Hizkuntza ideologia aro digitalean

2026ko azaroaren 1a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ez gara beti ohartzen, baina hizkuntzei buruz ditugun sinesmenek eta balioek gure eguneroko erabaki askotan eragiten dute. Zein hizkuntzatan idatzi, zein hizkuntzatan kontsumitu edukiak edo zein hizkuntzatan jardun sare sozialetan ez dira erabaki hutsalak. Atzean, askotan ikusezinak diren hizkuntza ideologiak daude.

Hizkuntza ideologiak hizkuntzei eta hiztunei buruz gizarte batean zabaltzen diren sinesmen, iritzi eta balioak dira. Horiei esker ulertzen da, adibidez, zergatik jotzen diren askotan hizkuntza batzuk erabilgarriago, modernoago edo nazioartekoago; eta beste batzuk ingurune jakin batzuetara mugatuta baleude bezala ikusten dira. Ideia horiek ez dira neutroak, eta hiztunen jokabidean nahiz hizkuntzen etorkizunean eragina dute. Baita hizkuntza jakin bati buruz gizartean eraikitzen diren diskurtsoetan ere.

Aro digitalean, hizkuntza ideologiak modu berrietan agertzen dira. Mugikorrak, sare sozialak, bilatzaileak, itzultzaileak edo adimen artifizialeko tresnak gero eta presenteago daude gure egunerokoan, eta tresna horiek ez dira soilik teknologikoak. Gainera, adin tarte zabala hartzen dutela kontuan izan behar dugu; nerabeengandik hasi, gazteengandik pasa eta helduengana iristeraino erabiltzaileak.

Hain ohituta gaude, ezen askotan ahaztu egiten baikara teknologia horiek dituzten inplikazioez. Izan ere, erabiltzen ditugun hizkuntzek eta hizkuntzei buruz ditugun ideiek eragina baitute teknologia horien diseinuan eta funtzionamenduan. Gizarteak hizkuntzari buruz dituen lehentasun eta ideiak bertan islatzen direla esan dezakegu.

Esate baterako, islandierak 300.000 hiztun ditu. Euskarak dituen milioi hiztunak baino hiztun gutxiago ditu islandierak, baina hizkuntza barneratuta duen industria politika bat du

Pentsa mugikorreko teklatuan. Euskaraz mezu bat idazten saiatzen garenean, askotan zuzentzaile automatikoak hitzak gaizki markatzen ditu, edo ez du iradokizun egokirik eskaintzen. Gaztelaniaz edo ingelesez idaztean, aldiz, sistemak askoz errazago laguntzen digu. Egoera horren aurrean, erabiltzaile askok ondorio bat atera lezakete: «erosoagoa da beste hizkuntza batean idaztea». Era horretara, teknologiak zeharka hizkuntza ohituretan eragiten du.

Adimen artifizialaren garapenak eta zabalkundeak are nabarmenago egin du fenomeno hori. Hizkuntza ereduetatik edaten dute adimen artifizialeko sistemek, eta eredu horiek milioika testurekin entrenatzen dira; baina, datu horien kopuru handiena hizkuntza gutxi batzuetan dago. Horren ondorioz, sistemek hizkuntza estandar nagusi horiek lehenesten dituzte, eta hizkera edo aldaera lokalak gutxiago kontuan hartzen dituzte. Horrek hizkuntza estandar handi horien prestigioa eta legitimotasuna indar ditzake.

Testuaz ari gara, baina ahotsarekin beste hainbeste esan genezake. Eta kasu horretan, euskara bera eta euskalkiak sartzen dira jokoan. Tresna horiek hizkuntza naturaltasunez erabiltzeko traba direla senti daitekeelako, nahiz eta egiaz ez den horrela beti.

Sare sozialetan ere ikus daiteke hizkuntza ideologiaren eta teknologiaren arteko lotura. Eduki-sortzaileek zein hizkuntza erabili erabaki egin behar dute. Izan ere, plataformen algoritmoek erabiltzaile gehiago dituzten hizkuntzetako edukiak zabaldu ohi dituzte maiz, eta euskara erabiltzeko hautua ikusgarritasun digitalaren kaltetan izan daitekeela pentsa dezake askok.

Politika industrial zein teknologikoek eta euskara biziberritzeko politikek eskutik joan behar dute, baita gizartearen hizkuntza ohiturek eta ideologiek ere

Horiek guztiak euskararen alde bihurtzea da erronka, hizkuntza ohiturak euskararen aldeko bihurtzea, hain zuzen. Euskararen garapen digitala hor dago, sendo eta aurrerapausoak ematen. Teknologia euskaraz erabiltzeko aukerak handiak dira dagoeneko, eta horiek areagotzea da ikertzaileen eta garatzaileen egitekoa. Baina erabilera komunitateak bermatu behar du (gazteek eta helduek), euskal gizarteak.

Gainera, euskararen biziberritzearen ikuspegitik, teknologiaren eta algoritmoen garai honetan, ezin dugu pentsatu eskolaren ahalegina dela euskararen erabilera nagusitzeko bide bakarra. Ezin du indar eragile bakarra izan, garai batean izan zen eran, garrantzitsua izaten jarraitzen badu ere.

Duela hamarkada batzuk, eskolan euskara berreskuratzeko egin zen ahalegina galtzeko arriskua ikusi zen lan mundura joateko garaian. Hor ere, mundu sozioekonomikoan, prestigioaren gaia eta hizkuntza ideologia jokoan egon ziren, euskara ez baitzen mundu sozioekonomikoarekin lotzen. Eta horren aurrean, ikusmira handiz, lan munduko euskara planak eta metodologiak landu eta martxan jarri ziren; euskararen erabilera areagotzeko mundu sozioekonomikoan.

Tamaina kontua ere ezin da izan, hor ditugu herrialde nordikoak haien hizkuntzekin (daniera, norvegiera, islandiera, suomiera…), herrialde horiek ekonomiari eta teknologiari lotutako hizkuntza politikak ezartzen dituzte. Eta horiek tamainaz ingelesa edo gaztelera baino askoz txikiagoak dira, baita katalana baino txikiagoak ere. Esate baterako, islandierak 300.000 hiztun ditu. Euskarak dituen milioi hiztunak baino hiztun gutxiago ditu islandierak, baina hizkuntza barneratuta duen industria politika bat du.

Ondorioz, teknologia ez da muga. Politika industrial zein teknologikoek eta euskara biziberritzeko politikek eskutik joan behar dute, baita gizartearen hizkuntza ohiturek eta ideologiek ere.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA