Bigarren Hezkuntzako irakasleak

Irakasleon lan baldintzen gatazkari konponbidea emateko garaia da!

Ander Tarragona, Oihana Muxika eta Ibai Redondo
2025eko maiatzaren 6a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Urtarrilaren 22an abiatu genuen Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hezkuntza publikoko irakasleen greba dinamika, eta orduz geroztik, bederatzi greba egun eta hamaika mobilizazio burutu ditugu, zein baino zein arrakastatsuagoak.

Ikasturtea azken urteetako neke, zama eta haserrearekin hasi genuen, lehertzear doan eltzearen pare. Izan ere, amaigabeak dira kafearen bueltan lankideekin partekatutako frustrazio saioak: gero eta anitzagoak diren ikasleen ongizatea bilatzeko dugun baliabide eta denbora faltagatik, metodologia berrien bidez (eremuka esaterako) lan egiten hasi behar izan dugulako prestakuntza egokirik gabe, gero eta handiagoa den lan zamagatik, lan burokratikoa handitzearen ondorioz, ikasleen euskara maila kaskarra dela eta, osasun-azterketa soil bat egiteko ezintasunagatik...

Eta ezinegon hori langileon gehiengo zabala osatzen duten sindikatuek abenduaren erdialdean iragarritako lau eguneko greba zikloaren bidez bideratu zen, lehertzear dagoen eltzeak segurtasun-balbula baliatzen duen gisan. Baldintza guztiak mahai gainean zeuden etortzear zen mobilizazio erauntsirako.

Greba dinamikak aurrera egin ahala, irakasleen babesak bere horri eutsi dio, eta apirilaren 2an, bederatzigarren greba egunean, aurreikuspen guztiak gainditu zituen Lakua aurreko argazkiak: milaka irakasle lan hitzarmen duin baten alde borrokan jarraitzeko indarrez. Tamalez, Hezkuntza Sailak ez dio neurri berean erantzun irakasleon aldarrikapenei; erakutsitako indar hori, baina, ezin da zehaztasunik gabeko negoziazio amaigabeekin desbideratu, eta Begoña Pedrosa sailburuak ezin dio ez ikusiarena egin irakasleon eskaerei. Ez gara esateaz nekatuko, irakasleon lan baldintzak hobetu eta baliabideak handitzeak bete-betean eragiten dio hezkuntza publikoaren kalitateari eta, ondorioz, ikasle eta familiek merezi duten ikasketa prozesu duin bati.

Ikasleez ari garela, lerrootara ekarri nahi genuke Begoña Pedrosa sailburuak martxoaren 30ean prentsara bidalitako artikuluaren pasarte bat: «Hezkuntza publikoa indartu nahi badugu, akordio arduratsu eta eraginkorrak lortu behar ditugu eta funtsezkoa da alderdi guztiek benetan garrantzitsua dena erdigunean jartzea: sistema hobetzea, ikasleak zaintzea eta kalitatezko hezkuntza-zerbitzua bermatzea». Bada, arestian aipatu bezala, sistema hobetzeko irakasleon lan baldintzak hobetzea eta baliabidez hornitzea ezinbestekoa da, horrek zuzenean eragiten baitio hezkuntza kalitateari; finean, hezkuntza publikoa indartu behar da.

Azkenik, ikasleen zaintzaren aipuari helduz eta Bigarren Hezkuntzako irakasleak izanik, sekulako ardura dugu batxilergoko bigarren mailako ikasleen egoeragatik; izan ere, azken azterketak bertan ditugu, eta horietako askok ikasturte osoko lana dute jokoan. Hamaika aukera izan arren, ulergaitza egiten zaigu Hezkuntza Sailak negoziazioa horrenbeste luzatu eta irakasle eta familiak ziurgabetasun egoera honetaraino ekarri izana.

Horregatik guztiagatik, eskaera argi bat egin nahi diogu sailari: irakasleon lan baldintzak hobetuko dituen akordio arautzaile berria aste honetan sinatzeko sindikatuekin adostasun batera iristea. Horretarako, ordea, negoziazio zintzo eta emankorra proposatu behar die irakasleon gehiengoak babesten dituen sindikatuei.

Borondatea badago, posible beharko luke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.