Irailaren 11 batean idatzi dut testua, Kataluniako Diada ospatzen ari den bitartean. Gaur jakin dut 1901ean independentista talde bat atxilotu zutela «Visca Catalunya i mori Espanya» oihukatzeagatik (Gora Katalunia eta hil bedi Espainia), eta horregatik ari dira gaur ospatzen lehenengo Diada aldarrikatzailearen 125. urteurrena.
Oihuka ari zirela, zer zeukaten oroimenean 1901eko irailaren 11 hartako taldekide horiek? 1714ko irailaren 11n, ondorengotza gerra galdu zen, Bartzelona, setio gogor baten ostean, errenditu zen egunean. Begiratu dut Wikipedian nola izan ziren zehazki gertaerok. Antza denez, hainbat orduz borrokan aritu ondoren, su-etena hasi zen, eta 24 orduz kapitulazioa negoziatzen jardun zuten. Azkenean, irailaren 12ko arratsaldean adostu zuten. Kataluniako eta Mallorcako foruei eusteko aurkeztutako eskaera guztiak baztertu zituen Berwickek, eta setiatuei bizia eta askatasuna baino ez zitzaizkien bermatu. 1714ko irailaren 13an, tropek Bartzelona okupatu zuten.
Irailaren 15ean, Bartzelonako Consell de Cent indargabetu zuten, eta haren artxiboak, eskribautzak eta gordailu-kutxak itxi eta zigilatu zituzten. Biharamunean, 1714ko irailaren 16an, José Patiño intendente filipistak Kataluniako Generalitatea indargabetzeko dekretua irakurri zuen haren egoitzan: uzteko, alegia, Madrilgo gortearen eskuetan kataluniarren etxeko giltzak eta paperak.
Handik gutxira, Kataluniako konstituzioen aleak konfiskatu eta erre zituzten, langileak bota, eta sistema konstituzional osoa indargabetutzat jo zuten. Horrela, okupazio militarreko aldi bat hasi zen, Kataluniako kapitain jeneral borboitarraren administraziopean, Gaztelako Kontseiluak konkistatu berri zuten lurraldearekin zer egin erabaki zain.
Nire ustez, setio hura, kapitulazio hura, Kataluniako konstituzio alez piztutako sute hura Espainiako nazio-estatu modernoa izango denaren lehenengo saiakera arrakastatsua izan zen: orduko hartan, Borboien monarkia absolutistaren forma hartu zuen. Lehenengo urrats arrakastatsua, baina ez azkena. Hego Euskal Herrian, geroago galduko zituzten foruak. Estatu «moderno-arrakastatsu-batua» helmuga duen ibilbidea luzea izaten ari da, eta esango nuke ez dela guztiz bukatu. Alde horretatik, Espainiako historia nahiko gorabeheratsua izan da, eta haiek nahi baino gehiagotan, inposizioaren josturak agerian geratu dira.
Bide horretan, gaur egungo gure kultura garaikidean, arrakasta nazional bezala kontatu beharko genuke, akaso, batailatxo bat irabaztea bezala zenbatu beharko genuke, alegia, Mundial bat irabaztea (baina, Cira, ez dute esaten futbola eta politika ez direla nahastu behar?), eta uda honetan Espainiak bigarren aldiz irabazi du futbolean.
Nahiz eta askotan esan diguten ez dela mugarik jarri behar, adibidez, Kataluniaren eta Espainiaren artean, hemen guztiok munduko herritarrak garelako, ikasi dugu beraien mugetara iritsi direnean haserretu eta urduritu egiten direla, eta ez dituztela kendu nahi
Baina Espainia «moderno-arrakastatsu-batuaren» ibilbide hartan, uda honetan ez dira berri guztiak onak izan. Horren guztiaren erdian, Mundialeko mozkorralditik ia suspertzeko astirik gabe, ikur nazionalei esanahi berriak ematen guztiz amaitu gabe, eta kamiseta gorria oraindik garbitu gabe, Ceutara iritsi omen dira Marokoko erregearen meneko asko. Egunkarietan diote hiri-autonomo-gotor-militar horren konkista slow moduko baten saiakera izan dela. Nazio-arteko jokoak, badakizue... (bide batez, joko madarikatu horietan, beti galtzen dute bizitza zaurgarrienek).
Gauzak horrela, zer eta besteak beste espainiar ezkertiar askoak beren nazioaren mugen defentsa sutsua egiten aurkitu ditugu (sutsua esaten dudanean, Twitterretik sutsua esan nahi dut). Eta, nahiz eta askotan esan diguten mugak ez direla hain garrantzitsuak, edo ez dela mugarik jarri behar, adibidez, Kataluniaren eta Espainiaren artean, hemen guztiok munduko herritarrak garelako, ikasi dugu beraien mugetara iritsi direnean haserretu eta urduritu egiten direla, eta ez dituztela kendu nahi.
Adibidez, Ramon Espinarri, Real Madrilen jarraitzaileari (Cira, ez nahastu futbola eta politika, mesedez...), La Rojak daukan kutsu antifaxistaz maitemindutako futbolzaleari, Podemos-Mas Madrid mundu berezi horren inguruko aurpegi ezaguna bera, horri buruzko txio hau irakurri nion: «Ezkerrak ez du berea nazionalismoa; patriotismoa bai, ordea. [...] Ez dugu ezer bizimodua ateratzera etortzen denaren kontra. Hori bai, gure mugak eta gure Herrialdea defendatu behar ditugu».
Ramon madrildarrak beste Ramon bat gogorarazi zidan, Ramon Grosfoguel. Bera Puerto Ricoko pentsalaria da, eta ezkertiarra, eta ematen du ondo identifikatzen dituela Espainiako ezkerraren jarrerak. Pasa den udazkenean, Jakin webgunerako hari elkarrizketa bat egiteko aukera izan nuen eta han esan zidan: «Kontuan izan behar da jende hori, Espainiako ezkerra, inperioaren aurpegi atsegina dela. Jende hori inperioa da eta batasunaren alde daude. Antiinperialista yankiak, baina inperialista espainiarrak».
Honen adibide dira beti irailak 11 dituen egunak. Espainiako ezkerraren klub hautatuan sartu nahi baduzue, datozen irailaren 11etan, batez ere, Allende gogoratu behar duzue (oso antiinperialista yankiak izan behar baituzue), eta pixka bat New Yorkeko irailaren 11, nahi baduzue (gaiaren azterketa sakon batekin, ahal bada), baina ez inoiz, ez inoiz aipatu Kataluniako askatasun kolektiboen galera, bestela zuen Estatu-nazioaren inposiziozko jostunak ikusiko dira.
(Bide batez, abisu denoi: EHUk eta Nabarraldek antolatu duen jardunaldian parte hartuko du Ramon Grosfoguelek: Dekolonialismoa Euskal Herrian. Urriaren 22an da).