Hezkuntza berezia: hezkuntza sistemaren zutabe baztertua

Edurne Ugarte Aizpuru, Elena Dominguez Urkijo, Nerea Beistegi Sanchez
2017ko uztailaren 11
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Prentsan agertu den artikulu batean, Cristina Uriarteren Hezkuntza Sailetik iragarri dute Hezkuntza Berezia «blindatu» nahi dutela, eta horretarako datorren ikasturtean sektore horren langile finkoen kopurua handituko dutela helarazi digute. Komunikabideek (edo Hezkuntza Saileko arduradunek) irakasleak aipatzen badituzte ere, berri hori Hezkuntza Bereziko hezitzaileei buruzkoa da. Ez-dozenteak garen langileoi buruzkoa, hain zuzen. Beraz, Fisioterapeutak, Zeinu Hizkuntzako Interpreteak, Terapeuta Okupazionalak, Hezkuntza Laguntzako Espezialistak, Transkriptoreak... garen langileok, azkenik, gure Lanpostu Zerrenda (LZ)122 lanpostu gehiagotan handitzen ikusiko dugu.

Kontuan hartzen badugu azken LZren eguneratzea orain dela hamaika urte egin zela (2006an) eta orain aterako dutena (berdin-berdina) duela bi ikasturte adostu zela, esan dezakegu iragarpen hau atzeratua heltzen zaigula. Hezkuntza Sailetik atzerapen honen errua «Madrilgo betoari» botatzen diote, nola ez! Beti azaldu dute autokritikarako gaitasun gutxi. 2011n hitzarmen berri baterako negoziazioetan LZ handitzea aurreakordio batean jaso zenean, ez zegoen «betorik». Gero, negoziazioak urratu ziren, eta ez zen ezertan geratu, bai. Eta duela bi ikasturte LZ berri hau gauzatu ezin zenean, arazoa zen aurrekontuetan horretarako diru-partida eskatzea ahaztu egin zela. Beraz, zergatik sinetsi behar ditugu orain ematen dituzten arrazoiak?

Berri honen iragarpenean ere Hezkuntza Sailekoek aipatzen dute haientzat «Hezkuntza Berezia Hezkuntza-Sistema zuzen baten zutabeetariko bat dela». Eta horrela izango da, bai. Baina argi utzi dute Hezkuntza Bereziko zutabea beste zutabeen parekoa ez dela, hezkuntza-sistema eusten duten beste zutabeek daukaten garrantzi bera ez duela. Hezkuntza-sistemaren zutabe baztertuena dela, baizik.

Hori baieztatzeko adibide pare bat soilik. 2013-2015 Euskadiko Hezkuntzari buruzko txostenaren arabera, 2014-2015 ikasturtean (azken datuak dira) EAEn hezkuntza premia bereziak (h.p.b.-ak) zituzten 10.034 ikasle sare publikoan zeuden, eta 6.627 ikasle, itundutako ikastetxeetan. Horietatik gela egonkorretan 296 ikasle zeuden ikastetxe publikoetan, eta 441 ikasle, itundutako ikastetxeetan. Argi dago gela egonkorren finantzaketa itundutako ikastetxeetara bideratu zela. Gipuzkoan ikasturte horretan ikastetxe publikoetako gela egonkorretan 11 ikasle zeuden. Itundutako ikastetxeetan, ordea, 199 ikasle. Horrek ez du zerikusirik izango hezkuntza bereziaren pribatizazioarekin? Guk baietz deritzogu.

Txosten horrek ere jasotzen du 2013-2015 urte horietan ezgaitasun motorikoak azaltzen zituzten ikasleen kopuruak %16ko gehikuntza izan zuela. Hori horrela izanda, fisioterapeuta gehiago beharko zirela pentsatzea logikoa dela ematen du, ezta? Ba, harrigarria da, baina fisioterapeuton kopuruan ez zen aldaketarik eman.

Eta, zoritxarrez, sare publikoko Hezkuntza Berezian lan egiten dugun hezitzaileok pairatzen dugun lan-egoera ez da hobea: gure lan-hitzarmena 2003koa da; sektoreko behin-behinekotasuna, %58koa; hezkuntza laguntzako espezialistok ez daukagu asteko lanaldi mugaturik, eta, garraioa, jantokia eta arretarako orduekin, 40 ordu baino gehiago egitera hel gaitezke; fisioterapeuta eta terapeuta okupazionalon soldata maisu-maistrenena baino baxuagoa da, lan egiteko maila bereko titulu akademikoa izatea eskatzen bazaigu ere; ordutegiak gero eta estuagoak ditugu... Oztopoak oztopo eta Hezkuntza Saileko arduradunen arduragabekeriaren aurrean, langileok ahalegin bereziak egin behar ditugu ikasleen beharrei hezkuntza-erantzun egokia emateko. Noiz arte?

Eta, orain, Hezkuntza Saileko arduradunei ahoa betetzen zaie Hezkuntza Bereziko Hezitzaileon behin-behinekotasuna %50tik jaitsiko dela iragarriz. Horrela «blindatu» nahi dute Hezkuntza Berezia? Nahikoa ez den neurri bakar horrekin hobetu nahi dute Hezkuntza Bereziaren egoera? Argiago azaldu beharko digute, ulertzeko modurik ez baitago!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.