Erabiltzen ez den hizkuntza heriotzara kondenatuta dago. Gure hizkuntza bere herrian bertan kondenatu dute heriotzara. Zein den bidegabekeriaren tamaina, justizia izendatu duten horrek ere kondenatu du gure hizkuntza heriotzara (jakina, Espainiako justiziak zein Frantziakoak), eta gure hizkuntzaren aurkari, eten bako oldarraldian, Vox alderditik hasita bere normalizaziorako bidea oztopatzen duen PSOE bera ere izateak argi eta garbi nabarmendu du euskara, euskarari bidea ukatzea, estatu arrazoia dela. Baina onargarria da gure hizkuntzaren bizitzaren aurka dagoena herri honen agintean egotea?
Eta antzinatik konplexuz bete eta menperatu dituztelako, euskararik erabiltzen ez duten euskaldunek ere kondenatzen dute gure hizkuntza egunero heriotzara. Eta euren euskaran hitz egiten ez duten euskaldunak mespretxatzen dituzten euskaldunek ere kondenatzen dute heriotzara euskara. Zelan izan daiteke filosofiako katedraduna denak idaztea, berak euren hizketa ezin duelako ulertu, euskararen arazoetako bat euskaraz bizi diren herritarrak direla? Julen Goñi: Salba dezagun euskara? (BERRIA, 2026ko abuztuaren 27a): «Euskalki anitzen existentzia eta mantentzeko askoren borondatea ez da lagungarria. Kristorenak egin euskara ikasteko eta, askotan, ia ez duzu fitsik ulertzen euskara batua erabiltzen ez den herrietan». Etxetik mugitu barik ere, telebista zein irratiaren bidez, zorionez, euskaldunok elkarri entzunez elkarren euskara guztiak gura barik ere ikasten ditugun sasoian dio hori. Ba, zer proposatzen du filosofian katedradun horrek? Berak ulertzen ez duen eta gustuko ez duen euskaran bizi diren herritarrak desagertzea? Zer jasan behar dugun! Hurrengo puntuan dio: «Euskara ikastea zaila da, eta munduko beste tokietatik datozenek zailagoa dute…». Ba, denok dakigu euskara bizi-bizirik dagoen herrietan atzerritarrek laster ikasten dutela euskara. Zelan ez egon euskara ikasteko arazorik euskara hilda dagoen herrietan? Bere artikuluan lehenago egin dituen beste kritika batzuk: «Oso zaila da nahitaezkoa dena maitatzea. Utilitarismoa agian egokia da printzipio moral bezala, baina ez hizkuntza salbatzeko…». Hemengo lanpostuetarako euskara eskatzeari buruz dihardu. Eta euskararako zein arrazoi eta proposamen dauzka, bada, herritarren euskara den hizkuntza biziaren une oroko ekarri zabalean murgildu gura ez eta herritarren euskara den hizkuntza biziaren itsaso zabala horrela mespretxatzen duen filosofia katedradunak? Itsasoa hil, itsasoa desagerrarazi eta bere etxerako piszina bat egitea?
Ez dago hizkuntza bat jakiterik erabili barik. Erabili ezean, ez dago hizkuntzaren benetako ezelako ezagutzarik. Bere erabilerak baino ez du egiten hizkuntza bat hizkuntza; bestela, hilotza da.
Hurrengo, Jose Mari Pastor datorkigu 'Influencer'-a eta euskara artikuluan (BERRIA, 2026ko urriaren 24a), gipuzkeraren azpieuskalki batez mintzatu eta 350.000 jarraitzaile baino gehiago dituen influencer-a kritikatzen. Eta hauxe dio: «… Euskal Herri zabaleko ikasleak nor bere erara hizketan gelan. Nola ulertuko dute elkar Elantxobeko gazte batek eta Lesakako batek euskara batuaz eginez ez bada? Espainiera batuaz». Ba, nik, bere azpieuskalkia erabiliz, euskara hutsean sareetan arrakasta itzela daukan bizkaitar bati buruz jakin dut, eta jakin dut bere euskalkia menperatzen ez duten jarraitzaile askok eta askok guztiz gustuko dutena, hain zuzen ere, bere hizkera dela. Eta jakin dut, esaterako, Japonian Erasmusa egiten egondako ikasle bizkaitarrek ondoan ikasle gipuzkoarrak eduki dituztelako egin dutela egunero euskaraz. Zelan ez egin Ordiziako eta beste herri batzuetako haiekin euskaraz egunero? Eta jakin dut Madrilen masterra egiten ari diren bizkaitarrek ere ondoan ikasle gipuzkoarrak dituztelako egiten dutela egunero euskaraz. Bakoitzak bere euskaran, ezelako arazo eta konplexu barik, beste hizkuntza bizi guztietan ere bakoitzak bere erara egiten duen moduan, ze espainiera asko dauden moduan, zorionez, euskara asko daude, eta euskara batua ere guztiz-guztiz ezberdina da hiztun batetik bestera, hizkuntza bizian ezin daitekeelako beste modu batera izan. Eta denok dakigu elkarrekin euskaraz hitz egiten duten euskaldunek, gura barik ere, berez-berez elkarren euskara ikasten dutela.
Nik ezin dut onartu bizirik dagoen hizkuntzaren ezaugarria dena euskarari ukatzea, eta ez dut onartuko. Zer jasan behar dugun! Gora ezelako konplexu barik euren euskara barra-barra zein parra-parra eta bizi-bizi darabilten giputz zein gipuzkoar zein beste euskaldun guztiak! Gora Euskal Herriko euskara, euskalki zein sukalki guztiak! Gora konplexu bako Euskal Herri menperatu ezina! Ze, euskaldun asko aspaldian eta beste asko gaur egun, euren euskara seme-alabei ez transmititzeraino konplexuz bete eta menperatu dituzte. Eta euskaldun berri batzuek ere eduki behar ez dituzten konplexuak dituzte.
Guztiz larria iruditzen zait euskaldun batek bereak ez diren euskara guztien desagerpena aldarrikatzea. Pentsa dezakegu halakorik espainieran edo beste hizkuntza bizi batean?
Eta zer da kontu hori euskararen ezagutzan aurrera goazela, baina erabileran ez? Ez dago hizkuntza bat jakiterik erabili barik. Erabili ezean, ez dago hizkuntzaren benetako ezelako ezagutzarik. Bere erabilerak baino ez du egiten hizkuntza bat hizkuntza; bestela, hilotza da.