BAMeko kidea

Ikasle matxinatuen eredua

2026ko urriaren 8a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Lundi Matin aldizkarian Alessandro Stellak argitaratutako artikulu interesgarria oinarritzat hartuz, frantziar Estatua goitik behera astintzen ari den bigarren hezkuntzako ikasle gazteen matxinadaz idaztea erabaki dut, Euskal Herria zatitzen digun mugak informazio mailan ere ondorio nabarmena baitu. Izan ere, gehiago dakigu Hego Euskal Herrian Puerta del Soleko akanpadaz, frantziar Estatu osoa hankaz gora jarri duen ikasleen matxinadaz baino... Ipar Euskal Herriko ikasleak ere borroka horretan murgilduta dauden arren.

Ezusteko matxinada izan da, inork ez baitzuen espero horrelako indarra hartuko zuen ikasleen borrokaldia emango zenik frantziar Estatuan, horretarako arrazoiak falta ez ziren arren. Estatu espainolean bezala, han ere iritzi publiko osoa datozen hauteskundeetara begira jarri dute hedabideek, gai sozialak baztertuz. Espainiar Estatuan, Sanchezen ondoren zer? Eta frantziar Estatuan, Macronen ondoren zer? Horiek ziren galdera zentralak. Eta Madrilen etxebizitzaren inguruko borroka sozialak agenda politiko osoa astindu duen modu berean, frantziar Estatuan ikasleen mugimenduak dena hankaz gora jarri du. Parisko periferiako lizeo batzuetatik abiaturiko matxinada berehala zabaldu da frantziar Estatu osora.

Borrokaldi berri honetan ez dago erakunde nagusirik, ez dago alderdi edo sindikaturik, beren burua antolatzen duten bigarren hezkuntzako taldeak dira matxinadaren zama daramatenak. Ikas zentroetako sarrerak oztopatzen dituzte eta informazioa zein borrokaldia sare sozialen bidez zabaltzen dute haien inguruan. 

Ikasleen matxinada espontaneoa, ustekabekoa eta bat-batekoa izan da, 2018ko udazkenean Txaleko Horien mugimendua sortu zen bezalaxekoa. Matxinada honen bidez institutuko gazteek, lehenik eta behin, existitzen direla adierazi nahi izan dute, beraien gaurko eta etorkizuneko bizitzak airean daudela adieraziz. Bozkatzeko eskubiderik ez izan arren, adinez txikiak baitira, borrokatzeko eskubidea dutela erakutsi diete alderdi politiko guztiei, beraiekin kontatu behar dutela azpimarratuz, beren arazoak konpontzeko subjektuak direla.

Ikasleen borrokaren prestigioa zapuzteko Black-Block gisa jantzita infiltratutako polizia probokatzaileak erabili ditu frantziar Estatuak bazter guztietan, sua pizteko, bazterrak nahasteko, irudia zikintzeko... 

Matxinadarako arrazoiak plazaratu dituzte, hala nola, klase gainkargatuak, ordezkatu gabeko irakasleak, eskola eraikin zaharkitu eta osasungaitzak... Etorkizun argirik ez duten gazte helduak direla azaldu dute eta horregatik borrokan daudela, inork ez baitie kasurik egin, haurrak bailiran. Salaketa horren atzean kritika sakonak daude. Funtsean, ustezko Estatu baten eskola-sistemaren salaketa osoa dago, berdintasun formal baten babesean, klase eta arraza pribilegioak eta diskriminazioak erreproduzitu eta mantendu besterik egiten ez dituen eskola eredua baita bizi dutena.

Ikasleen matxinaden historian, berria dena zera da, 2026ko udazkeneko matxinada hau ez dutela klase sozial ertaineko ikasleek bideratzen, baizik eta auzo herrikoietako lizeoetako ikasleek. Horregatik, blokeoen irudiek erakusten dute, matxinatzen ari diren bigarren hezkuntzako ikasleen artean, asko eta asko azal beltz edo beltzaranak direla, hori bai, guztiak naziotasun frantsesekoak dira, baina arlo sozialean baztertutakoak.

Bigarren hezkuntzako ikasleek beren ikasketa baldintzengatik kexatzeko arrazoi onak izan zitzaketela onartu arren, gobernariek eta hedabide konplizeek matxinada «LFI eta ultraezkerrari» egotzi die, ikasle mugimenduen autonomia ezkutatu eta bide errepresiboa justifikatzeko asmoz. 

Bigarren hezkuntzako ikasle borrokalarien erreakzio saihetsezinaren aurrean, frantziar Estatuaren aginduz poliziak ikasleak borratu, gaseatu, lurrean zapaldu, eskuburdinez lotu, zauritu, mutilatu eta atxilotu ditu... Ikasleen borrokaren prestigioa zapuzteko Black-Block gisa jantzita infiltratutako polizia probokatzaileak erabili ditu frantziar Estatuak bazter guztietan, sua pizteko, bazterrak nahasteko, irudia zikintzeko... 

2026ko udazkeneko frantziar Estatuko bigarren hezkuntzako ikasleen matxinada ezin da eskolako espaziora mugatu. Alde guztietatik gainezka egiten du. Matxinatuen belaunaldi berri honek borroka zahar eta moderno askoren ondarea biltzen eta handitzen duela dirudi

Errepresioa basatia eta masiboa izan da: astebetean 5.000 atxiloketa izan dira, ehunka pertsona zauritu dira. Ikasle batek eskua galdu du, beste batek begia... Errepresio gupidagabe eta neurrigabea da. 

Baina 2026ko udazkeneko frantziar Estatuko bigarren hezkuntzako ikasleen matxinada ezin da eskolako espaziora mugatu. Alde guztietatik gainezka egiten du. Matxinatuen belaunaldi berri honek borroka zahar eta moderno askoren ondarea biltzen eta handitzen duela dirudi. Antikapitalismotik antiarrazakeriara, antisexismotik antiautoritarismora, mundu osoko zapalduekiko elkartasunaren printzipioak. Jende askearen mugimendu sozial gisa indartzen ari da.

Mugimendu hasi berri honek, badirudi bere aurreko mugimenduen aztarnak daramatzala, diskurtso, metodo eta praktikak inspiratuz eta berrituz. Herri auzoetako matxinaden arteko nahasketa bat da, batez ere Nahelen hilketaren eta Txaleko Horien matxinadaren artekoa. Kolore nahasketa ederra ere bai, aurpegi irribarretsuak, talde solidarioak. Gazte horiek erakusten ari dira, egunez egun, amore eman gabe, ausardia eta erabakitasuna poliziaren errepresioaren aurrean, beren borrokaren justiziaren uste sendoak bakarrik susta dezakeela. Eredugarria, zalantzarik gabe.

Alessandre Stellak esaten duen moduan, borrokalari gazteek lezioa emango al diote zaharrei? Seguru baitez. Bide berriak irekiko dituzte botere ekonomiko, politiko, militar, mediatikoen erresuma pitzatuz. Ikasleak, irakasleak, azaleko teknikariak, langabeak, langile prekarioak, langile espezializatuak, artisauak, erretiratuak erakarriko dituzte? Denborak esango du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA