Koldo Tellitu Mejia.
Abokatua eta idazlea

Ikasleek Vucic garaitu dute. Nork izango du boterea orain?

2026ko azaroaren 8a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Vucicen aurkako hauteskunde garaipenak aro berri bat ireki du Serbian. Mobilizazio luzeen ondoren, ikasleek hauteskundeak irabazi dituzte. Baina garaipenak kontraesanak azaleratu ditu. Galdera nagusia da nork izango duen azken hitza: ikasleen plenum-ek ala herritarrek hautatutako parlamentariek?

Mugimenduaren indargune nagusietako bat antolaketa asanblearioa izan da. Unibertsitateetako plenum-etan eztabaidatu eta erabaki dituzte mobilizazioaren norabidea eta hautagaitzaren osaketa, buruzagitza iraunkorrak saihestuz. Ikasleen Hautagaitza bera ere asanblada horien eskutik sortu zen. Betorako mekanismoak ere ezarri zituzten. Horrek bestelako legitimazioa eman zion zerrendari.

Baina hautagaiak ez dira izan ikasleak: irakasleak, ekonomialariak, erakundeetako arduradun ohiak eta kulturako nahiz kirol arloko pertsona ezagunak daude tartean. Ezkerreko, liberal, kontserbadore eta nazionalisten arteko aldeak Vucic kentzeko helburuak estali zituen. Orain, ordea, gobernatzeak erabaki zehatzak eskatzen ditu, ekonomiari, gizarte politikari, Kosovori edo Europar Batasunarekin eta Errusiarekin izan beharreko harremanei buruz. Batasun elektoralak ez du proiektu bateraturik bermatzen.

Vucic garaitzea lortu dute. Orain, erronka sakonagoa dute: parte hartze zuzena eta ordezkaritza parlamentarioa uztartzea, bata bestearen ordezko bihurtu gabe

Ordezkarien kontrolari buruzko eztabaida ez da berria. Hautagaiek ikasleen programarekiko konpromisoa sinatu zuten, eta baldintza jakin batzuk urratuz gero dimisioa aurkeztutzat joko zela ere jaso zuten. Baina konpromiso politiko batek ez du berez diputatu baten agintaldia baliogabetzen. Plenum-ek hautagaitza osatzeko ahalmena izan zuten; hautetsiak nola kontrolatu, ordea, ez zuten behar bezala argitu.

Hor kokatzen dira Aleksandar Baucal diputatu hautatuaren adierazpenak. Haren esanetan, asanbladek ez lukete Estatuko erakundeen gainetik dagoen botere paralelo bihurtu behar. Ikasleen aurreko erantzukizun politikoa onartzen du, baina Parlamentuaren autonomia ere aldarrikatzen du. Ikasleek, berriz, plenum-ek jardunean jarraitu behar dutela diote.

Auziaren muina, beraz, ez da antolaketa hutsa: demokrazia ulertzeko bi modu daude jokoan. Demokrazia zuzenak parte hartzea, eztabaida kolektiboa eta ordezkarien gaineko kontrola indartu ditzake. Baina Serbia bezalako herrialde bat gobernatzeak galdera zailei erantzutea eskatzen du: nork parte hartzen du, nor ordezkatzen du, nola hartzen dira erabakiak eta zer berme dituzte ados ez daudenek?

Demokrazia parlamentarioak, berriz, gizartearen ordezkaritza eta erakundeen erantzukizuna antolatzeko bidea ematen du. Baina baditu arrisku ezagunak: politikaren profesionalizazioa, alderdien eskuetan boterea pilatzea eta hautetsien eta herritarren arteko distantzia handitzea. Ikasleen izenean hautatutako ordezkariak elite politiko berri bihurtzea ez litzateke mugimenduaren jatorrizko asmoekin bateragarria.

Horregatik, ezin da auzia asanbladen eta Parlamentuaren arteko lehia soilera mugatu. Plenum-ek mobilizazioa antolatu eta hautagaiak aukeratu zituzten; parlamentariek, aldiz, herritarren botoen bidez eskuratu dute ordezkaritza. Lehenengoen zilegitasun politikoa ezin da automatikoki gizarte osoaren ordezkaritzarekin parekatu. Baina bigarrenek ere ezin dute baztertu boterera eraman dituen mugimendua. Erronka parte hartzeko eta kontrol demokratikorako tresnak sortzea da.

Urriaren 29an, Ikasleen Hautagaitzako ordezkariek poliziaren, inteligentzia zerbitzuen eta justiziaren arduradunen dimisioak eta ustelkeria ikertzea eskatu zuten. Ana Brnabicek plenum-ek Konstituzioa ordezkatu nahi dutela salatu zuen. Salaketa politiko hori ez da botere paralelo baten froga, baina kaleko presioaren eta erakundeen eskumenen arteko muga zehazteko premia erakusten du.

Vucic garaitzea lortu dute. Orain, erronka sakonagoa dute: parte hartze zuzena eta ordezkaritza parlamentarioa uztartzea, bata bestearen ordezko bihurtu gabe. Serbian ez dago jokoan soilik nork gobernatuko duen, baizik eta boterea nola antolatuko den eta noren mesedetan erabiliko den.
 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA