Gerra kriminalak epaile

Josu Gotzon Landeta<br /><br />Irakaslea
2011ko urtarrilaren 9a
00:00
Entzun
Egun argiaren zurrunbiloa gainbehera datorrela gaua abailtzen hasi da, eta gizasemeok egunak inposatutako erritmoaz nekaturik gure etxeetara erretiratu gara. Egunean zehar galdutako indarrak berreskuratzeko afaldu, eta hurrengo egunaren morrontzari aurre egiteko lotara jotzen dugu. Izarapean isiltasuna eta gozotasuna nagusi.

Alabaina, batzuek amesgaiztorako txartela harturik dute, harik eta gauerditik aurrera berdez, marroiez, gorriz, edozein koloretako uniformez jantzitako piztia batzuk euren etxeetan sartu eta, indarrez eta bultzaka euren etxeetatik atera, euren familiengandik erausi, eta Txakurtegi hotz eta ankerretara eramaten dituztenean. Hortxe ezagutuko dute gizakiak jasan dezakeen traturik ankerrena, traturik basatiena, traturik lotsagarriena, sinestunen arabera Jainkoaren legearen aurka, eta sinesgabeen arabera gizakia piztiengandik hurbilago jarriz. Puntu horretan, torturaren gurpila martxan jarri da.

Hori bigarren gerra handiari buruzko film baten argudioa izan liteke —nortzuk eta Gestapokoak izan litezke uniformez jantzitako horiek—, edo gure jendartean sarri hirugarren mundua deritzon horretan gertatutako zerbaitez ari gintezke. Tamalez, hau oso fikzio erreala da: tortura Euskal Herrian ehunka auzoko, lagun edo senidek pairatu dute Espainiako indar polizialen eskuetan. Une latz horietan, inkomunikazioak egundoko babesgabetasuna ezartzen die gure herrikideei, eta indar polizialek, teorian hiritarron babesle izan beharko luketenek, estatuaren korsu patentearekin ari dira mehatxu eta jipoi, era horretan estatuaren izaera zapaltzailea agerian utziz.

Ibilbide beltz hori Espainiako agintariek markatzen dute, eta oso kontsigna argiak ezartzen dizkiote estatuko prentsa ofizialari zein, sisteman sinesten dutenen ahoan, independentziaz jokatu ohi duen botere judizialari. Eta azken arlo horretan aurkitzen ditugu operazioak agintzen dituzten epaile izeneko gerra kriminalak, nortzuk eta abertzale eta euskaldunon aurkako ehiza eta sarekadak antolatzen dituzten horiek. Epailea estatuaren morroi bihurturik, leku ederrean geratzen zaigu botere judizialaren independentzia. Epaile askok jokatu dute paper hori, eta azkenaldi honetan MHk marka guztiak hautsi ditu, atxilotuei inkomunikaziorik ankerrena ezarriz eta tortura salaketei muzin eginez. Pertsonaia horiek, egur-emaileak eurak baino piztiagoak, estatu demokratikoaren legearen babesleak direla diote, baina gizalegea hankapetik pasatzen dute lotsagorritu barik, zer egiten duten oso ondo dakitela. Hala da, ze, alde handia dugu Espainiako legetik euskaldunon gizalegera.

Orain dela 70 urte, Europa osoan antzeko piztia batzuk ibili ziren, eta horietarik asko Nuremberg-en epaitu zituzten, gerra kriminalak zirela leporatuz. Euskaldunok ere gaua larriki zauritzen duten piztia batzuk ditugu inguruan, eta larriena da gizakia larriki zauritzen duten piztiak direla, atxilotua heriotzaren mugan uzteraino batzuetan, edo atxilotua hiltzeraino besteetan, eta beste haiek egin zuten legez inoiz ere sendatuko ez diren orbanak agerian utziko dituzte. Egunen batean, gure arteko piztientzat ere —polizia, politikari, zein epaile— herriak antolatutako beste Nuremberg bat izango ahal da. Hala bedi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.