EHNE sindikatua

Hurrengo pausoa martxoaren 1ekoa izango da. Hantxe ikusiko dugu elkar

Axier Sanchez Guruzeta
2024ko otsailaren 29a
05:00
Entzun

Beno ea datorren kanpainan...

Urtero gure etxean aitaren ahotik entzuten den esaldia da. Artzaina da. Azken urte hauetan gauzak gaizki doaz. Bi urte atzera joanda, lehortea dela medio, ardi asko antzu atera ziren (ez zuten umerik egin), eta belarretan lehortearen ondorioz ateratako onddo baten eraginez beste mordoxka bat hil ziren. Negurako belarrik ez eta pentsua ikaragarri garesti. Esnearen prezioa, aldiz, berdin. Desastre. Nekazaritza turismoak salbatu gintuen.

Aurtengo kanpainan, lehengo udaran, belarretan, traktorea irristatu eta maldan behera joan zen aita barruan zela. Zuhaitz baten kontra gelditu zen. Eskerrak! 6.000 euro trastearen konponketa. Berri bat erostea, ezta pentsatu ere, etorkizuna sektore honetan, gauzak dauden bezala, oso beltza baitator. Kanpaina hasterako galtzen... Aurtengo ICM (gure lurrak aldapaz josita daudelako kobratzen dugun dirulaguntza) traktorearentzako. Kobratzeko egunean, Foru Aldunditik gutun zertifikatu bat jaso genuen, orain arteko irizpideak aldatuz, dirulaguntza hori ez dugula jasoko informatuz. Pluriaktibitatea omen daukagu. Gurasoen lehenengo hitzak: «Nahastu egin dira, baserritik bizi gara etxe honetan...». Ez! Ez dira nahastu. Nekazaritza turismoa baserritik kanpoko aktibitate bat dela esaten dute, nahiz eta baserriaren aktibitatea (eta ez edozein) behar-beharrezkoa den nekazaritza turismoa izateko. Ez gara ondo hasi.

Esnearen prezioa igo dute. Ze ondo! Ea bada... Azkenengo urteetako albisterik onenetakoa. Duela bi urte Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak Foro Latxo izeneko bilera batzuk antolatu zituzten bertan sindikatu, industria eta instituzioak zeudela. Orduan behatokia izeneko erakunde publikoak ardi latxaren esne litroaren prezioa 1,62 euro behar zuela adierazi zuen artzainen errentagarritasuna bermatzeko.

Han ziren artzainek ez zuten urrutitik ere hura kobratzen, eta han zeuden industriek ez zuten hura ordaintzen. Handik atera ziren, eta ez zen ezer ere aldatu. Bueno, bai, artzainen errentagarritasun faltari zigilu ofiziala jarri zitzaion.

Horri aurre egiteko ezer egin duen bakarra EHNE sindikatua izan da. Produkzioa prezioaren azpitik ordaintzeagatik salaketa jarri du Ministerioaren aurrean. Hemendik eskerrak, bai sindikatuari eta bai salaketa jarri duten artzainei ere, ze industriak berriz esnea ez erosteko arrisku bizian jarri dira.

Lehenago esan bezala, aurten prezioak gora egin du. Kasualitatez industriako enpresa guztiak prezio igoera berdina egin dute. Zergatik? Atera kontuak...

Gauzak horrela, etxeko martxa ikusita, egunero 06:00etan altxatu eta lana jo eta su eginez, instituzio, industria eta abar trabak pairatuz eta etorkizunak zer ekarriko digun pentsamendu beltzak buruan bueltaka, oso zaila ikusten dut nire aitaren eta amaren bidea jarraitu ahal izatea. Ziurrenik, hau aldatzen ez bada behintzat, ni banoa. Beraiekin bukatuko da gure etxea.

Itsaso beltz honetan, aspaldi ez dugu hanka lurrean jartzen, igeri ari gara arnasa hartzeko. Itsas ertza gero eta urrutiago ikusten dugu, mareak atzeraka eramaten baikaitu. Daukagun aukera bakarra, hainbeste maite dugun gure jardueraren alde borrokatzea da. Hurrengo pausoa martxoaren 1ekoa izango da. Hantxe ikusiko dugu elkar!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.