Joseba Azkarraga Etxagibel.
EHUko soziologia irakaslea

Gogo antifaxista

2026ko azaroaren 26a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Galdera zinez muinekoa dugu: zergatik ari ote da ultraeskuina konkistatzen hainbeste gizarte eta gogo.  

Ugariak dira azalpenak, noski. Demagun, tesi materialista. Horren adibide da Case eta Deaton estatubatuarrek idatzitako Etsipenagatiko heriotzak: azken bi hamarkadetan, AEBetan nabarmen ugaritu dira droga gaindosiekin, suizidioekin edo alkoholarekin lotutako heriotzak langile zurien artean. Globalizazioarekin ez dute soilik industria eta estatusa galdu, baita aitortza, duintasuna eta etorkizuna ere. Langile-klasearen zati baten gainbehera materiala, familiak apurtuta, itxaropenik ez. Eliteak zantarki bihurtu bitartean aberatsago. Sufrimendu materialak bidea ireki zion erresumin politikoari.    

Erreakzio kontrakultural gisa ere ulertu da ultraeskuina: feminismoaren, aniztasunaren eta bestelako aldaketa kulturalen aurrean, nagusitasuna berrezarri. Gizon askoren zailtasuna, esaterako, pribilegioak zalantzan jarri eta sozializazio patriarkala berrikusteko. Zenbaitengan erreakzio ultra eragin dute frustrazioa, umiliazioa eta beldurra bezalako emozioek.

Materialismo biofisikoa ere hortxe dago. Agur Holozeno gisa ezagutu dugun hamaka klimatiko goxoari. Akabo ezinbestekoa zaigun oinarri biofisiko oparoa. Pastela negargarri banatzeaz gain, kapitalismoak krisi existentzial egundokora garamatza espezie gisa. Bizkarrezurrean halako ikara hotz bat eragiten du eta, eko-apokalipsiaren erdian, «geureak salba ditzakegu» sinetsarazi nahian ari zaizkigu. 

Eta hortxe egiten dute bat arrazakeriak, kolonialitateak eta ekofaxismoak: baliabideen arpilatze are zakarragoa, geopolitikaren militarizazioa, nekropolitikari gorazarre, gerren zilegitasuna. Munduak eskuetatik ihes egin digu eta, guztiontzako ez badago, perimetroa murriztu: lehenbizi gu. Frantzian, Le Penek babes sozialaren hizkera chauvinista darabil: ongizatea bai, baina lehenik frantsesentzat. Mugak ixteaz harago, elkartasunaren mugak berriz zedarritu. Neofrankisten aldaerak, berriz, Espainiaren batasun zentralista eransten dio, eta bere hispanismo etnikoaren aldarean sutan kiskaliko lituzke bestelako nazio eta hizkuntzak. 

Landareek zurtoina luzatzen duten bezala eguzki bila, uholdea gara burua altxatua dugunok logika antifaxistekin antolatzeko ekonomia, energia, geopolitika, komunitatea, identitatea, psikismoa. Landuz norabide desiragarri bezain sinesgarri eta posibleak. Beldurrarena ez, zabalduz itxaropenaren perimetroa

Azalpen politiko-estrategikoa deituko diogu: sozialdemokraziaren traizioa, esango luke baten batek; beste batek, alternatiba sinesgarria eskaintzeko ezker eraldatzaileak duen ezina (kapitalismoa inoiz baino gutxiago denean etorkizun). Nolanahi delarik, ultraeskuinak besteek utzitako hutsunea izan du haztegi.  

Ezaguna da azalpen komunikatibo-teknologikoa: sare sozialak, algoritmoak, desinformazioa eta polarizazioaren negozioa. Batetik, algoritmoek eskuinera lerratzen gaituzte. Bestetik, plataformen logikak ikusgarri bihurtzen ditu haserrea, beldurra, mesfidantza eta polarizazioa elikatzen dituzten diskurtsoak. Konplexutasunak eta ñabardurek, aldiz, nekez dute lekurik arretaren ekonomia berrian.

Azalpen politiko-instituzionala ere behar dugu. Altsasuko gazteen kasuan, tabernako istilu baten aurrean fiskaltzak amaieraraino eutsi zion terrorismo akusazioari, baina zein bestelakoa izan den Bloque Nacionaleko neonaziei emandako tratua, Auzitegi Nazionalak nola Guardia Zibilak. Behetik sortzen den erreakzio espontaneoa? Goitik ere eraikitzen da ultraeskuina: kapital handien finantzaketa, komunikabideen eta plataforma digitalen ekosistemak, think tank-ak, alderdien arteko aliantzak, eta baita botere judizial eta polizialaren jardun desberdindua ere. 

Antropologia ebolutiboak eta neurozientziek ere pista iradokitzaileak eskaintzen dituzte. Gizakion nerbio-sistemak mehatxua atzematen duenean (demagun animalia basati baten aurrean), kortex prefrontala desaktibatu eta burmuineko zirkuitu primitiboek eta amigdalak hartuko dute kontrola. Biziraupenaren alde, automatismo instintibo horrek amorruz nahi ditu talde babeslea, autoritate sendoa, perimetroa ondo markatu, anbiguotasun oro errotik erauzi. Ziurgabetasunez lepo gauden honetan, eskuina maisuki zukutzen ariko litzateke ondare filogenetiko hori, mezu sinplifikatzaileen bidez: ordena, segurtasuna, errudun identifikagarriak eta talde-nortasun sendoa.    

Tolestura sakonei so, psikoanalisiak ere eman digu azalpenik. Christopher Bollas psikoanalistak «fascist state of mind» kontzeptua proposatu du. Antolaketa psikiko jakin bat ere izan daiteke faxismoa. Iradokitzailea da abiapuntua: gure gogoa ez da ahots bakar batek gobernatutako espazio homogeneoa. Parlamentu baten antza du. Bertan bizi dira sarri elkarren aurka egiten duten desira eta bulkadak: enpatia eta haserrea, eskuzabaltasuna eta inbidia, maitasuna eta oldarkortasuna. Gizaki izatea, hein handi batean, indar horien artean etengabe negoziatzea da.

Bollasek «gogo parlamentarioa» (parliamentary state of mind) deitu zion barne-aniztasun horrekin bizitzeko gaitasunari. Aldiz, inperiala da gogo faxista: anbibalentzia jasanezin bihurtu da, ahots batek beste guztiak isilarazi ditu, zalantza desagertu da. Noski, kanpoan etsaia aurkitzeak laguntzen du barneko etsaia isilarazten, bestearengan proiektatu baititzaket neure miseriak. Garai hiper-indibidualistan, gorrotoak lotura ere eskaintzen du, gainera. Etsai komunak komunitatea eraikitzen du.  

Beraz, ultraeskuinak ordena psikiko bat ere agintzen du, politikoaz gain. Alegia, joera ultra ez da soilik beldurretik ihes egiteko modu bat, premia oinarrizkoak ere ase ohi ditu, eta hortik bere erakargarritasun afektiboa: parte izan, indartsu sentitu, nagusitasuna erakutsi eta, norbere kontraesanak isilarazita, batasuna berreskuratu. Faxismoak badu mikrofundazio psikikoa. Eta beharbada hortxe dago desafio demokratikoaren geruza intimoena: demokrazia geure baitako parlamentua bizirik mantentzea ere bada. 

Azalpen ugari, finean. Baina ez dirudi azalpenetan katramilatzeko garaia. Ultraeskuina ez baitago azalpenen zain: antolatzen, zabaltzen, erakartzen, boterea eskuratzen ari da. Ez bistatik galdu, ordea: landareek zurtoina luzatzen duten bezala eguzki bila, uholdea gara burua altxatua dugunok logika antifaxistekin antolatzeko ekonomia, energia, geopolitika, komunitatea, identitatea, psikismoa. Landuz norabide desiragarri bezain sinesgarri eta posibleak. Beldurrarena ez, zabalduz itxaropenaren perimetroa. 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA