1990eko hamarkadan, Jesús Gilen fenomeno politikoak arrakasta itzela eduki zuen Marbellan. Jet set zelakoa osatzen zuten pertsonaia estrainio samarrez inguratuta, Gil alkate ahalguztidunak adreiluaren sukarra muturreraino eraman zuen Malagako kostaldean. Gobernatu zuen hiriaren paisaia zeharo aldatu zen, eraikuntzaren boom-a tarteko. Alabaina, 2000ko hamarkadaren haskaldian, hirigintzarekin lotutako ustelkeria kasu izugarri bat azaleratu zen: Malaya auzia. Afera hain izan zen larria, ezen Espainiako Gobernuak batzorde kudeatzaile bat eratu behar izan zuen Marbellako Udalean, zinegotzi ugariren inputazio judizialaren kariaz. Estatuan halakorik jazotzen zen lehen aldia izan zen.
Hogei urte geroago, Getxoko Udala Marbellakoaren bertsio narrastzat jo dezakegu. Baina, oraingoan, alderdi protagonistaren siglak ez dira GIL, EAJ baizik. GILkideen ordez, JELkideak ari dira udal erakundeak beren mesederako erabiltzen. Mafien pare. Errepasa ditzagun egitate eta inguruabarrak, ulertzeko zenbateraino den larria Bizkaiko hiri biztanletsuenetan hirugarrenean gertatzen ari dena.
2001ean, Iñaki Zarraoa jelkidea alkate zela, Getxoko udalbatzak Hiri Antolamendurako Plan Orokor berria onartu zuen. Plan hark urbanizagarri bihurtu zituen Andra Mari auzoko hainbat gune eta, haserrearen haserreaz, auzokideek gogor egin zuten protesta. Izan ere, landa eremuak urbanizatuko zirela jakin zutenean, higiezinen promotore zenbaitek bertan eraikitzeko eta lurzoruarekin espekulatzeko asmoa agertu zuten. Baserri eta lursailen kokalekuan milaka etxebizitza sortzeko proiektuak aurkeztu ziren, Andra Mari deblauki transformatuko zutenak, eta ingurune naturala erabat suntsituko zutenak.
Manifestazioen eta protesten damuz, Udalak bere asmoei oratu die, gogor oratu ere. Egungo alkateak eta haren gobernu taldeko zinegotziek, Zarraoa eta Landa alkate ohien oinorde, espekulazio urbanistikoaren praktika nardagarria iraunarazi dute. Harik eta aurpegian eztanda egin dien arte. Andra Mariko aldrebeskeria urbanistikoagatik? Ez horixe. Algortako jauregitxo historiko baten eraispen zitalagatik.
2024ko abuztuan, Getxoko Hirigintza Sailak San Nikolas kaleko 11. zenbakiko jauregitxo neoklasikoa bota zuen, libre utziko zuen orubean luxuzko etxebizitzak eraikitzeko intentzioz. Une hartan, zonako egoiliarrek salaketak ipini zituzten eraispenaren kontra, eta Udalak luxuzko etxebizitzen blokeetako baten eraikuntza geldiarazi zuen. Eta ez hori bakarrik: ebazpen baten bitartez, Hirigintza Sailak jauregitxoa berreraikitzera behartu zuen kooperatiba promotorea. Orduan gelditu zen pastela ageri-agerian: kooperatiba hartako bazkideen artean... Amaia Agirre alkatearen bi kolaboratzaile zeuden. Inaxio Uriarte bata eta haren abizenkide Irantzu Uriarte bestea. Pisu handiko figurak udal gobernuan, dudarik gabe.
2026ko urtarrilaren 14an, Ertzaintzako agente oste bat sartu zen Santa Clara eraikinean, Getxoko Udaleko Hirigintza Sailaren egoitzan, ustelkeria urbanistikoa benetan gertatu dela demostratzeko frogabide bila. Badira dagoeneko zantzu argiak, uriartetar biek eta Hirigintza zinegotzi izandako Iñigo Urkitzak delitu hainbat egin zituztelakoak: eragimen trafikoa, prebarikazioa, ondarearen kontrako delitua... Labur esanda: dirudienez, getxoztar jelkideek uste dute Udal eta kortijo hitzak sinonimoak direla.
Agirre alkateak zera esplikatu zuen: «Inaxio Uriarte udal gobernutik egoztekotan izan nintzen, baina azkenean Bizkai Buru Batzarrak hartu zuen azken erabakia». Aitor Estebanek bere lotsagabekeria azaleratu zuen, honako adierazpena botaz Ertzaintzaren ikerketa erdeinatu zuenean: «Ezta Eiffel Dorrea balitz ere!». Esteban jasotako kritiketatik defendatu nahian, Jaurlaritzako bozeramaile Maria Ubarretxenak garrantzia kendu gura izan dio aferari, «jauregitxoak ez duelako kultura ondarearen pareko babesik». Deus ez ele.
Ez dakigu nola amaituko den Ertzaintzak abiarazitako ikerketa. Momentuz, U hirukoitzaren taldekoek (Uriarte, Uriarte eta Urkitza) dimisioa eman dute, EAJk behartuta. Baina ez da nahikoa, ez horixe. Jauregitxoaren inguruan jakin dena, Getxoko Udalean gertatutako ustelkeria izozmendiaren tontorra baizik ez da. Ikerketak aurrera egin behar du, eta Hirigintza Sailaz harago. Udal Euskaltegia nola erabili eta laga duten ikusi besterik ez dago!