«Herritar guztiei aitortzen zaie, Autonomia Erkidegoaren lurraldean, herri-administrazioarekiko harremanetan euskara zein gaztelania erabiltzeko eskubidea, eta beren aukerako hizkuntza ofizialean hartuak izatekoa». Hala dio 1982ko Euskararen Legeak. 44 urte geroago, eskubide hori ez dago oraindik bermatua eta euskarak administrazioan ere hizkuntza gutxitua izaten jarraitzen du.
Eta, hala ere, Euskal Enplegu Publikoaren Legearen erreformaren aitzakian, «euskara eta langileen eskubideak» kontrajarri nahian ari dira batzuk. Administrazioan lanean ari den euskaltzale eta euskara teknikari gisa, mingarria zait entzutea euskara langileentzako mehatxua dela. Eneko Anduezak ederto daki erakunde publiko gehienetan langileek lasai asko egin dezaketela lan gazteleraz egunerokoan, ez, ordea, euskaraz.
Euskara vs langile publikoak, euskara hitzaren atzean milaka herritar euskaltzale egongo ez bagina bezala, horietako asko langile publikoak; euskara eta euskaldunon eskubideak egunerokoan gutxituak izango ez balira bezala; administrazioan euskaraz lan egitea eta artatua izatea bermatua balego bezala. Kuriosoa da, ordea, nola ez diren zalantzan jartzen langile publiko izatea mugatzen duten bestelako eskakizun batzuk ere. Kontuan izanda, gainera, batxilergoa euskaraz egin dutenak zein unibertsitate ikasketak euskaraz egin dituztenak B2 eta C1 hizkuntza eskakizunak egiaztatzetik salbuetsita daudela, hurrenez hurren. Azken 18 urteetan, 2008tik, euskaraz ikasi duten herritar guztiak dira horiek. Eta ez ditzagun ahaztu euskara ikasteko urteetako ahalegina egin duten langile publikoak ere.
Hizkuntza eskubideak eta lan eskubideak bateragarriak izan daitezen, langile guztiei ikasteko baliabide nahikoa eskaintzea proposatu dute gaurko manifestaziorako deia egin duten sindikatuek. Baina badut kezka bat: administrazioak langileak euskalduntzeko eta hizkuntza eskakizunak egiaztatzeko egin duen edo egin lezakeen ahaleginak zertarako balio du, gerora ez bada lortutakoa euskaraz lan egitera bideratuko?
Hizkuntza eskakizunak egiaztatzearen helburua ez da lanpostu publiko batera sarbidea izatea, euskaraz lan egitea baizik. Titulazioak ez dira helburu, bitartekoa dira. Eta erakunde publiko askotan hankamotz gabiltza
Noan harira. Hizkuntza eskakizunak egiaztatzearen helburua ez da lanpostu publiko batera sarbidea izatea, euskaraz lan egitea baizik. Titulazioak ez dira helburu, bitartekoa dira. Eta erakunde publiko askotan hankamotz gabiltza: euskara lan eta zerbitzu hizkuntza izateko neurri sendoak aplikatu behar dira. Zertarako eskatu hizkuntza eskakizunak, langileak aurkituko duen lan dinamika gazteleraz izango bada, eta ez bazaio euskaraz lan egitea eskatu, erraztu edo onartuko? Adibidez, gazte asko ari dira administrazioan sartzen, goi-mailako ikasketak euskaraz egin dituztenak, eta lanean hasi eta gazteleraz lan egiten ikasi behar dutenak. Bai, euskarak alor sozioekonomikoan jauzia behar duela diogunean, administrazio publikoari buruz ere ari gara, tamalez.
Bada erakunde publikoetan erraz aurkitzen den beste traba bat ere: hizkuntza eskakizunak egiaztatuta dituzten langile asko ez dira euskaraz lan egiteko gai. Besteak beste, asko dira duela zenbait hamarkada maila egiaztatu zutenak eta ordutik ez dutenak euskara lan esparruan erabili, erakunde publikoetan jardun arren. Euskara lanerako tresna izango balitz beste egoera batean egongo ginatekeelakoan nago.
Langile publikoek euskara jakiteko betebeharra agerikoa da lan eta zerbitzu hizkuntza izango bada. Are gehiago, euskarak ezin du zerbitzu hizkuntza izan lan hizkuntza ez bada. Baina susmoa dut gaiak hartu duen bereganatze mediatikoa ez ote den batzuentzako estrategia ona bestelako heldulekuak eta eginbeharrak bazterrean uzteko. Esate baterako, zerbitzu hizkuntzari dagokionez, eremu askotan duela 20-30 urteko hizkuntza politikei eusten zaie oraindik. Hortxe daude GUKAk argitaratu berri dituen datuak, Bilboko aisialdi, kultur eta kirol eskaintzari buruzkoak (adibidez, Bilbao Kirolak-en eskaintzan ikastaroen %1,7 baino ez da euskaraz). Eta D ereduak gora egin arren umeek oraindik leku askotan (neure herrian, Getxon, besteak beste) ez dute aukerarik musika eskolan edo kiroldegian euskara hutsean aritzeko. Langileen euskara gaitasuna ezinbestekoa da ikastaroak euskaraz eskaintzeko, baina zenbat ote dira euskara egiaztatuta izan eta ikastaroak gazteleraz ematen dituztenak, ez delako euskararen normalizazioan aurrera egiteko neurri errealik aplikatzen edo langile horiek ez dutelako paperean jasotakoa betetzeko beharrik sentitzen.
Desiragarria litzateke behingoz indar euskaltzaleen arteko akordioa ikustea. [...] Bi fase bereiz litezke. Batetik, borondate politikoan oinarritutakoa, helburu komunak adostekoa; eta, bestetik, aditu eta legelariek helburu hori babesteko formula egokienak aurkitzekoa. Badirudi, ordea, lehen urratsean daukagula erronkarik handiena. Ez dezagun atzerapauso gehiagorik eman, ez gaude halako luxuetarako. Zuen esku dago
Argi izan dezagun hizkuntza eskakizunak %100ean beteta ere horrek soilik ez duela bermatuko euskara lan eta zerbitzu hizkuntza izatea. Euskararen plan estrategikoetan kaxoian geratzen diren neurriak aplikatzea ezinbestekoa da. Eta, bitartean, zer egin dezakegu herritarrok? Geuretik eragiten jarraitzea dagokigu. Nola? Administrazioarekiko harreman oro euskaraz egiten saiatuta, eskubide urraketak jakinarazita (Behatokiaren zein Elebideren bidez) eta gaurkoa bezalako mobilizazioetan parte hartuta.
Euskaltzale asko langile publikoak ere bagara, eta barrutik eragiteko aukera dugu. Ez dugu lege berrien zain egon behar gehiago egiteko. Hizkuntza lidergoa eta ahalduntzea gakoak ditugu horretarako, baita kontzientziazioa ere kasu askotan. Asko gara gainontzeko lankideengan eragin zuzena dugunak; ardura postuetan daudenak, noski, baina baita zeharkako lanetan langile askorekin tratua dugun laguntzaile, administrari eta teknikariak ere. Gainera, hala dagoen kasuetan, estrategikoa da euskara teknikariarekin aliantzak osatzea. Hizkuntzaren normalizazioa erakundeena soilik ez, langile guztion ardura ere bada.
Bukatzeko, Enplegu Publikoaren Legeari buruzko eztabaidara itzulita, desiragarria litzateke behingoz indar euskaltzaleen arteko akordioa ikustea. Besteak beste, honek beharbada atea zabalduko liekeelako hizkuntza politikan jauzia emateko bestelako aliantzei. Lan honetan, bi fase bereiz litezke. Batetik, borondate politikoan oinarritutakoa, helburu komunak adostekoa; eta, bestetik, aditu eta legelariek helburu hori babesteko formula egokienak aurkitzekoa. Badirudi, ordea, lehen urratsean daukagula erronkarik handiena. Ez dezagun atzerapauso gehiagorik eman, ez gaude halako luxuetarako. Zuen esku dago.