaurti zituztenetik urtebete iragan denean? Ezer gutxi, egia esateko: Osakidetzaren apurkako pribatizazio-prozesua ez da geratu, aurrera jarraitzen baitu Osasun Saileko arduradun nagusien urgazpenari esker; autogobernuaren garapena eta autonomia-estatutuaren berritzea ere kale itsuan gelditu dira, lehendakariaren balizko grina izugarriaren despit; Gardentasun Legerik gabe segitzen du Euskal Autonomia Erkidegoak (horrelako araurik ez duen erkidego bakarra gara, badu delitua, gero!); gure hiriak gune tentsionatu deklaratzeak ez du ezertarako balio izan, higiezinen merkatuan esku hartu gabe ezinezkoa baita problemari irtenbide efikaza ematea...
Jarrai nezake, baina gertakizun eta faktore franko dira, eta ez nuke egundo bukatuko (are gutxiago, laburtzeko nire ezintasuna aintzat hartuta). Adierazi nahi dudana zera da, Eusko Jaurlaritzako adiskide jeltzale-sozialistek ez digutela apenas premiazko arazoak artezteko soluzio zehatzik eskaini. Sailen batek, bederen, metroaren linea berri baten obrak hasi ditu, edo hirigintza jasangarriko egitasmoren bat finantzatu. Baina, oro har, Jaurlaritza geldirik dago. Ez atzera ez aurrera. Gelditasun egoeran.
Oposizioko indar nagusiak ere ez du askorik laguntzen. Oposizioko buruak autoritate eta irmotasun arazo larriak ditu, nonbait. Gobernuari gutxi eskatzea, oso gutxirekin kontentatzea, diskurtso-sendotasun falta agertzea, eta bere koalizioko liderraren hegapean ezkutaturik bizitzea. Horiek dira bere lau bekatu nagusiak. Hauteskunde-kanpainan hitzaldiak ematen ikusi nuen estreinako unetik, jakin nuen ezin nezakeela gauza handirik espero harengandik. Baina ez nuen imajinatzen, inondik inora ere, horrenbesterako izango zenik!
Herrialdeak ondo funtzionatzen duela saldu nahi izan digute ja ez dakit zenbat bider. Gurea ez dela beste batzuk bezalakoa. Hemen gobernu-ekintza efizienteki eta seriotasunez gauzatzen dela. Bada, badirudi herrialdez okertu naizela! Gobernu-ekintzak aurrera egiteko, lehenik eta behin, eta ezinbesteko baldintza gisa, gobernua kontrolatzen duten partiduek benazko engaiamendua demostratu behar dute. Hitzetatik jardueretara igaro, eta ez hitz hutsal eta gustagarri bezain kolorgetuetan gelditu. Eta oposizioko alderdi nagusiak pilak jarri, gogorragoa izan, ezkerreko indar batengandik espero den legez; eta ez, moderazioaren edo soseguaren aitzakiapean, behin eskatu, ezekoa jaso eta, gainera, beste masaila paratu. Alderdi Popularrak eurek baino oposizio gehiago egiten du, pentsa! Eta neuk hori esateko, aurkintzak sobera larria behar du izan.
2024ko apirilaren 21eko hauteskunde haietan lehen (EAJ), bigarren (EH Bildu) eta hirugarren (PSE) indar gertatu ziren horiek, 66 eserleku dituzte Gasteizko ganbera legegilean. Guztizkoaren %88. Hemizikloaren zati garrantzitsua, horren ezbairik ez dago. Baina, beren jarduna ikusirik, badirudi jarlekuak berotzeko baizik ez zutela nahi horrenbeste ordezkari. Eta karguak dakarren lansaria eskuratzeko, bidenabar. Espero dezagun gelditzen diren hiru urteak horrelaxe ez galtzea, zaborretara botata bezala.