Ikasketa kooperatiboa

2022ko abuztuaren 19a
00:00
Entzun
Talde-lanak, Lehen Hezkuntzatik unibertsitateraino, sarriak dira hezkuntzan, eta horiek gauzatzeko ohikoena da ikasketa kooperatiboa erabiltzea. Ikasketa mota horrek kritika eta topiko asko ditu: beti dago kideek egindako lanaz aprobetxatzen den pertsona bat, edo batek hartzen du bere gain lan guztiaren ardura. Edonola ere, adituek diote talde-lana funtsezko tresna dela ikasleen heziketa-prozesuan. Izan ere, taldean lan egitea ikasleentzako erakargarriagoa izaten da. Gainera, komunikazioa eta gatazken konponbidea bezalako trebetasunak garatzen dira. Horrez gain, ikasleak lan munduaren errealitaterako prestatzeko oso baliagarria da, non lankidetzan jardutea eskakizuna den enpresetan.

Ikaskuntza kooperatiboaren oinarria David eta Roger Johnson anaiek ezarri zuten Minnesotako Unibertsitateko Cooperative Learning Center-ean egindako hainbat ikerketari esker. Johnson anaiek adierazten dute metodologia honekin ahalmen kognitibo ugari garatzen dituztela ikasleek. Esaterako, arrazoitzeko eta ideiak erlazionatzeko gaitasun handiagoa izatea edo aurreiritziak eta estereotipoak murriztea. Hain zuzen ere, lankidetzak ahalbidetzen du bakoitzak pentsatzen duena adieraztea, argudiatzea, hausnartzea eta eztabaidatzea. Hortaz, ikasleen artean tolerantziazko eta elkartasunezko jarrerak azaltzen dira. Horrekin guztiarekin, bizikidetza, errespetua eta tolerantzia bermatzen da eskoletan.

Bestetik, eskolak prestatzeak lan gehiago eskatzen dio irakasleari, baina metodologiak onura asko dakartza, zeren ikasleen artean interdependentzia eta lan egiteko autonomia lantzen baitira. Horrenbestez, Derrigorrezko Hezkuntzan —Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza— oso ohikoa izaten da ikasketa kooperatiboa klase teorikoekin uztartzea. Adibidez, irakasleak gaiari buruz egiten duen azalpen teoriko batekin hasten du klasea, gero, taldeka, gai horri buruzko lan bat eskatzeko ikasleei. Ildo horretatik, Unescok Eskoletan kooperatibismoaren inguruan hezi izeneko txostenean adierazten du taldekako lana ongi burutzeko, ezinbestekoa dela ikasleen interdependentzia. Horretarako, taldekako lana garatzeko rolen kontzeptua funtsezkoa izaten da. Besteak beste, talde bakoitzean ikasle bat materialaz arduratzen da, beste batek idazkariaren rola egiten du, hirugarren batek koordinatzailearen zereginak bere gain hartzen ditu. Horrenbestez, kide bakoitzak du bere funtzioa, eta denek egin behar diote ekarpena taldeari. Edozein kasutan, hezkuntza-maila gorenetan ohikoa da bereizita egindako zatien konbinazio bat izatea egindako lanaren emaitza. Izan ere, batzuk saiatuak dira eta beste batzuek aitzakiak baliatzen dituzte beraien eginkizunak ez egiteko. Hori saihesteko, Unescok adierazten du ebaluazioa banaka egin behar dela, ikasleak ikaskuntzaren ardurara bultzatzeko.

Laburbilduz, ikasketa kooperatiboa gero eta sarriago erabiltzen da eskoletan, ikuspegi indibidualista edo lehiakor tradizionala alboratzeko. Hain zuzen ere, era kooperatiboan oinarritutako ikasketak komunikazioa eta gatazken konponbiderako trebetasunak sustatzen ditu, kontzeptu teorikoak era erakargarri batean garatzeko. Hala ere, kontua ez da bakoitzak bere lana modu independentean egitea eta gero elkartzea, baizik eta interdependentzia bat sortzea. Izan ere, sarritan taldekide bakoitzak lanaren zati ezberdinak egiten dituzte indibidualki eta inolako elkarreraginik gabe, ondoren banan-banan ekoizpen batean elkartzeko. Beraz, irakasleek ikasleriari ikasketa kooperatiboaren inguruko nondik norakoak azaldu behar dizkio eta trebatu behar ditu, ikasleek eraginkortasunez gauzatzeko ikasketa mota hori.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.