Hapoelen eta Maccabiren aurrean, estadioa hustu, kaleak bete

Koldo Aldalur eta Alvaro Rubio
2026ko martxoaren 12a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Izugarria izan da azken urteetan Palestinan bizi dutena, eta oraindik ere hala izaten jarraitzen du. Hala ere, genozidio bat aurrera eramatea ez da arrazoi nahikoa izan Mendebaldeko estatuentzat Israelekin dituzten harremanak eteteko. Izan ere, gerra ez da bakarrik arlo militarrean jokatzen, joko zelai kulturala ere badu.

Horregatik salatu nahi dugu martxoaren 27an eta apirilaren 7an Tel Aviveko Hapoel eta Maccabi saskibaloi talde israeldarrak Gasteizera jokatzera etortzea ez direla kirol ekimen soilak, Israelgo erregimen kriminala normalizatzeko ekimenak baizik.

Kirolak gizartean duen garrantzia eta eragina ezaguna da, aspaldidanik gainera. Zoritxarrez, Israelek garrantzi hori erabili egiten du garbiketa etnikoa aurrera eramateko behar duen babesa eskuratzen saiatzeko.

Israelgo armada 'Berun urtua' operazioan (2009) egiten ari zen sarraskiaren erdian Maccabi taldea Gazara gerturatu zen armadari babes-bisita egiteko. 2014an, 'Babes hesia' ofentsiban armadaren lagunen elkartearentzako diru bilketa bat antolatu zuen

Zer harreman du horrek Gasteizen jokatu nahi duten talde israeldar horiekin? Bada, kirol talde horiek Israelgo erregimen kriminalaren aurpegi garbiketaren alde egiten dutela. Alde batetik, nazioartean Israel normalizatzen dute, beste edozein herrialdetako edozein talde soiltzat irudikatuz. Eta beste aldetik, Israel barnean sarraskiek sor ditzaketen kontraesanak arintzeko tresna dira, ofentsiba israeldarrei babes esplizitua emanez. Esaterako, Israelgo armada Berun urtua operazioan (2009) egiten ari zen sarraskiaren erdian Maccabi taldea Gazara gerturatu zen armadari babes-bisita egiteko. 2014an, armadaren Babes hesia ofentsiban armadaren lagunen elkartearentzako diru bilketa bat antolatu zuen. Horregatik guztiarengatik, talde horiek nazioarteko BDZ kanpainaren jomugan daude, Israelen enbaxadore bezala betetzen duten funtzioarengatik.

Euskal Herrian, aurpegi garbiketa horren parte izan nahi ez dugula argi adierazi dugu behin eta berriz. Iaz Vuelta txirrindularitza txapelketan ikusi zen bezalaxe, aurten ere genozidioarekin konplizitaterik ez dugula nahi adierazi nahi dugu. Urteak dira Maccabi Tel Aviv taldea Gasteizera etortzen dela, eta Gasteizko eragileek, Palestinaren aldeko aldarriz beterik, erantzun argia eman dutela: ez dute Israelgo ordezkaritzarik nahi.

Partida hauetan zeresana duten erakundeei, Euroligari eta Baskonia klubeko zuzendaritzari zein Eusko Jaurlaritzari, Arabako Diputazioari eta Gasteizko Udalari: bada garaia genozidioarekin konplizitaterik nahi ez duen herriaren borondatea errespetatzeko, utzi martxoaren 27ko eta apirilaren 7ko partidak bertan behera.

Erregimen israeldarrarentzat horrelako ekimenak garrantzitsuak direlako, funtsezkoa da halako ekimenak ekiditea, Israelen aurkako presioa handitzen laguntzen duelako. Norabide horretan egongo diren mobilizazioei gure babesa erakutsi nahi diegu. Hortxe dugu guk gure joko zelaia.

Babesa eman dioten kirol kazetariak: Koldo Aldalur, Xabier Usabiaga, Fermin Aramendi, Juanan Legorburu, Anartz Agirre eta Agustin Benito. Kirolariak: Xabier Oroz, Aitor Zubizarreta, Gaizka Maiza eta Lander Lasa, Jagoba Beobide, Mikel Aranburu, Joseba Ezkurdia, Martxel Iztueta, Xabi Tolosa, Alex Txikon, Ekaitz Maiz, Adolfo Madinabeitia, Julen Berrueko, Mikel Inoriza, Alvaro Rubio, Gorka Izagirre, Eukene Larrarte, Unai Zubeldia, Eñaut Urkaregi, Ander Martinez de Rituerto, Eneko Carrascal eta John Cabang.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA