Pilotazalea

Gernikako Jai Alaiko txistulariak

Etxahun Aurkenerena Arbelaitz
2025eko ekainaren 10a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Pilotazale sutsu eta euskaldun gisa, zesta puntako (EAEko) euskal selekzioaren ikustera joan ginen Gernikarat, ekainaren 5 honetan, ostegunez, Nazioen Ligako gizonezkoen finalerdiak ziren: Erkiaga eta Lopez euskaldunen aldetik, eta Mendizabal eta Atain, euskaldunak hauek ere, Espainiaren alde… Gauzak horrela, (EAEko) euskal selekzioaren eta Espainiako selekzioaren arteko lehian kantuñoren bat, txalo ainitz, eta zonbait txistu izan ziren.

Pilotazale gisa, egiari zor, jendartearen bazter guzietan bezalaxe, pilotalekuetan ere kode batzuk badirela erran genezake, oro har eta denetarik izan arren, errespetuan oinarrituak: txisturik eza, aurkarien hutsak ez txalotzea eta bertze. Pilotan aritzean zoin pilotalekuetarat joatean, beti eskertzen diren balioak eta jestuak ditugu hauek.

Alta, selekzioek argiki kirola eta politika nahasten dute, ekidinezina da hori. Gainera, gure herriaren historia ezagutuz gero, nornahik aitzinetik ikusten ahal zuen EAEko selekzioaren eta Espainiako selekzioaren arteko zesta punta partidak tentsio puntu bat ukan zezakeela.

Gauzak horrela, zonbait txistu entzun ziren espainiar pilotariei zuzendurik, eta pilotalekuko esatariak usu galdetu zuen Espainiako selekzioari txisturik ez jotzea eta errespetua atxikitzea.

Aldiz, euskaldunoi dagokigunez, zer? Espainiako selekzioak, Frantziako selekzioak, gu errespetatzen gaituztea? Zazpi probintzietako euskaldunek badutea paradarik, nahi izanez gero, Euskal Herriko selekzioarekin aritzeko? Espainiako Federazioak ere errana du txapelketa honetan ez lukeela parte hartuko, EAEko selekzioak parte hartu baitu; baina Munduko Pilota Txapelketarako puntuagarria denez, horregatik parte hartu dutela. Hori dea haiek euskaldunoi diguten aitortza eta errespetua?

Ahantzi gabe gure hizkuntza ez dela ofiziala Euskal Herri osoan, ofiziala den eremuan ere etengabeko epaiketen bidez euskaldunon eskubideak urratzen dituztela, Euskal Herriko selekziorik ezin dugula ukan, kirol bakar batean ere ez. NBEk herriei aitortzen dien autodeterminazio eskubidea, aipatu ere ez.

Hala ere, pilotalekuko esatariak argiki errespetua galdetzen zuen Espainiako selekzioarentzat, eta berdina balio beza Frantziako selekzioarentzat. Publikoko zonbaitzuk espainiar pilotariak (euskaldunak izanik ere) txistukatu zituzten; aldiz, publikoko bertze zati batek txalotuz erantzun zuen.

Selekzioen lehia honetan, zerk du lehentasuna, pilotalekuko kodeen errespetatzeak, edota herri gisa, nazio gisa, ditugun minak, ezinak, protestak eta galdeak azaleratzeak? Publikoko zale ainitzek agian, ongizate bizi moderno honetan, ez dute protesten beharrik eta arrazoirik ikusiko. Gainerat, euskal selekzioa (EAEkoa) onartu dute Madrilen (doi-doi). Menturaz, eskerrak behar genizkieke eman!

Ahantzi dugua herri kolonizatua eta asimilatua garela? Iduriz, galdera eta hitz bortitzegiak gaur egunerako azken hauek, errespetuaren eta elkarbizitzaren izenean. Herri kolonizatuen, minorizatuen eta asimilatuen konplexuak ageri zaizkigu oraino; errespetu handiko herriaren izenean, duintasuna salgai.

Ene aldetik, hautua argia da, txalo bakar bat ere ez mendeetan zehar eta egunerokoan gure nortasuna, gure kultura, gure hizkuntza, gure Herria zapaldu dituzten horiei. Pilotalekuko zale kexati eta txistulariei, berriz, errateko hau: Txistuak jo dituzue (baina), maite zaituztet (oraindik). Beharrik gazte (eta ez hain gazte) zonbaitzuk, pilotalekuetan ere, burua xutik eta iparra tinki atxikitzen duten. Errespetua nahi duenak, errespetua zor!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.