Etsigarria bada ere, hezkuntzako negoziazioak jarraitzea aita santuaren izendapenaren zain egotearen antzekoa izan da. Hasieratik genekien horrenbesteko harrabotsa sortu duen greba-ziklo hau goitik etorri den moduan goitik itxiko zela, eta gertaerek berretsi besterik ez dute egin. Orain, balorazioak egiteko unea heldu da. Batasun sindikala hautsi denez, batzuek langileoi zorionak ematen dizkiguten bitartean, besteek hitzarmen hobea sinatzeko unea zela esaten digute. Edonola ere, zer litzateke hitzarmen hobe hori? Balantze zintzoa egiteko, fokua sinatu den hitzarmenetik atera behar dela uste dugu, elementu asko gelditu baitira eztabaidatik kanpo. Borroka oro klase-gatazkaren perspektibatik egiten duen ekarpenaren arabera baloratu behar genuke.
Greba-dinamikatik indartuta atera dira bai Eusko Jaurlaritza eta bai sindikatuak. Hezkuntza Sailak, hitzarmen honekin, grebak amaitzea lortu eta bakea erosi du; merke atera zaio. Azken hilabeteotan hezkuntzaren egoeraren erakusle zen haserrearen lekuko izan gara, eta badirudi lau ogi-apurren truke desaktibatuko dela guztia. Jaurlaritzak lasai asko jarrai dezake orain enpresarien mesederako hezkuntza-erreforma aurrera eramaten, sindikatuen gehiengoaren otzantasunarekin. Sindikatuek beraien burua borroka-prozesuaren eramaile gisa aurkeztu dute. Aldiz, erabat baztertu da kalitatezko hezkuntza unibertsalaren aldeko benetako borroka iraunkor bat antolatzeko aukera.
Batetik, aurretik ere aipatu izan dugun moduan, langileon hitza ez da kontuan hartu ez greben diseinuan, ez plangintzan, ez exekuzioan, ezta gatazka ebazterakoan ere. Irakasleon parte-hartzea lanuztea egitera eta mobilizazioetan masa gisa egotera mugatu da. Gu gara egunerokoan ikastetxeetan lanean gabiltzanak, ikasleekin gaudenak, gure lan-baldintzak arautzen dituen hitzarmena da sinatzen ari direna. Eta, hala ere, sindikatuek ez dute lotsarik izan prozesu osoa gure bizkarrera egiteko. Aste luzeak hedabideek ziotenaren zain pasatu ditugu, zer gertatuko zen ezjakin. Eta orain, bederatzi greba-egunen ondoren eta beste bost eguneko grebaren atarian, dinamika osoa abiatu duten sindikatuek grebak eta mobilizazioak desaktibatu dituzte, hasieratik hona gehiegi aldatu ez den hitzarmen batekin. Orain ere, norberak erabaki behar du itxiera honekin pozik egon edo haserre, indar antolatuari dagokionez abiapuntuko egoera berdinean jarraitzen baitugu: hilabete hauen guztien ondoren, ez da aurrerapausorik eman hezkuntza esparruan indar antolatu bat sortzen joateko. Beraz, babesgabe jarraitzen dugu hezkuntzan egoten jarraituko duten erasoen aurrean.
Bestetik, grebaren edukiei dagokienez, sindikatuek sektorekako lan-baldintzen aldeko greba-dinamika jarri dute mahai gainean; ez hezkuntzaren egiturazko arazoak seinalatzen zituen planteamendu bat. Ez dute ezbaian jarri ematen ari den erreforma prozesua, zeinaren bidez definitzen den hezkuntzaren izaera, antolaketa edo betetzen dituen funtzioak. Baina hezkuntza-erreformaren bitartez, hezkuntza publikoa gero eta dekadenteagoa da familia xumeenentzat. Ondorio gordinenak familia zaurgarrienetako ikasleek pairatzen dituzte: beren beharrak artatzeko ezintasuna, faktore sozioekonomikoen ondoriozko bazterketa, digitalizazio masiboa, lan-munduaren araberako gaitasun eta jarrera lehiakor zein otzanak kritikotasuna eta balio kolektiboen gainetik gailentzea...
Horrek guztiak eragin zuzena du hezkuntzaren kalitatean, eta langile klase osoarentzat da problematikoa. Eztabaida hori alboratuta, batez ere aspektu ekonomikoari (soldatei zein hezkuntzarako giza baliabideei eta baliabide materialei) erreparatzen zion proposamena abiarazi zuten. Ordea, hezkuntzaren izaeraren inguruko eztabaidak zentrala izan behar luke; hemen dagoen arazoa zera baita: hezkuntzaren izaera ikas-beharren arabera definitu beharrean, interes ekonomiko zein politiko kapitalisten arabera definitzen dela. Hori problematizatzen ez dugun bitartean, urrun egongo gara kalitatezko hezkuntzaren alde egitetik.
Are problematikoagoa da eztabaida garrantzitsuena alboratzea, erdigunean irakasleon lan-baldintzak jarri eta langile klaseko ikasleak ziurgabe utzi direnean. Noski langile klasearentzat onurak lortzeko greba egiteko eta beharrezko arriskuak asumitzeko prest egon behar dugula, asko egon baitaiteke irabazteko. Baina planteamendu horrek ez du aipamenik egin hezkuntzan erdigunean jarri behar genukeen subjektuaren egoeraz: ikasle langileaz. Hori horrela izanda, erabakigarriak diren asteetan, selektibitatearen atarian, ikasleen eta familien egoera presio-mekanismo moduan erabiltzea zalantzagarria iruditzen zaigu.
Hezkuntza esparru estrategikoa da, etorkizuneko belaunaldi berriek pentsamendua, balioak eta jokabidea lantzeko espazio nagusietakoa baita. Ondo dakite hori klase boteredunek; horrexegatik, ez da harritzekoa krisi garaiotan hezkuntza-esparruan horrenbesteko aldaketak egotea. Hezkuntzako langileok dagokigun arduraz heldu behar genioke auzi honi, gai konkretuetan zentratutako greba-dinamika hauetan bakarrik gabiltzan bitartean, hezkuntzak etengabeko higaduran jarraitzen baitu.
Greba-dinamika honek ez du balio izan hezkuntzako sektore zaurgarrienen beharrak lehen lerroan jartzeko; hezkuntzako langileok ez dugu aurrerapausorik eman antolakuntzari dagokionez; ez da hitz egin langile klasearentzat funtsezkoa behar lukeen eztabaidaz, hezkuntzaren izaeraz, eta ezta hezkuntzako aldaketak gehien pairatzen dituen subjektuaz ere: ikasleria langileaz.
Oraingoz greba-dinamika amaitu da, eta hauxe izan da guztia. Baina ez gaitezen itsutu; lan asko dago egiteko.