Iragan abenduaren 3an, Nafarroaren Egunean, EH Bilduk ekitaldi bat egin zuen Iruñean. Bertan, haren ordezkariak zera adierazi zuen: «Forutasuna berritzeari ausardiaz eta anbizioz heltzeko ordua da».
Adierazpenaren argitasunak eta soiltasunak pentsatzera eraman gintzake Konstituzioaren 1. Xedapen Gehigarriaren bidez lau lurraldeetan aitortua den burujabetza edo foru-erreserba hau zerutik jaitsia izan zela. Ezta hurrik eman ere.
Gogoratu beharko genuke Konstituzioaren aitak izeneko taldeak aurkeztutako aurreproiektuan ez zela hitz erdirik aipatzen eskubide historikoen inguruan. 1977ko abenduan ponentzia hartatik atera zen testuari so eginez, argi ikus liteke tabula rasa egin zela erkidego guztien eta beren zuzenbide iturrien artean.
Foru aitortza jasotzen duen xedapenak EAJk pentsatu, sortu eta Konstituzioaren Ponentzian sartu zuen 689. zuzenketan du oinarria. Zuzenketa hori, parlamentuko izapideetan hainbat aldaketa egin ondoren, Konstituzioan txertatu zen Lehen Xedapen Gehigarrian: «Konstituzioak babestu eta onartzen ditu forudun lurraldeetako eskubide historikoak».
Aitortza horren garrantzia, gure herrialdearentzat guztiz ezinbestekoa, ez zuten talde guztiek berdin hartu. Parlamentuko eztabaidetan zuzenketa horrek egin zuen ibilbidea aztertuta, erraz ikusten da ezker abertzalearen ekarpenik ez zela jaso.
Eskuin nabarristak, bere aldetik, egoera hari etekina ateratzen jakin zuen. Jaime Ignacio del Burgo senatari trebeak, Lehen Xedapen Gehigarriaren bigarren paragrafoaren interpretazio bitxia eginez, lortu zuen Nafarroari ez zegokiolako tesia aurrera ateratzea, foru lurraldeen arteko dibortzioa ezarriz. Hala ere, UPNko kideek ez zuten arazorik izan Nafarroako foruen egitura osoa jeltzaleek eginiko xedapen horren gainean eraikitzeko. Beronen bertute zen, hainbat konstituzionalistaren ustetan, Konstituzioak aitortzen zuela lehenagotik zetorren burujabetzaren iturria. Ez da gutxi!
Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko legea izapidetzeko prozesuan ezker abertzaleak zeregin aktiboa izan zuen arren, egiazta daiteke Foru Erregimenaren Batzordean, 1980ko ekainean, ez zuela zuzenketa partzialik aurkeztu, bozketetatik kanpo geratuz eta hurrengo urteotan erakundeetan ez parte hartzeko politika aurreratuz. Iñaki Aldekoa ordezkariaren esanetan, ez zuten ez alde ez kontra bozkatuko, «menua guztiz finkatuta zegoelako».
Herrien bizitza gorabeheratsua izan ohi da, eta edozein testuinguru historikok baldintza lezake; beraz, komeni da beti adi egotea. Ahoan bilorik gabe esan behar da: Lehen Xedapen Gehigarria existituko ez balitz, foruen aldeko edozein erreklamazio, gaur egun, folklore hutsa izango litzateke. Azken gertakariek erakusten digute detaile horrek zenbaterainoko garrantzia duen.
Auzitegi Konstituzionalak 2010eko epaiaren bidez Kataluniako Estatutua zanpatu ondoren, alderdi katalanistak estatuarekiko harremanetarako molde berriak sustatzen saiatu ziren. Kataluniari finantzaketa eredu berri bat aplikatzeari buruzko txostenean, zeina Generalitateak eskatuta egin baitzen, bide horiek arakatzea bilatzen zuten, baina erantzun irmo bat jaso zuen: «1. Xedapen Gehigarria Bascongadetan eta Nafarroan baino ez da aplikatzen» (Auzitegi Konstituzionalaren 76/1988 epaia). Kataluniar aferaren zati handi bat, azken hamarkadan, Konstituzioan agerpenik ez izatetik dator. Gustatu ala ez, 1. Xedapen Gehigarria da gaur-gaurkoz dugun salbagerriko bakarra.
Nik neuk ospatu egiten dut tesi foruzaleetara hurbildu izana, baina zintzotasunari zor, derrigorrez aitortu behar dut hau ez dela sekula bere aukerarik gogokoena izan. Azken 45 urteotan Hegoaldeak hartu duen bidean, Gernikako Estatutuan eta Foruaren Hobekuntzan mamitua, ezker abertzaleak ez du jakin Euskal Herriaren garapen instituzionalerako modurik egokiena aurkitzen. «Areago, kontra dagoela esan genezake», esan zuen HBko lehendakarigai Juan Karlos Ioldik 1987. urtean.
Azken bira hori, ongi etorria zalantzarik gabe, ez da azkena izanen, herri matxinada ereduak, XX. mendeko azken bi hamarkadetan sustatua izan zenak, funtzionatu ez duela ikusita.
Bilkide diren ene lagunek esango didate gaur beste gauza bat direla, baina ameskeria da pentsatzea 50.000 boto ezerezetik sortuak direla. Bestetik, ez dut koherente jotzen legatu bati uko egitea eta ponentzia ondorengo hitzekin amaitzea: «gorabeheratsua baina biziki emankorra izan den ibilbidearen ostean». Ez dagokit niri bide hori, ponentziak dioen bezala, oparoa eta emankorra izan ote den esatea, baina sumatu nezake Nafarroaren Egunean eginiko antzezpena, foruekiko grina berrituagatik baino, bultzatu nahi den estrategia sektore berrietara zabaltzeko apustutik datorrela.
Geroak esango du, beraz, Orixeren hitzak («Geroak esan beza, erri bat izan zan») profetikoak ziren ala ez, eta historiaren hautsetan desagertuko garen. Egiaztagarria da, ordea, herri gisa gaur dugun aitortza egile jakin bati zor zaiola eta epe luzeko planteamendu bati erantzuten diola: demokrazia, giza eskubideak eta justizia soziala.