Gudu-zelaian, lokaztuta, ika-mika politikoan sartuta dago euskara azken hilabete luzeetan. Administrazioko hizkuntza-eskakizunei buruzko aferak agerian utzi du hizkuntza-politikari buruzko talka, azken urteetan leunduago zirudiena. Tentuz aztertzekoak dira liskar horren ertzak: kaleko euskaldun euskaltzaleen artean zer eragin du liskar honek guztiak? Eta batez besteko erdaldunen begietara? Euskarara ekarri nahi ditugun etorri berriek nola bizi dute hau? Argudio faltsu asko baitago oinarrian, eta bihozkada handiak. Eta eztabaida egoki gutxi.
Funtsezko abiapuntua: herritarrek eskubidea dute Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde publikoekin euskaraz edo gaztelaniaz aritzeko, eta administrazioak bermatu egin behar du aukera hori. Erkidego osoan: ez dago eskubideen zonifikaziorik. Abiapuntu horrekin lotuta, bigarren zimendua: eztabaida ez da langile euskaldunak vs langile erdaldunak, baizik eta langile elebidunak vs elebakarrak. Bi hizkuntza ofizialak dakizkitenak, edo bat dakitenak. Hots, herritar guztiei zerbitzu emateko gai direnak, edo batzuei emateko gai direnak. Hori baita funtsezko aztergaia: gaitasuna. Enplegu publikoko sarbidean funtsezko printzipioa da.
Erkidegoko administrazioek hizkuntza-eskakizunen sistema izan dute oinarri hamarkada hauetan, eta, horren eskutik, aldaketa handia gertatu da: langile publiko gehienek dute era bateko edo besteko gaitasun-egiaztagiriren bat. Bai, hutsune handiekin, makillaje-puntu batekin ere bai akaso, baina aldaketa handia izan da langile publikoen hizkuntza-soslaian.
Prozesu horrek izan ditu disfuntzioak, baina ez azkenaldian aipatu ohi direnak. Sistemaren oinarri bat mailari dagokio: zer euskara-gaitasun eskatu. Maila handiegia eskatzen da? Ez diote hori datuek. Eusko Jaurlaritzak 2017an aztertu zuen egoera, postuz postu: 37.431 postuetatik 2.325ek zuten beren izaerarekin bat ez zetorren eskakizuna (postuen %6); horietako gehienek eskakizun baxuegia zuten (2.240), eta oso gutxik handiegia (85). Horra, beraz: lanpostu gehien-gehienek egoki finkatua daukate euskara-maila; gehiegizkoa, %0,2k.
Bigarren oinarria derrigortasuna da: zenbat postutan den beharrezkoa euskara egiaztatzea, eta zenbatetan meritu. Leku bakoitzeko ezagutzaren arabera finkatzen da hori: zenbat euskaldun dagoen, hainbeste postutan derrigortasuna. Datu hori ez da erabili izan zenbaki hertsi gisa —hala balitz ezinezkoa bailitzateke hizkuntza-plangintza gutxieneko funtsez egitea—, ezpada testuinguruaren adierazle gisa, eta erakunde bakoitzaren plangintzari lotuta. Hurbilketa gisa, datu bat: 2008-2012ko plangintzaldian, erkidegorako derrigortasun-indizea %44koa zen, baina postuen %55ek zuten derrigortasuna ezarria —sozialistak zeuden Jaurlaritzan—. Argigarria da zer zioen Jaurlaritzak berak plan haren ebaluazioan: «Ikusten da, erakundeak derrigortasun indize altuagoa aplikatzeko aukera ikusten badu, eta horrela onartu nahi badu, derrigortasun indizeak ez lukeela horretarako muga izan behar. Alabaina derrigortasun indizea abiapuntu gisa eta ez langa gisa aplikatzea baliagarri ikusten da». Orain hamahiru urte. Etorri dira legeak eta dekretuak, baina ez zaio horri heldu.
Badago jauzi egiteko premia administrazioan ere. Orain arteko pausoek honaino ekarri gaituzte, eta pauso horiei traba juridikoak agertu zaizkie. Eskailera mekanikoa da hau: erdara bultzatzen du inertziak, eta, euskarak beherantz egin ez dezan, urratsak behar dira gorantz
Aldaketa-garaia da administrazioan: belaunaldi-aldaketa dator, eta langile berri asko sartuko da datozen urteetan; digitalizazioa zabaltzen ari da, eta administrazioarekiko harremana gero eta gehiago da birtuala; eta hizkuntza-teknologiek aldaketa handia ekarriko dute kudeaketan.
Aldaketa horien guztien erdian, bada funtsezko galdera bat: euskarari zer leku eman nahi diogu administrazioan? Alegia, helburua da zerbitzua euskaraz ematea gaztelaniaz bezala —alegia, eskubideak bermatzea—, edo, horrez gain, euskaraz lan egitea? Hau da, erdaraz lan egingo duen, erdaraz pentsatuko eta sortuko duen administrazioa, eta hala nahi duenari euskaraz ere zerbitzu emango diona; edo euskaraz lan egingo duen administrazioa, euskaraz pentsatuko eta sortuko duena, eta herritarrei haiek hautatutako hizkuntza ofizialean zerbitzu emango diena? Ez da bigarren mailako auzia. Finean, administrazioa eragile aktibo izango ote den euskararen indarberritzean, edo etengabeko itzulpenez beteko ote duen euskararen zatia.
Lan-hizkuntzari buruz hitz egitean, erabileran jarri ohi da fokua: administrazioan gero eta langile gehiagok dakitela euskaraz, baina askok ez dutela euskaraz lan egiten. Hori bera esan ohi da kaleaz: gero eta jende gehiagok dakiela euskaraz, baina erabilera ez dela hein horretan hazi. Konparazio hori egitean, ezagutza zuzenean erabilerarekin alderatzean, ez ditugu aintzat hartzen erabilera-baldintzak: zenbatekoa den hiztunen gaitasuna, euskaraz jarduteko zer sare daukaten, testuingurua nolakoa den, zer hizkuntza-motxila dakarten, zer motibazio… Hala gertatzen da administrazioan. Euskaraz lan egiteko baldintzak mugatuak dira erakunde gehienetan: urteetako inertzia da erdaraz lan egitea, harreman-sareetan langile edo arduradun erdaldunak egoteak zaildu egiten du euskaraz aritzea, eskakizuna egiaztatutako langile askok erdaraz egiten dute aiseago, herritar gehienek erdaraz jotzen dute administraziora… Ez da kalean gertatzen denaz bestelako egoera: korronteak erdarara bultzatzen du. Administrazioan ere bai. Eta horrek zuzeneko eragina dauka zerbitzuan ere.
Badago jauzi egiteko premia administrazioan ere. Orain arteko pausoek honaino ekarri gaituzte, eta pauso horiei traba juridikoak agertu zaizkie. Eskailera mekanikoa da hau: erdara bultzatzen du inertziak, eta, euskarak beherantz egin ez dezan, urratsak behar dira gorantz. Hor dago eztabaida: zenbat eskailera-maila igo, jakinik badirela bertan geratu nahi dutenak edo eskaileran behera egin nahi dutenak.
Euskaltzale gehienei arrotzak zaizkie hizkuntza-eskakizunak eta horrelako eztabaidak. Hala ere, ez genuke gutxietsi beharko administrazioak euskararen indarberritzean izan dezakeen eragina, ez bakarrik botere-ikuspegitik, ezpada trakzio-eraginetik. Aldi berean, ordea, ez da jo behar argazkia desitxuratzera: administraziotik harago, herriko plazan lan handia dago egiteko, eta hizkuntza-eskakizunen judizializazioak ez du baliogabetu euskara sustatzeko politika publiko oro: administrazioak tresna asko ditu eragiteko. Eta eragiteko ardura dauka.