EHNE-Nafarroako Idazkari Nagusia

Ilargia aurrean, eta hatzari so

Felipe Etxetxikia Juanbeltz
2026ko urriaren 20a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Behinola Konfuziok esandakoak gaurko egoerarekin bat egiten du. Gerrak, heriotzak, genozidioak eta munduko ekonomia dardarka, kolokan. Ankerkeria hau guztia nork ekarri du? Zergatik eragin du? Argi dago krisi ekonomiko honek sektore eta munduko ia biztanle guztiei eragiten diela.

Krisi hau gehien pairatzen ari denetako bat lehen sektorea dugu, gasolioaren eta mineralen prezioen igoeraren ondorioz, eta ezin ahaztu aurkako beste hainbat faktore, hala nola lurren alokairuaren kostua, gure produktuen prezio eskasa edo klima aldaketa.

Ezin dugu dirua galduz lan egin, eta kostu igoera hori guztia gure produktuen prezioan jasanaraztea ia ezinezkoa denez, berriz ere laguntzak eskatzea dagokigu. Baina, egoerak okerrera egingo balu eta gasolioa bost eurotara igoko balitz? Lau eurotarainoko laguntzak eskatu beharko al genituzke?

Inbertsio funtsak, Kalean odola dagoenean, jabetzak erosi leloari jarraituz ari dira. Talde handi hauek etengabe nekazaritza lurrak han-hemenka erosiz elikagai ekoizpenaren monopolioa bereganatu nahi dute, eta gure eguneroko jatekoen erosketa saskia haien negozio bihurtu. Egoera hau mundu mailan zabaltzen ari dira gainera, hauentzat ez dago mugarik.

Etxebizitzarekin eta beste edozein ekoizpen sektorerekin gertatzen ari denarekiko parekotasun zuzena ikusten diogu nekazaritzari, eta askotan mugak jartzeko prest ez dauden gobernuen konplizitatea dute.

Ez al genuke gainerako gizartearekin bat egin beharko gerraren eta inperialismoaren aurkako mezu askoz ozen eta zabalago batean, hondamendi hau eragiten ari direnak zein diren azpimarratuz?

Gainera sare sozialak eta informazioa maneiatzen dituzte, albistea zein den erabakiz, eta komeni bazaie kaleetara bultzatuko gaituzte, dirulaguntza gehixeago eskatzera eta bidenabar tokian tokiko gobernua estutzeko erabiliko gaituzte.

Hala ere, ekonomia al da benetan garrantzitsuena? Ormuzko itsasartea blokeatuta dagoelako mineralak eta petrolioa mugagabe gora ari direla, hori al da garrantzitsuena? Ia egunero jendez betetako etxeak eta hiriak bonbardatzen eta suntsitzen ari direla, ez ote da garrantzitsuagoa, salagarriagoa?

Zilegi eta zuzena al da gasolioarentzako laguntzak eskatzera irtetea, munduko leku askotan inolako errukirik gabe jendea hiltzen ari direnean? Ba al dugu egoeran honetan gizartearen babesik?

Ez al genuke gainerako gizartearekin bat egin beharko gerraren eta inperialismoaren aurkako mezu askoz ozen eta zabalago batean, hondamendi hau eragiten ari direnak zein diren azpimarratuz?

Beldurraren estrategia asko zabaldu ote dute gu erabat deuseztatu arte? Elkartasuna eta besteekiko begirunea ere lapurtu al digute? Hausnarketa batzuk besterik ez dira, baina ez gaitezen behinik behin inozoak izan, begira diezaiogun ilargiari.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA