Smartphonea utzi eta tapa duen mugikorrera itzultzeak nire bizimoduan eduki duen aldaketa sakonari buruzko gogoeta duzue honakoa. Pentsatzearen eta aspertzearen alde, berriro erabakitzeko gai izan gaitezen.
Egia esateko, ez naiz oso ondo gogoratzen noiz izan zen tapa duen mugikorrera pasatzea erabaki nuen lehen aldia, badakizue, deiak egiteko baino balio ez duten horietakoa, zorte pixka batekin gehienez ere bi pixeleko argazkiak ateratzeko gai dena. Uste dut duela lau edo bost urte izan zela, batxilergoa hasi baino pixka bat lehenago.
Ez dakit zehazki zergatik izan zen ere, baina, zalantzarik gabe, nire bizitza osoan hartu dudan erabakirik onenetakoa izan zen. Bizitza honetan zerbait ikasi badut, hori ikasi baitut hain zuzen ere: ondo egongo naizela pantailatxo madarikatu hori gabe; ez bakarrik ondo, baizik eta hobeto.
Gure belaunaldiaren gezurrik handiena da sinestea pantaila bat eskura izan gabe 24 ordu ere ezin ditugula igaro; edo, hobeto esanda, gezurra baino gehiago, gutako bakoitzak geure buruari jartzen diogun aitzakia dirudi, mendekotasuna justifikatzeko. Internetek eskaintzen duen leiho horretara iritsi ezin izateak ez nau errealitatetik urrunago bizi den pertsona bihurtu; alderantziz. Orain gelditu, behatu eta gero zentzuz eta koherentzia minimo batekin balio judizio bat egiteko gai naiz.
Gure belaunaldiaren gezurrik handiena da sinestea pantaila bat eskura izan gabe 24 ordu ere ezin ditugula igaro; gutako bakoitzak geure buruari jartzen diogun aitzakia dirudi, mendekotasuna justifikatzeko
Hala ere, neure buruarekin zintzoa izanda, ez zait iruditzen gizateriak egin duen akatsik handiena denik, noski. Okerragoa izango zen 90eko hamarkadan gazte izanik zure lagunak heroinaren ziztada baten ondorioz hiltzea; okerragoa tuberkulosiak hiltzea ere. Hemen bakoitzak eragiten dion horretaz egin dezake kexa, eta ni pertsonalki nazkatuta nago gure denbora teknologia-enpresa handien mesedetan nola agortzen den ikusteaz, gure bizitza RGB koloreen konbinazio zirraragarri baten aurrean igarotzen.
Urtebete baino gehiago eman nuen tapa zuen mugikor harekin, baina hainbat eragozpenen ondoren, nire telefonoa berriro piztea erabaki nuen. Kontua da urte erdiz Iruñera joan nintzela bizitzera, Alde Zaharreko apartamentu polit batera. Arazo txiki bat baino ez zuen: ni ikasle moduan nengoen han eta etxeak ez zuen wifirik, eta, noski, ez nuen ezer kontratatzeko asmorik eduki. Azkenean, mugikorreko datuak partekatzen hasi nintzen Internet-konexio gisa, eta, nola ez, nire pantaila-orduak hirukoiztu egin ziren.
Kontua da, pilatutako antsietate guztiaren ondoriozko krisi txiki baten ondoren eta bihotzeko taupadak moteltzen saiatzen igaro nituen egun batzuen ostean, erabaki dudala sinestea berriro hobeto egoteko aukera bat eduki dezakedala.
Agian oso diru gutxi daukat psikologo batekin bi terapia-saio baino gehiago egiteko, baina bada inoiz galdu nahi ez dudan zerbait: nire agentzia.
Zikloa apurtu eta beharrezkoa izan arte mugikorra itzaltzeko gaitasuna. Neure burua introspekzioaren bidez ulertzeko gaitasuna, nire buruaren argitasuna. Urte hauetan guztietan zaindu nauten pertsonengan behar dudan babesa aurkitzeko gaitasuna; ez bere burua guru izendatu duen edozeinen bost orrialdeko PDF batean, are gutxiago hamabost segundoko bideo batean, non jasotzen dudan bakarra hain sinplea eta hain hutsa den esaldi bat den, non, hain zuzen ere horregatik, edonor senti daitekeen harekin identifikatuta.