EHUko Gizarte Antropologiako irakaslea, Ekopol ikerketa taldeko kidea

Gora Euskadi fosilista!

2025eko maiatzaren 17a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Gaurkoan Euskadiri bakarrik, mendebaldeko hiru herrialdeei egingo diegu kasu, edo kargu, Nafarroa eta Ipar Euskal Herriko egoerak diferenteak baitira, agian ez hain larriak, EAEn ikusten ditugunak bezalakoak ez. Euskadi fosilista, bai, eta, antza, harro horrela izateaz, eta jarraitzeko asmoz. Bai bere egoera materialean, bai bere kultura edota ideologia publikoan, Euskadi bereziki fosilista da, erregai fosilek eragiten duten gizartea da, agian Europako fosilistenetakoa. Eta, gainera, produktu horien lehengaietan, urri, pobre, erabat dohakabea.

Materialismo edota Ekologia kulturalaren ikuspegitik (Harris, Steward, White, Rappaport,..), baldintza materialak eta portaera kulturalak, eta bi polo horien erdian gobernantza ereduak, elkarren artean era dialektikoan loturik daude, noranzko bakarreko determinismorik gabe, modu korapilatsuan, agian, baina betiere harreman-lerroak trazatu daitezkeela. 

Gure bizimodu materialaren historia Bizkaiko mendebaldeko kostaldean hasten da: hortxe, 15 kilometro eskaseko luzeran daukagu Petronor findegia (Repsol): hara ailegatzen da petrolio konbentzionala edota hondar bituminosoak, eta irteten da fuela eta gasolina; eta Bilboko (super)Portua: zoruaren jabego publikoa, enpresa publiko edota pribatu askoren kokalekua, ustiaketa ilun eta opakua, hara ailegatzen da AEBetako (edota Errusiako) fracking-eko gas naturala, likidoa, eta bertan birgasifikatzen da edota erretzen da eta elektrizitatea sortu, edota... Santurtzin eta Zierbenan dagoen Bilboko (super)Portuan gas naturalaren hub bat dago, hau da, nodo bat, non negozio horren hari asko korapilatzen diren, inguruko hankabikook ia ezertaz jabetu barik. 

Azken 4-5 hamarkadetan Euskadin hegemonikoa den botereguneak Petronor heredentzian jaso zuen frankismotik, baina gas naturalaren hub-a propio sortua du, eta teorizatua: 90eko hamarkadaren bukaeran gas naturalaren aldeko apustua egin zuen, eta horrela erregai fosilen eredua erabat errotu. Garai bertsuan, jelkideek harro gogoratzen duten moduan, Jose Maria Aznarrek —Madrilen gobernua eskuratzeko irrikan— onartu zuen zerga bereziak, tartean hidrokarburoen gainekoa, Euskadiko hiru ogasunek bildu ahal izatea. Eta horrela bertako gobernantza ereduaren oparotasuna bermatu zuen.

Kapital fosilaren jarioa oparoa da Euskadin, eta horregatik autobideak, errepideak eta baso-bideak noranahi eta ongi asfaltaturik daude, eta fuela eta gasolina ere ugariak dira, eta prezioak, beste edonon bezalakoak, baina low cost aukerak eta abarrak ere ohikoagoak dira, findegitik hurbil egoteagatik. Eta horrela soldata duinak, eta apur bat gehiago ere, ziurta daitezke zenbait sektore publiko zein pribaturentzat eta, beraz, gure kultura publikoan bizimodu ideala horren inguruan eraikitzen da: familian pare bat kotxe (edo gehiago, eta baten bat 4x4a), etxea ondo berotua eta hobeto freskatua —baserri-txaleta baldin bada hobeki, arrakastaren seinalea da— eta, noski, opor guztietan eta kiroletako edota kulturako ekitaldiak direla eta, bidaiak eta bidaiak, askotan low cost ere bai, telebista publikoan nazkaraino goraipatuak. 

A, bueno, hau guztia problema izugarria dela, gaur egun, klima aldaketaren ondorio lazgarrienak ekiditeko lehenbailehen ekonomia fosil batetik energia berriztagarrietan oinarrituriko eredu batetara joan behar dugula,... hor konpon, Mari Anton, eta ni bertan goxo egon! Eta atzetik datorrena... Euskadi fosilistan bizi gara eta gora! Begira, bestela, gobernantzan hegemonikoa den botereguneak —egoeran goxo dagoela zalantzarik balego— zer-nolako politika egin duen energia berriztagarriak bultzatzeko: eredu mega-industriala (eta fosilista azpiegiturak eraikitzeko orduan), hiritarrek eta udalerriek parte hartzeko zero aukera, ekimen pribaturako lekuen katalogoa den eta planifikazio publikorako galga den Lurralde Sektoreko Plana... Eta, hori bai, automobil pribatuak erosteko laguntza publikoak eta errepideen eta bestelako azpiegitura fosilisten etengabeko parrasta.

Hau da, boteretik eroso daude fosilismoan —bueno, Urkulluren garaian emergentzia klimatikoa aldarrikatu zuten, baina norbait gogoratuko?—, eta argi dago energia berriztagarriak zabaltzeko prozesuak porrot egitea nahiago dutela, batez ere erraza badute beste batzuei horren ardura leporatzea.

Eta horretan ondo lagunduta daude: alde batetik, gizarte mugimenduen alorrean, hamarkada luzeetan ukazioa baino beste aukerarik ez duen ekologismoan (baina horretan oso know how aberatsa eskuratu eta zenbait garaipen lortu, hala nola fracking-en kontra) jite milenaristak hartu du fokua, naturaren isla bezainbat konstrukto soziala den Lurraldea kontzeptu korapilatsua fetitxizatu eta purutasunari heldu, ahalik eta estrategia horren mugak ikusita (NIMBYen kateaketa posible izan daiteke azpiegitura linealen kasuan, baina tokian tokikoetan zero gehikuntzako jokoa da eta lokal mailan mobilizatzen den jendea konturatzen da).., su eta ke lehertu arte baino ez da geratzen.

Bestalde, oposizioko talde handiena ere ez da oso fin ibili. Sinesgarria da trantsizio zuzena bultzatu nahi duela, baina abiatu nahi izan zuen bi multinazionalen eskutik —bata bertakoa, bestea nordikoa—, jendearekin hitz egitea alboratu du, eta gainera mespretxatu egin du daukan hoberena: udalgintza. Ea orain ez duten erosten, beste askotan legez, kanpotik ezarri nahi dieten gerra-markoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.