Menpeko den Aberria da gurea: Euskadi. Bi estatuk erdibitua. Gure Herriaren etorkizun politikoa erabakitzeko eskubidea ukatzen digute, eta euskaldunok geure identitatearen biziraupena egunez egun borrokatu beharra daukagu, bizirik iraungo badugu. Horretan dihardugu jeltzaleok 1895. urteaz geroztik, bidea eginez Nazio hau estatu independente izan dadin eta bere nortasunari eutsi diezaion.
Bide horretan, euskaldunok hitzordu garrantzitsua dugu Bilbon larunbatean, azaroaren 14an. Euskadik Venezuelaren aurka jokatuko du 20:00etan San Mamesen; kirola, Herri-memoria eta aldarrikapena uztartuko dituen partidan. Sinbolismo handiko partida izango da, zalantzarik gabe: 1937an, gerra bete-betean, Eusko Jaurlaritzak —Jose Antonio Agirre buru zuela— Euzkadiko futbol selekzioa munduan zehar jokatzera bidali zuen, lehenik Europan barrena eta gero Hego Amerikan zehar, euskal kausa nazioartekotzeko eta Euskadik bizi zuen egoera larria ikusarazteko.
Gerra galdu zenean, milaka euskaldunek, erbestera ihesean zebiltzala, Venezuela hautatu zuten bizileku, eta hala, bi nazioen artean lotura sendoa eraiki zen.
Lotura horrek fruitu andana ekarri zituen, eta espainiar erregimenaren aurkako erresistentzian Venezuelak garrantzi handia izan zuen: lehen euskal erbesteratuak heldu zirenetik, Euskal Etxeek bizia eman zioten Euskadin debekatuta zegoen orori. Gainera, 1965etik 1977ra, EGIkide talde batek Venezuelako oihanetik Radio Euzkadi emititu zuen ezkutuan, Euskadiko herritarrek beste inola lortu ezin zuten informazio eta edukien berri izan zezaten. Publikoki, Bizkaiko golkoko Txalupa izeneko ontzi batetik emititzen zela esaten zen, frankismoak begia Venezuelan jarri ez zezan.
Larunbata da ofizialtasuna ukatzen zaion gure Euskal Selekzioak mundu mailan jokatu ahal izateko aldarria lau haizeetara zabalduko dugun eguna
Larunbateko partidan iraganari begiratzeko ez ezik, Herri honek irabazteke duen etorkizuna aldarrikatzeko eguna ere bada; ofizialtasuna ukatzen zaion gure Euskal Selekzioak mundu mailan jokatu ahal izateko aldarria lau haizeetara zabalduko dugun eguna.
Bada nazioarteko selekzioen auzian futbola eta politika bereizi behar dela dioenik, halakorik posible balitz bezala. Taldeak nazioka eratzen dira, eta nork parte har dezakeen eta nork ez arrazoi politikoen arabera erabakitzen da; estatu bariko Nazio batzuei (Eskozia, Ipar Irlanda, Curaçao…) parte-hartzea baimentzen zaie eta beste batzuei debekua ezartzen digute. Behin txapelketan sartuta, nazio bakoitza bere bandera harrotuz azaltzen da, bere ereserkia abestuz, dinamikak herritar bakoitza bere nazio-taldearekin lerratzera eramaten duelarik.
Futbola, gaur egungo gizartean, ez da kirol bat soilik; pertenentzia sentimendua indartzen duen bozgorailu soziala ere bada. Espainiak zein Frantziak ondo dakite hori: udan maisuki erabili zuten Munduko Futbol Txapelketa Euskadin hainbeste min eragin duen sinbologia normalizatu eta euskal gizartea asimilatzeko.
Are gehiago, Espainiak Euskal Selekzioaren auzian historikoki izan duen jarrera ikusi besterik ez dago; nazioartean ofizialki jokatzeko aukera-zirrikituak ikusi direnean eta Euskadiko Futbol Federakundeak UEFAn sartzeko eskariak egin dituenean, Espainiak UEFAn presioa egin du Estatutuak aldatu eta aukera horiek debekatzeko (2001 eta 2016ko aldaketen bidez).
Debeku horiek gainditzeak herri-babesa eta ekintza politikoa ditu ezinbesteko osagai. Hala lortu genuen EAJko Kongresuko taldearen ekimenez, Espainiako Kirolaren Legeak nazioarteko lehiaketetan tradizio historikoa duten kirolen —pilota edo surfa, esaterako— ofizialtasunera iristeko bide legalak aitortzea. Aurrerapauso honi esker, uda honetan Munduko Pilota Txapelketan lehiatu eta hamabi domina lortu ahal izan ditugu, gure kirolaren indarra eta nazioarteko maila agerian utziz. Eta orain, Euskal Futbol Federazioak nazioarteko ofizialtasuna lortzeko bidea berrabiarazi du onartu genuen lege bera erabiliz.
Hau da bidea, eta orain, Herri osoaren bultzada behar dugu. Horregatik, zazpi lurraldeetako euskaldunok larunbatean Bilbon aldarrikatuko dugu euskal selekzioen nahi eta garrantzia. Garenak izan nahi dugulako, ez inoren zati.
Gure ordez, inork ez!