EHUko Giza Eskubideen eta Botere Publikoen Unesco Katedraren izenean, 2024ko Gorroto-gertakarien txostena aurkeztu berri dugu ekainaren 18an, Eusko Legebiltzarrean. Bada zortzigarren txostena, Ertzaintzarekin elkarlanean plazaratzen dena, jadanik 2016 eta 2024 urte bitarteko denbora-esparrua aztertuta geratzen delarik.
Gorroto-delituak ez baizik eta gorroto-gertakariak dira aztergai. Alderdi honek badu berebiziko garrantzia. Izan ere, ez baitira zenbatzen, ezta jorratzen, epai irmo baten ondorioz ezarritako delituak, baizik eta hasiera-hasieran poliziak ezagutzen dituen kasuak —gertakariak—, ikertzeari ekingo diotenak eta apika gero Fiskaltzarako edota epaitegietarako bidean jarriko dituztenak. Beraz, une honetatik aurrera bi kontzeptuak, gertakaria eta delitua, modu berezian erabil ditzagun.
Txostenaren metodologia erraza da: Ertzaintzak urte oso batean izandako gertakariak bildu eta guri, Katedrari alegia, pasatzen dizkigu guk azter ditzagun. Aurten 236 izan da gertakarien kopurua. Kopuru absolutu hori pixka bat (-%16) jaitsi egin da aurreko urtearekin konparatuta. Horietatik ia bi herenak (%62) gertakari arrazista eta xenofoboak dira, alegia kanpotarren kontrakoak. Bigarren talderik erasotuena LGTBIQ+ multzoa dugu, homofobiak eta transfobiak gertakari guztien %23 osatzen dutelarik. Ideologiarengatiko erasoak %7ra ere ez dira iristen, eta genero-arrazoiak direla-eta aurrera eramandako erasoak %4 baino ez dira izan. Hemendik aurrera oso kopuru txikitan erlijioarengatiko taldea (%2,5), desgaitasuna duten pertsonen taldea (%0,8) edo antisemitismoagatikoa (%0,8) ditugu.
Honaino datu batzuk. Baina balora ditzagun. Orain arte deskribatu den gorroto talde-mapak non kokatzen gaitu gure Europako kultur esparruan? Gertakari asko ditugu ala gutxi? Talde erasotuen banaketa antzekoa da aldameneko herrialdeetan? Zelakoak dira gertakari horiek, larri xamarrak? Ondo gaude ala ez?
Gure herrian izan den indarkeria politikoa kontuan hartuta, norbaitek pentsa lezake gorroto-delituetan txapeldun izan beharko genukeela. Baina, esan berri dugun bezala, oso portzentaje txikia dugu mota horretako (ideologiarengatiko) gertakarien kasuan: %7ra ere ez dira iristen. Espainiako datuekin alderatuta, nabarmen beherago gaude, izan ere Espainiako Barne Ministerioak argitaratutako azken datuen arabera ideologiazko gorroto-gertakariak %16 ziren: ia bikoitza. Kautela osoz, datu horrek poztu beharko gintuzke: batzuetan entzuten eta zabaltzen diren diagnostiko katastrofisten aurrean ez omen gaudelako ba hain gaizki, eta esan genezake, adierazle honetatik begiratuta, gure elkarbizitzan, gure berradiskidetzean, aurrera goazela.
Europako aldamenetako herrialdeetan (hala nola, Ingalaterra eta Galesen, Eskozian, Ipar Irlandan, Frantzian, Alemanian…) antzeko egitura dute haien gorroto talde-mapari dagokionez: arrazakeria-gertakariak nagusi (%60 eta %70 artean) eta transfobia-homofobia beste laurden bat (%25 inguru) direlarik. Denek dituzte —guk bezala— zailtasunak desgaitasuna duten pertsonen aurkako erasoak argitara ateratzen, hor zifra beltza izenekoa (ezagutzen ez diren delituen zifra alegia) bereziki sakona delako. Baina taldeak gorabehera, aipatu herrialde europarretan gorroto-gertakarien eta gorroto-delituen mapa askoz larriagoa da gurean baino. Alemanian, esaterako, indarkeria-delituen zenbakiak eta larritasuna ikaragarrizkoak dira: hala nola 17.000 gorroto-gertakari baino gehiago zenbatu zituen Poliziak 2023an, haien artean 2.000k baino gehiagok lesio-delitua osatzen dutelarik eta hogei inguru giza hilketak direlarik. Muin horrek ikaragarrizko inpaktua dauka gizarte-kohesioan. Euskadin, ordea, lesioei dagokienez gorroto-gertakarien kopurua %38koa izan arren, gehienak momentuz arinak dira eta seitik ez dira pasatzen larritasun handia erakusten dutenak. Horiei gehitu beharko litzaieke gure artean, eraso larri gisa, beste sei gorrotozko sexu-eraso ere izan ditugula, haietatik bi bortxaketak, eta giza hilketa (saiakera) bat. Larritasuna, beraz, une honetan kontrolpean dugu, eta hori bada zaindu beharreko alderdia.
Bestetik, gorroto-diskurtsoa, alegia, hitz(huts)en bitartez taldeei erasotzen dieten gorroto-gertakariak %12an egonkortu dira: hauek izango lirateke Zigor Kodearen 510 artikuluari legozkiokeen jarduerak, diskriminaziorako, indarkeriarako edota gorrotorako deian dautzanak. Pixkana-pixkanaka, ordea, propaganda-gertakariak gutxitzen doaz txostenen historikoan eta gero eta hobeto detektatzen dira egitatez aurrera eramaten diren gertakariak (lesioak, kalteak, sexu-erasoak…), hitz hutsen bitartez gauzatzen direnak (mehatxuak, irainak, kalumniak…) baino.
Orain arte estatistika poliziala deskribatu dugu. Horrek, ordea, ez digu delitugintza mota honetako irudi erabat osatua ematen. Estatistika judiziala beharko genuke, jakin ahal izateko poliziek ikertzen dituzten gertakarietatik zenbat eta nola heltzen diren —helduz gero— kondenatuak izatera. Legez 2022tik epaileek estatistika on bat eduki eta argitaratu beharko lukete; baina ez dute. Hortaz, ez dakigu zenbat kondena dauden: itsu gaude alderdi horretan. Fiskaltzak ematen dituen datuetatik ondorioztatzen da, ordea, oso gutxi iristen direla kondenatuak izatera. Eta hor dago gakoa: kondenarik gabe eta horien berri eduki gabe, arriskua dago beste lekuetatik egiten den lana zapuzteko. Eta, are txarrago, arriskua dago biktimak desbabesteko, zigorgabetasuna nagusitzean.
Estatistika poliziala hobetu daitekeen arren, delitugintza honetan fokua epaileengan jarri beharko litzateke, haien trebakuntza gaiotan sustatuz, beste aldi batean genero-indarkeriarekin gertatzen zena gorroto-delituetan gerta ez dadin: alegia, delituak izan badira, baina ez ditugu ikusi nahi. Edo hobeto esanda: epaileek, oro har, badirudi ez dituztela delituok ikusten; izan ere, egon badaude-eta.