'Imagine'

2026ko uztailaren 16a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Javier Gurrutxagak John Lennonen Imagine abestiaren bertsio berezia grabatu du, Joserra Senperenaren moldaketa batez, Saharar herriaren aldeko kantak Juan Soroetak gidatzen duen egitasmoan. Hunkigarria. Youtuben dago ikusgai. Gurrutxaga donostiarra da, alde zaharrekoa. Ikaskide izan nuen kontserbatorioan saxofoi eskoletan. Gustuko izan edo ez, inor gutxik egingo du zalantza artista handi eta osoa dela. Eta inork gutxik irudikatuko du txistularien familia batetik datorkiola musika sena: iriartetarrak. Galo birraitona, aitona Demetrio, Higinio eta Demetrio osabak, amaren anaiak, txistulari famatuak izan ziren. Gurasoen ezkontzaren urrezko ezteien ospakuntzan, bazkalondora txistulariok eraman gintuen haien gozagarri. Txistu-danbolinen ezpalek askorako ematen dute. 2027an ehun urte beteko dira Euskal Herriko Txistularien Elkartea sortu zenetik. Orduan inork ez zuen imajinatzen honaino iritsiko ginatekeenik.

Imagine. Irudikatu, alegia. Inork uste izango du irudikatzeak ez duela ezertarako balio. Edo bai. Horrelako asmo ederren abestia osatu ondoren, John Lennon akabatu zutenean, hark utzitako diruak zirela eta banatu beharra zegoela, Yoko Onok eta Julian lehen emaztearen semeak liskar handi samarra izan zuten auzitegian. Geroago, abestiarekin gogoratu nonbait, eta akordioa lortu zuten. Poesia, literatura eta artearen arlo guztiak irudikatze ariketak dira. Zoritxarrez, batzuei onerako eta beste batzuei txikizioak eragiteko eta gupidarik gabeko gerrak abiatzeko balio izan diete.

Imagine. Alabaren etxean obra batzuk egin dituzte eta pareta bat botatzean egunkari zahar bat agertu da, 1973koa. Orri baten lerroburua (gaztelaniaz noski) hau zen: Israelek Gaza bonbardatu du eta 200 palestinar hil. Bart arratsaldekoa ematen du. Sionismoaren sortzaile nagusi, Theodor Herzl-ek hau idatzi zuen berak irudikatutako juduen estatuari buruz: «Ez da esan beharrik ere beste erlijioetako jendeak errespetuz onartu behar ditugula eta euren propietate, ohore eta askatasuna babestu neurri zorrotzenez. Mundu osoari honetan ere eredu bikaina erakutsi behar diogu». Ez diote, ba, kasu handirik egin. Hemen ere ezagutu genuen antzekorik, abertzaletasunaren sortzaileek ziotena eta ETAk egindakoa konparatuz gero, ez gara ongi geratzen.

Imagine. Irudikatu gerra zer den. Eduardo Sacherik ¿QuĂ© quedarĂ¡ de nosotros? (Zer geratuko da gutaz?) eleberri dotorean honela irudikatzen du: «Tipo batzuek zerbait nahi dute. Beste batzuek horixe bera nahi. Topatu egiten dira elkar akabatzeko. Hildakoak akabatu dituztenak gerraren irabazleak izango dira eta eurak geratuko dira batzuek eta besteek nahi zuten horrekin». Horren sinple izanagatik, gerrak sortzen dira orduero non-nahi.

Imagine. Irudikatu Venezuelako azken lurrikarak zenbaterainoko kalte txikiagoa egingo zukeen, ez balitz atorrante zikin askok urteetan egindako lapurretengatik, jakineko arrisku sismiko handia duen lurraldean ezagunak ziren neurriak kontuan hartu izan balituzte etxe berriak eraikitzerakoan eta zaharrak berritzera egin izan balute. Haiek nahiago izan zuten euren poltsikoak ongi beteta irudikatzea, horretarako hilerriak bete behar baziren ere.

'Imagine'. Iritsiko dela euskararen arazoen kontura, euskararen herrian, lerde gaiztoa darien pertsonen kopurua zero izango den garaia

Imagine. Irudikatu, Espainiako estatuan bizitzen ari garen justizia (barkatu barre murritza) delakoaren saltsa nahaste-borrasteroa, botere handiek sortua izan dela, eta bost inporta zaiela gehienok horretaz konturatzea. Areago, nahi dutela konturatzea eta jabetzea benetan zeinek agintzen duen. Dena lotuta eta ongi lotuta baitzegoen eta baitago. Irudikatu, ba, zer datorren horiek botere politikora iristen badira. Pasaportea prest mesanotxean.

Imagine. Irudikatu Donostiako Hamabostaldi Musikalean, Kursaaleko kontzertu handietan, inoiz emakume zuzendaria kontratatuko dutela.

Imagine. Noizbait Irun eta Hondarribiko herritar guztiek eskubide berberak izango dituztela euren festetan natural parte hartzeko.

Imagine. Iritsiko dela euskararen arazoen kontura, euskararen herrian, lerde gaiztoa darien pertsonen kopurua zero izango den garaia.

Imagine. Gutxienez, amets gozoak izateko balioko digu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA