Administrazioan Euskaraz Taldeko kidea

Geroa Bai, EH Bildu: izan euskaltzale!

Joseba Otano Villanueva
2025eko irailaren 16a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Harri eta zur gelditu ginen Merezimenduen Dekretua argitaratu zenean (97/2024 Foru Dekretua, 2024ko azaroaren 22ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala): dekretuak ez zion Nafarroako Gobernuari bakarrik eragiten, baizik baita udalei ere. Euskararen Legea onetsi zenetik, 1986tik, udalek ez zuten mugarik euskara puntuatzeko: Nahi adina puntua zezaketen euskara, eta askok 10 puntura arte baloratzen zuten (puntuazio osoaren %10 bitarte). Hemendik aurrera, puntuazio guztiaren %2,1 izanen da gehienekoa eremu mistoan.

Laster, harremanetan jarri ginen Geroa Bairekin, EH Bildurekin, eta abarrekin. Bi hilabeteko epea zegoen errekurtsoa jartzeko, eta bi alderdi horiek (besteak beste) animatu genituen beren udalek errekurtsoa jar zezaten. Izan ere, Merezimenduen Dekretuak udalen autonomia urratzen du.

Haiekin harremanetan jartzean, ikusi genuen ez zutela horren berri. Ez zekiten Merezimenduen Dekretuak udalei eraginen dienik; gure bidez jakin zuten. Geroa Bai egoera zailean dago: Bera da dekretuaren gurasoetako bat, eta zerbait egin behar du hanka-sartze hori zuzentzeko, eta horrek berekin dakar hanka sartu dutela aitortzea. Ez da atsegina, baina ezin du burua lurpean ezkutatu.

Errekurtsoa jartzeko epea bukatu zen, eta ikusi genuen Nafarroa guztian udal bakarrak jarri duela errekurtsoa Merezimenduen Dekretuaren kontra: Mendigorriko Udalak. Eta gainerako udal euskaltzaleak? Ez al dago udal euskaltzale gehiagorik Nafarroan? Berdin al zaie? Behintzat, Mendigorriko Udalaren jarrera txalotu nahi dugu.

Errekurtsoa ez jarrita ere, zerbait egin zezaketen: publikoki salatu, mobilizazioetarako deia egin, prentsaurreko bat eman... Zerbait. Baina ez dute deus egin, ez dute deus esan. Merezimenduen Dekretua txintxo-txintxo aplikatu dute, eta kito.

Hala, 2025eko abuztuaren 7ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean (NAOn, siglen arabera) lan deialdi bat iragarri zen, aritekto izateko Zizur Nagusian. Zenbat puntu ematen zituen euskarak? Puntuazio guztiaren %2,1. Euskararen Ordenantzak zioen puntuazioaren %10 bitarte puntua daitekeela euskara, baina Merezimenduen Dekretuarekin, akabo. 2025eko abuztuko 11ko NAOn lan-deialdi bat iragarri zen, lorezain izateko Oltza Zendean. Zenbat puntu ematen zituen euskarak? Puntuazio guztiaren % 2,1. 2025eko uztailaren 29ko NAOn, beste lan deialdi bat iragarri zen, Kirol eta Gazteriako teknikari izateko Berriobeitin; eginkizunen artean, besteak beste, «Euskararen Udal Zerbitzuarekin lankidetzan aritzea, kirolaren esparruan euskararen erabilera sustatzeko». Zenbat puntu ematen zituen euskarak? Puntuazio guztiaren %2,1. Merezimenduen Dekretuaren aurretik, Euskararen Ordenantzak ezartzen zuen lan deialdietan puntuazio guztiaren %5 baloratuko zela euskara, eta, jendearekin harreman zuzena duten postuetan, %10. Baina hemendik aurrera, beti %2,1 gehienez. Gehieneko hori ezarri digute eremu mistoko udal guztietan (gure ustez, dekretu hori ez da legezkoa, udalen autonomia urratzen du, eta udalek ez dituzte horren arabera egin behar ordenantzak, plantilla organikoak eta lan-deialdiak).

Ez dugu ulertzen alderdi abertzale eta euskaltzaleen jarrera. Nolatan ez dute erantzunik ematen? Ez dute beren oraingo kontakizuna zikindu nahi? «UPNren garai ilunak atzean gelditu dira» edo «euskararen arloan, aurrera goaz, ez nahiko genukeen erritmoan, baina aurrera»? Edo utzikeria kontua da? Edo, besterik gabe, berdin zaie? Etsigarria da.

Alderdi abertzaleek, aurrekontuen negoziazioan, exijituko al dute euskara ongi puntuatzeko? Hots, euskararen kontrako eraso honetan atzera egiteko?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.