Iratxe Retolaza Gutierrez.

Hiru mila euro

2026ko azaroaren 29a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Garaiko gertaerek, eztabaida sozialek eta giroek liburu klasiko batzuk beste behin bisitatzera xaxatzen gaituzte. Azken urteotako gerra testuinguru biziak, giro militarizatu zaharberrituak eta oihartzun inperialista harroek Virginia Woolfen Three Guineas (Hiru ginea, 1938) saiakera gogoangarria enegarrenez hartzera eraman naute. Woolfen liburua irakurri nuen lehen alditik, hainbatetan jo dut liburuko azpimarretara. Hiru ginea berrartzeko gosez, Donostiako Emakumeen Etxeko Irakurle Eskola Feministako kideei proposatu nien saiakera elkarrekin irakurtzea, eta gehientsuenek Hiru ginea irakurririk ez zutenez, gonbidapena esku zabalik hartu zuten. Elkarrekin egurastu genituen Virginia Woolfen pentsamenduak, gaur egungo arnasetatik irakurrita, geure gorputzetara ekarrita, nork bere kulturatik, nork bere belaunalditik, nork bere klasetik. Nork bere borroketatik, nork bere zaurietatik.

Bat egin genuen, ordea, gehientsuenek iritzi honetan: urruntasunak urruntasun, desadostasunak desadostasun eta aldeak alde, Virginia Woolfek II. Mundu Gerraren atarian abiaturiko gogoeta hari batzuk oso aproposak zitzaizkigula garaiko korapiloez aritzeko ere. Argitaratu berritan Hiru ginea-k ez zuen harrera onik izan, eta gaur egun ere Woolfen lanik ezagunena ere ez da, besteak beste, liburutegian topatzea zail egiten da. Woolfi errazago onartu eta txalotu zitzaion emakumeen idazketaz aritzea Gela bat norberarena (1929) saiakeran, gerraren kultura jakin bat eta maskulinitatearen kultura jakin bat kritikatzea baino. Zaharrak berri.

ARRATE RODRIGUEZ
ARRATE RODRIGUEZ

Jasotako gutun baten erantzun mardula da liburua. Bakearen alde egin dezan eskatzen zaio gutun horretan Virginia Woolfi, eta hiru eskakizun egiten dizkiote: prentsan bakearen aldeko testu bat sina dezan; bakearen aldeko elkarte batean izena eman dezan; eta elkarte horri dohaintzaren bat eman diezaion. Hiru eskakizun horiek zalantzan jartzen ditu, ez baitu uste egiazki bakearen alde egiteko eskakizun zentzuzkoak direnik, hartu beharreko bideak beste batzuk direla uste baitu. Gerraren kultura askotariko zutabeek sostengatzen dutela uste du Woolfek, eta zutabe horiek arrakalatu ezean gerraren kontra egitea alfer lana dela uste du.

Gerraren kultura askotariko zutabeek sostengatzen dutela uste du Woolfek, eta zutabe horiek arrakalatu ezean gerraren kontra egitea alfer lana dela uste du

Talaia jakin batetik josi zituen gogoetak Woolfek, baina kokapen hori agerian doa une oro: emakume burges ikasi baten ahotsetik ari da, eta lurralde inperialista bateko herritarraren ahotsetik. Ahots horretatik ari zela kontuan harturik, gerraren kulturaz kritikoki pentsatzeko bide hauek zabaltzen ditu. Gerraren aldeko giroa hezkuntza eredu jakin batzuekin lotzen du: lehia eta jabetza ardatz dituena, eta botereaz elikatzen den hezkuntza jarduna. Era berean, gerra giroak maskulinitate eredu baten aldeko ideia hauspotzen duela (eta alderantzira) aletzen du, jarrera gorpuztu horiek xehe-xehe arakatuz. Eta hainbat esaldik garaiko egoera askoren oihartzun egiten dute, oraindik ere: «mundu publikoa zabaltzen da gure aurrean, sistema profesionala, jabetzarekiko obsesioarekin, mesfidantzarekin, borrokarako grinarekin, gutiziarekin», edota «gerraren ekina nobato zaharren joko aspergarria litzateke, dibertsio ez oso higieniko baten bila: sareen gainetik pilotak jaurti ordez, lurralde mugen gainetik bonbak jaurtitzearen dibertsioari emanak». Halako oihartzunak milaka. Gerra kultura horri aurre egiteko, premiazkoa iruditzen zaio maskulinitate eredu hori barregarri uztea, autoritate molde hori arrakala dadin. Eta funtsezkoa iruditzen zaio irizpide propioen eta iritzi askatasunaren kultura sustatzea, hau esateraino: «txartzat hartzen bada gorputza diru truke saltzea, askoz okerragoa da gogoa eta pentsamendua diru truke saltzea; adimena, diotenez, gorputza baino nobleagoa baita».

Gerraz besteko kultura hori sustatzeko dohaintza emateko prest da Woolf, egiazko eraldaketa batean eragiteko, eta ez bakearen aldeko elkarte bati dohaintza huts bat emateko. Eta Woolfek, beste askoren artean, galdera hau pausatzen digu, zeharka: dohaintza ematerik duenak, gutxi-asko gordinean hilabetean 3.000 euro jasotzen duenak (hezkuntza funtzionarioen soldatak oinarri), gaur egun zertan eman dezakegu diru sari hori (edo denbora sari hori) egiazki gerraren kulturaz beste urratsak egin ditzagun. 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA