Hezkuntza lege berria eta euskara

2022ko otsailaren 24a
00:00
Entzun
Azken asteotan luze hitz egiten ari da EAEko hezkuntza lege berriaz. Ekarpen gehienak oso interesgarriak dira, eta bat egiten dut proposamen gehienekin. Besteak beste, hezkuntza aniztunaren aldeko apustua, doakotasuna bermatuko duena, publikoaren aldeko apustua lehenetsiko duena, administrazioa-eskola harremana indartuz deszentralizazioa ahalbidetu eta familia-eskola harremana indartzeko proposamenak... Horrez gain, segregazioa egiturazko arazo bilakatu da. Horregatik, administrazioak ghettoak amaitu eta integrazioa bultzatzeko premiazko neurriak jarri behar ditu martxan. Aniztasunaren aukera paregabea baliatu behar dugu hezkuntzan egun dauden desberdintasunak amaitzeko.

Aipatutako guztiarekin, argi ikusten dut oinarri ahalik eta zabalena izango duen lege bat adostu beharko litzatekeela, baina euskararekiko eta gure kulturarekiko atxikimendua ahaztu gabe.

Euskara hitza faltan sumatu dut proposamen, iritzi artikulu eta hainbat elkarrizketatan. Eta beste batzuetan, aipatu denean (Euskal Hezkuntza eraldaketarako oinarriak zirriborroan adibidez), kezka eta zalantza handiak suertatu zaizkit planteamenduarekin: Zer da eredu eleaniztuna? Zergatik ez da murgiltzea aipatu ere egiten? Egungo ereduak elebidun izatea bermatzen ez badu, nola lortuko ditugu ikasle eleaniztunak murgiltze edota mantentze eredurik gabe?

Aurretik aipatutako zirriborroan, ikastetxeen autonomia aipatzen da euren ibilbide propioak diseinatzeko giltzarri gisa. Ados nagoen arren, bi ahoko ezpata izan daiteke oinarriak ez badira ondo ezartzen. Izan ere, ikastetxeen autonomiak ez luke euskalduntzea bermatuko ez duen eredurik baimendu beharko. Horregatik, eredu eleaniztun horren zehaztapenak jakitea ezinbestekoa da, gerora ikastetxeek egin litzaketen aldaketa zein moldaketa horiek jakiteko.

Ebaluazio diagnostikoek adierazten dute azken urteotan ikasleek euskara konpetentzia gero eta baxuagoa dutela. Hori gutxi balitz, euskararen erabilera ere maldan behera doa, eta ez da harritzekoa, hizkuntza menperatzen ez duten haur eta nerabeek nekez hitz egingo baitute euskaraz.

Zoritxarrez, ez da soilik Euskal Herrian bizi dugun arazoa. Katalunian ere hainbat ikerketak adierazten dute ikasle zein irakasleek gero eta gutxiago hitz egiten dutela katalanez. Argi dago, beraz, arazoa ez dela soilik ikasleen hizkuntzarekiko atxikimendua, irakasle batzuena ere bai baita. Horrekin batera, irakasleok formakuntza zabalagoa beharko dugu erabilera bultzatu, euskararen maila hobetu eta hizkuntzarekiko atxikimendua bultzatzeko dinamikak ikasgelan aurrera eramateko. Eta erronka handia da. Izan ere, D ereduaren unibertsalizazioak izan dituen arazo handienetako bat euskararekiko familien militantziaren galera handia izan da. Horri ere heldu beharko zaio. Baina ez naiz ezkortasunean geldituko. Bilatu ditzagun euskal hiztun osoak eta erabilera bermatuko eta sustatuko duten neurriak.

Hizkuntza gutxituen biziraupenerako, hiztunak trinkotzea ezinbesteko neurria da. Horregatik, haur euskaldunak ez sakabanatzea eta gela berean ama hizkuntza gaztelania eta frantsesa ez duten haurrekin batzea abiapuntu garrantzitsua izan liteke. Horrekin batera, gaztelania ama hizkuntza izan arren euskaraz egiteko joera adierazten duten haurrak ere arnasguneetan txertatu litezke. Ezin ahaztu haurrek erabilera bultzatzeko ereduak ezinbestekoak dituztela, bai irakasleenak, baina baita ikaskideenak ere. Horrez gain, arreta berezia ipini beharko litzaieke euskara etxetik ez dakarten haurrei: errefortzuak jarri, bikoizketak egin, ratioak jaitsi, kanpotik datozen ikasleei harrera eta hizkuntza plana aurkeztu eta jarraipena egin... Hots, laguntza handiagoa behar dutenei baliabide gehiago emanez.

Esandako guztiagatik, hezkuntza lege berriaz gain, ikastetxeetan hizkuntza proiektu sendoak behar dira aipatutako guztiak era egokian jorratzeko. Hori martxan jarriko duten profesionalek formakuntza egokia beharko dute, eta hezkuntza komunitate guztiaren babesa. Gure hizkuntzak, ikasleek eta seme-alabek merezi dutelako, ekin diezaiogun bideari.

Euskara, jalgi hadi plazara!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.