Haurreskolak etorkizun bila

Sonia Perez, Iban Albisu eta Ane Perez
2017ko urriaren 17a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzak eta zenbait udalek Haurreskolak Partzuergoa sortu zutenetik 14 ikasturte igaro dira dagoeneko, 2003an sortu baitzituzten. Urte hauetan, haurreskolen kopurua biderkatu egin da (235era arte), eta baita langile zein haien zerbitzua erabiltzen duten familia eta haurrena ere.

Haurreskolak Partzuergoak denbora honetan eskaini duen zerbitzuak euskal jendarteari zer-nolako onura ekarri dion inork ezin du zalantzan jarri. Bere helburuetan jasota dagoen moduan, «Haurreskolak Partzuergoaren helburua 0 eta 2 urte bitarteko haurrei zuzendutako hezkuntza-zerbitzu osoa eskaintzea da, hala nola laguntza soziala, bereziki lana eta familia bizitza bateratzearen arloan», besteak beste. Ikasturte hauetan guztietan, milaka haur eta familia pasatu dira urtez urte, beraz, Haurreskolak Partzuergoak gaur egun dituen 235 zentroetatik.

Hala ere, badira gobernu hau, benetako haur eskola eredu publiko baten alde egin beharrean, pribatizazioaren alde ari dela agerian uzten duten datuak:

Familia guztiek 91 euroko aurrematrikula eta gehienek 208 euro ordaintzen dituzte hilabetero. Haurreskolak Partzuergoan haurrak matrikulatzeagatik ordaindu behar duten dirutza ordaindu beharko ez balute, matrikulazio datua beste bat izango litzateke.

Eta, matrikulazio epe nagusia maiatzera arte atzeratu beharrean, Euskal Hezkuntza Sistema osatzen duten gainontzeko eskolekin batera burutuko balitz (sare pribatua barne), matrikulazio datua beste bat izango litzateke.

Administrazioak berak, Haurreskolak Partzuergoan matrikulazioa sustatzeko plan bat gauzatuko balu (publizitate kanpaina indartsua behar den momentuan, esaterako), matrikulazio datua beste bat izango litzateke.

Haurreskolak Partzuergoa Hezkuntza Sisteman irla bat izateari utzi eta bertan matrikulatzen diren haurrei sisteman bertan eskola-bidea ziurtatuko balitzaieke, matrikulazio datua beste bat izango litzateke.

2017ko irailean jakin izan dugun moduan 0-3 urteko zikloa eskaintzen duten eskola pribatuei 24,6 milioi euroko diru-laguntza eman beharrean (272 zentro, itunik ez duen zikloa izanik), diru hori Haurreskolak Partzuergoaren finantzaketa hobetzeko erabiliko balitz, matrikulazio datua beste bat izango litzateke. Eusko Jaurlaritzaren beraren bozeramailea den Erkoreka jaunaren esanetan, «Haurreskolak Partzuergoaren eskaintza osatzen dute eskola hauek». Osatu, zer? Erkoreka jaunari inork esan al dio Eusko Jaurlaritzak eta Haurreskolak Partzuergoak eskaintzen dituzten plazen erdiak hutsik zituztela 2017ko irailean? Ez al dute hutsik dauden plaza horiek nahikoa osatzen Haurreskolak Partzuergoaren eskaintza?

0-3 etapan aukera berdintasuna, doakotasuna, denona eta denontzat izan beharko litzatekeen eredu baten alde egin beharrean, eredu pribatu baten alde egiten du EAJk. Horren guztiaren atzean bestelako interesak daude, interes politiko, ekonomiko eta ideologikoak, egungo segregazio egoera mantentzeko apustu politiko garbia. Sare pribatuaren egungo pribilegiozko status-quo mantentzearen aldeko apustua. Gogoratu Haurreskolak Partzuergoko matrikulazioa %20 jaitsi dela azken urteetan eta plazen erdiak hutsik geratu direla.

Orain arte aipatutako guztiak zuzen-zuzenean eragiten du haur eskoletako hezitzaileen lan-baldintzetan. Azken 5 urteetan 130 langilek baino gehiagok galdu dute beraien lanpostua. Egungo prekaritate eta behin-behinekotasun tasa ikaragarria (%40koa) mantentzea beharrezkoa du gobernu honek zerbitzu horren pribatizazioarekin jarraitzeko. Erabili eta botatzeko langileak behar ditu horretarako. Herri batzuetako haur eskola publikoen etorkizuna kolokan dago herriko eta inguruko ikastetxe pribatuetara bideratu delako matrikulazioa. Sare pribatuan haurrek eta langileek jasaten dituzten baldintzek aparteko eztabaida mereziko lukete.

Steilas sindikatuak Haurreskolak Partzuergoaren etorkizuna ziurtatuko duen bideragarritasun plan bat aldarrikatzen du. Prekaritatea kudeatzeari utzi eta Haurreskolak Partzuergoa, behingoz, Euskal Hezkuntza Sisteman integratuko duen plan bat, familia eta haur guztiei babesa eskainiko dien plan bat, langilegoari etorkizuna ziurtatuko dion plan bat, jendartean ezberdintasunak ekidingo dituen plan bat. Hori gauzatzen ez den bitartean, Steilasek ez du egoera hau zuritzeko besterik balio ez duten bileretan parte hartuko, harik eta benetako negoziazio bat egon arte.

Langile eta familiak iaz hasitako eta aurten jarraipena duten mobilizazioetan parte hartzera deitzen ditugu, Haurreskolak Partzuergoaren etorkizuna kolokan baitago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.