Euskadi izeneko lurraldean, XXI. mendean, hezkuntzako erregina bizi zen, gauza guztietan neurritsua zena, gehienbat bere zerbitzari eta langileei lana egoki egiteko laguntzak eta baliabideak eskaini eta soldatak ordaintzeko orduan. Gauzak horrela, egun batean, sindikatu gehiengoen ordezkariek (teorian langileen alde borrokan aritzen ziren elkarteak omen ziren aspaldi batean) erregina biluziari esan zioten akordio edo hitzarmen leun eta delikatuena irudikatu zezaketela imajinatu daitekeenaren moduan. Batetik, erreginak izugarrizko ospea irabaziko omen zuen herri umiliatu eta menderatuaren aurrean, hitzarmena akordio historiko bezala salduz, eta sindikatuek, bestetik, langileen aldetik ondo galdutako konfiantza berreskuratuko omen zuten. Denak aterako omen ziren irabazten marketin plan bikainari esker, langileak izan ezik, noski.
Hitzarmen edo akordio horrek, gehitu zuten, gaitasuna omen zeukan edozein idiota edo karguan ezintasuna dutenenak ikusezin bihurtzeko. Soilik lerdoak diren pertsonek ez zituzten ikusiko hitzarmenaren abantailak. Hori horrela izanik, inor ez zen ausartuko hitzarmena mespretxatzera edo kritikatzera. Jakina, hitzarmena ez zen ezer, sindikatu gehienak langileen aldarrikapenen aldeko lanetan aritzen zirela zirudien; horretarako, albisteak zabaldu zituzten erreginaren kontrolpean zeuden komunikabideetan behin eta berriz, eta sindikatu bakoitzak bere siglen aldeko lana eraman zuen aurrera. Horrelako lan eskerga ordaintzeko, erreginak hitzarmena sinatzeagatik sindikatu bakoitzari liberatu sindikal gehigarri bat gehituko zion gainera, denen pozerako.
Hitzarmena gizartearen aurrean nola saldu pentsatzen hasi ziren erregina, haren aholkulariak eta sindikatuetako kideak. Horretarako, hainbat greba egun diseinatu zituzten, langileek pentsatu zezaten borrokan ari zirela. Sindikatuen esku utziko zuten guztia: grebak noiz hasi, noiz gelditu eta noiz bukatu.
Ikasturtea hasi bezain laster, marketin plana martxan jarri zuten, eta ikasturtea amaitzear zegoela hitzarmen historikoa lortu zela saltzen hasi ziren. Hori ospatzeko, erreginak herritarren aurrean desfilea eta ondoren festa egitea erabaki zuen.
Herriko jendeak, hasieran eta komunikabide gehienen laguntzarekin, lortutako hitzarmenaren goraipamenak egin zituen, inork ez zuelako nahi pertsona ergel gisa azaldu beste herritarren aurrean. Hala ere, erreginak eta sindikatuek beldurra zuten, herritarrak hitzarmena hain ona ez zela pentsatzen hasiko ote ziren.
Azkenean, baina, airean sumatzen zen egonezina agertzen hasi zen, eta desfile erdian haur batek ozenki esan zuen: «Baina zure soldaduak 60 urte dituztenean jubilatzen dira, eta, hitzarmen honekin, beste langileak 65 urte baino gehiago dituztenean! Larru sendoa eduki behar da, gero!». Eta guraso batek: «Burokrazia nekez desagertuko da batzorde bat osatuta! Nire alabari arreta eskaini beharrean hor jarraituko dute irakasleek pantailaren aurrean atzamarrekin teklatua astintzen». Barneko oreka apurtuz beste guraso batek esan zuen: «800 lanpostu berri sortuko dituzuela saldu diguzue, eta behin greba bukatu duzuenean agerian gelditu da ez dela horrela izango». Marokotik eta Venezuelatik Euskadira etorri berriak ziren bi ikaslek oihukatu zuten: «Astean soilik bost ordu ditugu euskara ikasteko, HIPI figuraren ordutegiaren barnean. Noizko ikasiko dugu euskaraz horrelako laguntzar izanda? Gainera, bitartean gure inguru guztia gaztelaniaz egitera behartzen dugu…».
Eta sutan zegoen azken batek garrasika esan zuen: «Zer sindikatuk saldu eta negoziatu dezake adostu diren igoerak KPIari lotuta ez izatea eta hori lorpen bezala saltzen saiatzea? Herritarron erosahalmena beheraka joango da berriro, eta aberatsak gero eta aberatsago izango dira, eta pobreak gero eta pobreago».
Poliki-poliki, jendea isilpeka hitz egiten hasi zen, eta azkenean, denek oihukatu zuten hitzarmenak ez zituela konponduko sakoneko arazoak. Erreginak eta sindikatuek entzun eta bazekiten arrazoia zutela, baina erregina izateak ematen duen jarrera handinahitsuaren laguntzaz burua altxatu eta desfilea amaitu zuen, sindikatu gehienen txalo artean.
Herritar batek azken iritzia ahots goran eta ozenki bota zuen: «Noizko greba bat horrelako sindikatuen aurka? Langileok, antolatu gaitezen sindikatuetatik at, horrela ez digute berriro adarrik joko».