Inpunitatea Guatemalan, berriro ez

Fatima Amezkua
2013ko ekainaren 5a
00:00
Entzun
Luzea izan zen eguna. Mendian hainbat ordutan ibili ostean, iritsiak ginen komunitatera, elkarlanean garatzen ari ginen proiektuaren inguruko bilera bat egiteko asmoz. Lanean gogotik aritu ostean, eta, izarren babespean, iritsia zitzaigun atseden hartzeko ordua. Oheratzear nengoela, inoiz aritu ez bezala hasi zitzaidan hizketan on Manuel, gaua argitzen zuen suari begira zuela galdua soa.

«Honelakoxe gau batean izan zen», esan zuen, «auzolana antolatzen ibiliak ginen, elkarren artean biltzeko uzta, eta, orduan, mutiko bat iritsi zen, leher eginda, muinoaz bestaldeko komunitatetik. 'Egin ihes!', esan zigun oihuka, 'komunitatea suntsitu dute militarrek, ez da inor gelditzen. Bortxatu egin dituzte emakumeak, neskatoak zein adinekoak. Tiro batez garbitu dituzte gizonak, eta beraiei eginarazitako hobietan lurperatu. Kolpeka hil dituzte haur txikiak... Egin ihes!'. Korrika alde egin genuen ezkutatzera, mendialderantz, jantzitakoa baino ez generamala soinean. Eta urte askoren ondoren baino ez ginen itzuli ahal izan geure etxera. Baldintza gizagabeetan iraun genuen bizirik, beti sarraski gehiagoren berriak zetozkigula, eta pertsona desagertuei buruzkoak…».

Lur suntsitua zeritzon politikaren garai latzean gertatu zen. Banuen egintza haien berri. Urte batzuk lehenago, izu-ikaraz irakurriak nituen Guatemalako barne gatazka armatuan bizirik iraundako hainbaten lekukotasunak, Informe de la Comisión para el Esclarecimiento Histórico, Verdad y Justicia en Guatemala izenekoan jasotakoak (Guatemalan Argibide Historikoak, Egia eta Justizia Lortzeko Batzordearen Txostena). Hala ere, biztanle indigenekin batean bizi izan nintzenez eta haietako askorenganako txera eta konfiantza nuenez, lehen pertsonan egindako kontakizun hark oinaze sakona eragin zidan, eta ezintasun sentipen ikaragarria; are gehiago, jakinda genozidio halakoaren eragileak ez zituztela artean ez epaitu eta ez —are gutxiago— kondenatu. Guatemalan ezagutu nituen pertsona haietako gehienek bazuten indarkeria hura zela-eta eraila edo desagerrarazia zioten senitartekoren bat.

Hilabeteotan, diktadore izandako Efrain Rios Montt jeneralaren epaiketa historikoaren nondik norakoei erreparatu diet hemendik —urterik latzenetan agindu zuen, 1982an eta 1983an —, eta aipatu berri dudan kontakizun horren antzeko lekukotasun asko etorri zaizkit gogora. Hildakoen, desagertutakoen eta indarkeria garai hartan bizirik iraun zutenen eta haien senideen duintasunaren izenean, ezinago garrantzitsua zen onartzea eta aitortzea genozidio bat izan zela, eta, gutxien-gutxienez, haren errudunik handienetako bat epaitzea. Aurten, maiatzaren 10ean, negar malkotan hasteraino hunkiarazi gintuen sententzia jakiteak, 80 urteko kartzela zigorra betetzera kondenatu baitzuten diktadore izandakoa, Rios Montt, genozidioa eta gizateriaren kontrako krimenak eragiteagatik. Hala ere, albiste gazi-gozoa izan zen, handik hamar egunera zigorra baliogabetu egin zutela iragarri baitzuten, epaiketaren azken egunak baliogabekotzat jota. Eta orkestra lan haren guztiaren buru, Guatemalako oligarkia eta armada. Berriro egin beharko dute epaiketa. Gatazkan bizirik iraundako biktima askok berriro eman beharko dute lekukotasuna, eta hemen ere erne segituko dugu, Guatemalako genozidioa ahanzturan gal ez dadin. Sandino Asturiasen hitzetan, «iraganeko inpunitatea konpondu ezean, orainean ezartzen da inpunitatea». Guatemalako neba eta ahizpa indigenei, Egiaren eta Giza Eskubideen aldekoei, ez daudenei, eta lurraren eta lurraldearen eskubidea aldeztearren botere ekonomikoei aurpegi emanez egunero borrokan segitzen dutenei begirunea eta miresmena zor diedanez, ageri duten kemenagatik esker oneko natzaie guzti-guztiei, eta aurrera segitzeko eskatzen diet. Justiziaren eta egiaren izenean: Guatemala, berriro ez.

(Erredakzioan itzulia)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.