ESK sindikatuko kideak

Gerrikoak eta neurrira egindako jantziak

Iratxe Alvarez Reoyo eta Txejo Ortega Perez
2026ko martxoaren 14a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Filmaren une honetan langile klaseak bizi behar izan ditugun krisien kontua galdu dugu: finantzarioak, belikoak, sanitarioak... abizen desberdinak eta horiek gainditzeko errezeta bakarra: onurak pribatizatzea eta galerak sozializatzea. Guk galtzen dugu, haiek irabazten dute. 

Azken urteotan, gerra ekonomiak markatutako krisira eta militarizazio hazkorrera kondenatu gaituzte. Etengabeko eraso inperialistek, lurraldeen eta baliabide estrategikoen kontrola helburu dutenak, korporazio handien eta potentzia inperialisten onurak bermatzeko diseinatutako sistema ekonomiko kolonialari eusten diote. Eta bitartean, gobernu eta klase politiko gehienek beste aldera begiratzen dute, giza eskubideak, nazioarteko zuzenbidea edo koherentzia eta gizatasun zantzu txiki bat izatea ez omen dago haien lehentasunen artean.

Egiari zor, gauza garrantzitsu bakarra aberastasuna pilatzen jarraitzea da, nahiz eta horretarako erail behar den. Horrela ez balitz, zergatik adostu zuten EBko estatu kideek gastu militarrean BPGaren %5 handitzea? Diru kopuru ikaragarriak desbideratzen dituzte suntsipena eta miseria sustatzeko, baina ez eskubide sozial oinarrizkoenak bermatzeko... Tira, nor harrituko luke militarizazio grina honek? Ez zaie axola inguruan dituztenak itotzen jarraitzea, beste batzuez kezkatzeko.

Kapitalismoaren errezetak krisi hau gainditzeko ere balio du: guk gerrikoa estutzen dugu haiek neurrira egindako jantziak egiten dituzten bitartean. 2021etik gaur arte, KPIaren igoera %23tik gorakoa izan da. Hala ere, soldatek, pentsioek eta gizarte prestazioak ez dira erritmo berean garatu.

Pentsioek %21,2ko igoera metatua izan dute, baina ez dute bizitzaren garestitzea konpentsatu. Soldatetan, batez besteko igoera %17 ingurukoa da, metatutako KPIaren oso azpitik. Gizarte prestazioen esparruan ere gauzak ez du hobera egiten. IPREMa, langabezia-subsidioak eta beste laguntza batzuk eskuratzeko erreferentziazko adierazlea, %6,21 baino ez da igo, izoztuta dagoelarik 2023tik, eta gauza bera gertatzen da DSBEaren, GRaren eta GGIaren igoerekin.

KPIaz ari gara, baina horrek ez du adierazten oinarrizko ondasun eta zerbitzuen benetako garestitzea. Etxeko batez besteko gastua %4,4 igo zen 2024an, eta KPIa, berriz, %2,8. Hau da, soldatak, pentsioak edo prestazioak KPIaren arabera eguneratu arren, diruak ez du ematen.

Duela hiru hamarkada eskas enplegu falta arazo bat bazen, gaur egun enplegua izatea da arazoa, soldata bat izateak ez baitu bermatzen oinarrizko ondasunak eskuratu ahal izatea. Gure bizi baldintzen narriadura orokorra ez da soilik gure diru sarreretan islatzen. Erosketak egitera joatea luxu bat bihurtu da, eta egiteko aukera dutenek malabarrak egiten dituzte ahaleginean ez hondatzeko. Azken hiru urteetan erosketa saskia %38 garestitu da, eta soldatetan, berriz, %15etik gorako erosahalmena galdu egin dugu.

Etxeko batez besteko gastua %4,4 igo zen 2024an, eta KPIa, berriz, %2,8. Hau da, soldatak, pentsioak edo prestazioak KPIaren arabera eguneratu arren, diruak ez du ematen

Etxebizitza da egungo egoera baldintzatzen dituen beste faktoreetako bat. Etxebizitza izatea pribilegioa da. Edozein motatako bizitoki-baliabiderik eza da desberdintasunaren ardatz nagusienetarikoa eta gizarte-diziplinamenduko mekanismo bat ere, batez ere gazteenei, emakumeei*, pertsona migratu eta arrazializatuei eta guraso bakarreko familiei eragiten diena. Gai horrek sistemaren gaiztotasuna islatzen du; pisu turistikoz, hotelez eta etxebizitza hutsez betetako lekuetan bizi gara, eta herritar askok ez dute etxebizitza duin bat eskuratzeko modurik. Eta egoera horren aurrean, patronalek dakiten gauza bakarra egiten dute: negozioa edozein preziotan. Negoziazio kolektibo desorekatuak eragotzi egin du soldatek inflazio bortitza konpentsatzea. Espainiako patronalek uko egin diete sistematikoki LGS lanbide arteko gutxieneko soldataren igoera guztiei, eta bai EAEkoak bai Nafarroakoak gauza bera egin dute euskal gehiengo sindikalak aldarrikatzen genuen LGSarekin.

Patronalak langile-klaseari egindako eraso horiek ez lirateke posible izango Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren konplizitaterik gabe; izan ere, gure eskubideak defendatu beharrean, Confebaskekin eta CENekin bat egin dute. Maria Txibiteren gobernuak ez zuen tramiterako onartu ere egin Euskal Herrirako LGSa lortzeko herri ekinaldi legegilea, eta Pradalesenak, PSE-EEk, PPk eta Voxek lagunduta, eztabaida bera ere baztertu zuen, biek haien jarrera antidemokratikoa agerian utziz. Ez dute egoera konpontzen, eta, gainera, hitza ukatu eta eztabaida lapurtzen digute.

Egoera soziopolitikoak ere ez du laguntzen zailtasunak arintzen. Gure soldatak murrizten dituzte, ondasun funtsezkoenak garestitzen dituzte, eta, gainera, gure bizitzak prekarizatzen dituzte eta gure ongizatea suntsitzen dute zerbitzu publikoak pribatizatuz eta hustuz. Ez dago diru nahikorik soldata duinak bermatzeko, ezta gizarte-baliabideetan inbertsioak egiteko ere, adibidez zaintza-sistema publiko bat ezartzeko, baina bai ekonomia militarizatzeko.

ESKn oso argi daukagu langile-klasearen pobretzea ez dela koiunturala, ezta saihetsezina ere: erabaki politiko eta ekonomikoen emaitza da, eta gutxi batzuen onura lehenesten dute gehiengo sozialaren bizi baldintzen aurrean. Bizi garen munduan parte hartzeko, eragiteko eta aldatzeko, bizitza duin baten alde aldarrikatzeko eta borrokatzeko betebeharra eta eskubidea dugu, horretarako beharrezkoak diren tresnak erabiliz. Txibitek eta Pradalesek, beren jarrerarekin, parte-hartzea ukatzen digute, eta, beren politikekin, oso argi uzten digute zein interes defendatzen dituzten, eta, jakina, ez dira gureak. Ez digute pobretzeari buruz eztabaidatzen utzi, eta ez dute ezer egiten horri aurre egiteko. Horregatik, martxoaren 17an, Hego Euskal Herriko langileok lantokiak hustu eta kaleak beteko ditugu, sistema miserable honi aurre egiteko eta bere konplizeak seinalatzeko, gure kontura aberasten jarraitzeko menpean eduki nahi gaituzten gauza bakarra dela adierazteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA